Gasteiz 'Juncal Ballestín' plazarekin hasiko da aitortzen hiriko historian emakumeek izan duten garantiza

2023ko urtarrilaren 20an argitaratua

Lehen fasean, 9 aukeratuen artetik hiriko lehen eremu publikoa da.

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

“Juncal Ballestin” plazak, gaur goizetik, bere makulua du ikusgai Artium museoaren sarreran. Kaleak, plazak eta beste eremuak berreskuratzeko lehen fasean, 9 aukeratuen artetik hiriko lehen eremu publikoa daEmakumeek hiriaren eraikuntzan egin duten lana aitortzea eta ikusaraztea du helburu, modu sistematikoan isilarazi izan baita. Montehermosoko markesa eta Fournierreko emakume kartagileak dira Gasteizen aitorpena merezi duten hurrengo emakumeak.

Gorka Urtaran alkateak honako hau nabarmendu du: “udal kale-izendegian emakumeen ordezkagarritasun baxua genero-desberdintasunaren adierazlea da, emakumeek bizitza publikoan izan duten egitekoaren aitorpen-faltaren ondorio. Hori dela eta, gure hiriaren aurrerabideari eta Gasteiz hobea eraikitzeari egiten dioten ekarpenaren balioa azpimarratu nahi dugu. Gure historiari adi begiratuz gero, agerian geratzen da mota guztietako emakumez josita dagoela, eta gure ingurunea hobetzen eta gure kultura handitzen lagundu zutela. Horregatik guztiagatik, kasu askotan, bidegabeko ondorioak ordaindu zituzten eta indarkeriaren biktima izan ziren”.

 

Juncal Ballestín: aitorpenik handiena jaso zuen artista

Juncal Ballestín aitorpenik handiena jaso duen Gasteizko artista da. Otazuko estudioan artelan ugari sortu zituen. Horiek arteen munduan errekonozimendu handia eman zioten, eta nazioko eta nazioarteko galeria askotan erakutsi zituen. Bere ondarearen zati handi bat Artium Museoan gordetzen da eta museo honekin lotura izan duten ikertzaile eta arte-profesionalek bere izena proposatu dute zentro artistiko honen aurrean dagoen plaza berriz izendatzeko. Gainera, bere ondarearen zati handi bat Anesvad GKE-ari eman zion dohaintzan artistak.

Artistek, langileek, babesleek eta hiriaren historiako une jakin batzuetan hainbat arlotan aitzindari izan diren emakumeek, horrela, Gasteizko kale-izendegian lekua berreskuratu dute, orain arte gizonen presentzia sinbolikorako gorde dena. Gorka Urtaran alkateak, Miren Fernández de Landa Berdintasun zinegotziak eta Isabel Mellén eta Virginia López de Maturana historialariek hiriko lehen guneen eta gogoratuko dituzten emakumeen izenen proposamena aurkeztu zuten bere garaian.

Juncal Ballestín, María Pilar de Acedo eta Sarriá Montehermosoko markesa, Fournierreko emakume kartagileak, María Sarmiento, Blanca de Silos, María Concepción López de Arroyabe, Basilia Tarrios, Teresa Sánchez de Bilbao eta Daría Imbert dira hiriko espazio, plaza eta kaleei izena emango dieten lehen emakumeak, arian-arian emakumeen izenak sartzeari zabalik jarraituko duen prozesuan.

Artiumeko plaza, Corte Inglesen aurrean dagoena, Musika Kontserbatorioko lorategiak, Hebillaseko azokaren aurreko lorategi-gunea, San Martingo udal-bulegoen eraikineko ekitaldi-aretoa, Karmengo plaza eta Aranbizkarra, Arana eta Lakuako parkeak dira genero-arrakala murrizteko proiektu honen lehen hiri-espazioak. 

Emakume kartagileak eta Montehermosoko markesa

Emakume kartagileek, liburu eta erakusketen bidez berriki aldarrikatutako emakumeen kolektiboak, Heraclio Fournier Karta Fabrikako langileei egiten diete erreferentzia, beren lanarekin familiak aurrera atera eta hiriaren izena mundu osoan zehar eraman baitzuten karta-sorten bidez. Emakume langileen ordezkari gisa, Hebillaseko merkatuaren aurrean dagoen lorategi-eremua da kolektibo horren izena eramateko lekurik egokiena, garai bateko Fournier fabriketako batetik gertu baitago, eta kokagune horretatik ez oso urrun.

Gasteizek zor historikoa du María Pilar de Acedo y Sarriá, Montehermosoko markesarekin; izan ere, gure hiriko pertsonaia historiko garrantzitsuenetako bat da. XIX. mendean bere garaiko emakumeei bidea ireki zien eta botere-maila handiak lortu zituen patriarkatuaren presioengatik emakumeentzat zaila zen une batean; arteen defendatzaile handia izan zen, poeta, musika eta margolaria, eta, gainera, eragin erabakigarria izan zuen Independentzia Gerran izandako gertakarietan. Musikarekin eta arteekin zerikusia duen alderdiagatik bereziki, uste dugu Kontserbatorioko Lorategiak direla horretarako kokaleku egokienak. 

Udalak, Udal Gobernuaren konpromisoagatik eta osoko bilkuraren aginduz, hiriko kale-izendegian dagoen genero-arrakala murrizteko prozesuari ekin zion legegintzaldi honetan. Proposamenak biltzeko, lantalde bat sortu zen, eta, gainera, Isabel Mellén eta Virginia López de Maturana historialariekin harremanetan jarri ziren, beste kontsulta eta dokumentazio-lan batzuen artean.

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.