Gasteizko Napoleonen ibilbidea - Turismoa Gasteizen

Batalla de Vitoria

Historia gogorarazi eta Gasteiz napoleondarreko eszenatokiak eta pertsonaiak ezagutzeko gonbit egiten dizugu. 7.000 biztanle eskaseko hiri txiki honek Erdi Aroko hiri zaharra neoklasikorako jauzia egitera bultzatu zuen elite ilustratu bat zuen buru. Independentziako Gerrak zabalkunde fisiko eta kultural hori eten eta Europa osoan zehar eman zuen ezagutzera, inguruetan gudatu zen bataila garrantzitsuari esker.

Historian zehar ibilbidea

Informazio gehiago

Jarraitu Napoleonen urratsei

Udaletxea eta Espainia plaza.

Frantsesek hiria okupatu zutenean, Olaguibel arkitektoak eraiki berria zuen Plaza Berri neoklasikoa. Iparraldeko aldean Udaletxea dago, non 1808an Fernando VII.ak hartu zuen ostatu, Baionara bidean. Egunero, arratsaldeko seietan, bertako erlojuaren kanpaiek Beethovenek 1813an konposatu zuen "Wellingtonen Garaipena" sinfoniako notak jotzen dituzte.

Arkupeak

Olaguibelenak hauek ere, hirigintza ilustratuaren adibide bikaina dira. Muino baten gainean eraikitako Erdi Aroko hiria eta lautadako zabalkunde berria lotzen dituzte, plataforma eta eremu publikoen bitartez. Eszenatoki horretan bertan, Fernando VII.a Baionara zeraman gurdiko bridak moztu zituzten gasteiztarrek 1808ko apirilaren 19an. Bertan izendatu zuen Napoleonek Jose anaia Espainiako errege.

Batailaren Monumentua

Andre Maria Zuriaren plazaren erdian dago, Gasteizko Bataila ospatzen du eta horretan esku hartu zuten pertsonai garrantzitsuenak irudikatuta daude bertan. Gabriel Borrás eskultore valentziarrak egin zuen harri eta brontzezko monumentu hau eta 1917an inauguratu zen, batailaren lehen mendeurrena zela-eta.

Montehermoso Jauregia

XVI. mendean eraikitako hau, Montehermosoko markesen jabetzakoa izan zen. Lehenengoz, 1808ko uztailean hartu zuen Jose I.ak ostatu eta haren jabea zen Pilar Acedo andrearekin maitemindu zen. 1808ko urrian erosi zuen, bi milioi errealetan. Jose erregearen Gortearen egoitza izan zen jauregia, okupazioaren hainbat unetan. Napoleón 1808ko azaroan elkarrizketatu zen anaiarekin jauregi honetan.

Eskoriatza Eskibel Jauregia

XVI. mendean eraikitako hau Errenazimenduko euskal arkitektura zibilaren adibiderik onenetarikoa da. Ilustrazioaren ideiak Euskal Herrira ekarri zituen Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen egoitza izan zen. Haren egitekoa funtsezkoa izan zen garaiko gizartean. Frantsesen okupazioan zehar, hainbat erabilera izan zituen jauregiak: ospitale militarra, espetxea, ukuilua eta jendarmeriaren kuartela.

Etxanobetarren Etxea

1805ean Manuel de Echanove ingeniariak eraiki zuen eraikin soil hau, hiru euskal probintziek eduki zuten eta frantsesek 1810ean Matxitxako Lurmuturraren Prefektura izenpean sortu zuten baterako lehen administrazioaren egoitza izan zen. Etxe honetan, orobat, Jourdan mariskalak hartu zuen ostatu Gasteizko Batailaren bezperan, sukarrak jota zegoela.

Alamedako Markesaren Jauregia

Lehen markesak 1735. urtean eraikitako jauregi barrokoa. Horren oinordekoetako bat, Ramón Mª de Urbina, ilustratua bera, Arabako diputatu nagusia eta hiriko alkatea izan zen hainbatetan. Plaza Berriaren eta Arkupeen multzoa bultzatu zuen, Erdi Aroko hiria hiri ilustratu bilakatuz. Etxe honetatik Humboldt edo Jovellanos bezalako pertsonai ilustratuak pasatu ziren.

Álava-Eskibel Jauregia

XV. mendeko jauregi honetan jaio eta bizi izan zen Miguel Ricardo de Álava y Esquível, Alava jenerala, funtsezko pertsonai historikoa historiako epealdi hau ulertzeko. Jauregiaren fatxadak (Zapatari kalea) jatorrizko egoerari eutsi dio, baina mendebaldekoan (Errementari kalea) berrikuntza-lan sakona egin zen XIX. mendean. Fatxada honetan 1782. urtean ontzi ingeles batean harrapatutako erloju bat ikus dezakegu.

Arabako Foru Aldundia

Independentziako Gerraren ostean eraiki zen jauregi neoklasiko hau, 1833 eta 1858 bitartean, hain zuzen ere. Lehenago, San Frantzisko komentu desagertuan, okupazioan zehar ospitale izan zenean, biltzen ziren Arabako Batzar Nagusiak. Fatxada nagusiaren eskuinaldean Alava jeneralaren estatua ikus daiteke, Arabako diputatu nagusi izendatu baitzuten 1812ko azaroan.

Arma Museoa

Arma historikoen bilduma interesgarria gordetzen du eta Gasteizko Batailari buruzko ezinbesteko informazioa dago bertan: maketak, armak, uniformeak, planoak, etab. Pieza bitxiak daude, eta tartean, Jose I.aren pistola-zorroa edo Wellingtonen te-jokoa. Duela gutxi, Gasteizko hiriak Alava jeneralari arpilatzetik salbatu izanagatik oparitu zion ezpata ere gehitu da.

Napoleonen Etxea

Etxezarra izeneko etxe honetan Napoleonek lo egin zuen 1808ko azaroaren 5etik 9ra, Bailengo batailaren ostean, Jose anaia laguntzera joan behar izan zuenean. Bertan antolatu zuen, bere Estatu Nagusiarekin batera, galdutako boterea berreskuratzeko estrategia. Balkoietako batean Napoleonen erretratua dago eta fatxadan honako inskripzioa hau: "Hic Napoleón I Imperator habitavit anno MDCCCVIII".

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.