Ibilbidea Historian zehar - Ibilbide napoleonikoa - Turismoa Vitoria-Gasteizen

Turismo - Recreación batalla de Vitoria

Wellingtonen Garaipena

1813ko ekainaren 21ean Independentziako Gerrako batailarik erabakigarrienetako bat gudatu zen. Wellington dukea eta Alava jenerala buru zituzten tropa aliatuek Jose Bonapartek berak eta Jourdan mariskalak gidatutako tropa frantsesak garaitu zituzten, eta ondorioz, behin betiko kanporatu zituzten Iberiar penintsulatik. Hain garrantzitsua izan zen bataila, ezen uneko Europa asaldatuan, Beethovenek berak "Wellingtonen Garaipena" (opus 91) izeneko sinfonia konposatu baitzuen hura ospatzeko.

Jose erregearen ekipajea

Perez Galdosen "Episodios Nacionales" delakoetako baten izenburua da honako hau, eta frantsesei Gasteizko Batailan harrapatutako ondasun-kopuru erraldoiari buruzkoa da. Jose I.a buru zuela, Madrildik iheska zetorren gorte osoa, beraiekin bitxi, urre, eta artelan ugari zeramatzatela. Milaka gurdi gelditu ziren lokatzetan Iruñerantz ihesi zihoazela eta garaileek lapurtu zituzten. Artelan ugari berreskuratu zituen Wellingtonek,

baina Fernando VII.ak asko oparitu zizkion gerran, lortutakoa eskertuz. Gaur egun Londresko Apsley House izeneko bere etxean daude ikusgai.

Ondorioak

Bataila honek frantsesen Penintsulako okupazioarekin amaiarazi eta Fernando VII.a tronura itzularazteaz gain, aliatuen Napoleonen armada ahalguztidunaren gaineko garaipenak Europaren historiaren norabidea aldatu zuen. Austriak, Prusiak, Errusiak eta Suediak negoziazioak hautsi zituzten Napoleonekin eta berriz ere borrokatu ziren berarekin Leipzigen garaitu zuten arte.

Protagonista Gasteiztarrak

Montehermoso Markesa

María del Pilar Acedo y Sarriá Tolosan jaio zen 1784ko martxoaren 10ean. Ederra eta oso ikasia izanik, 16 urterekin bera baino 17 urte zaharragoa zen Ortuño Mª Aguirre gizon kulturadun eta aberatsarekin ezkondu zen. 1801. urtean bere alaba bakarra jaio zen, Maria Amalia, 1811. urtean Goia jeinuak margotu zuena.

1808ko irailaren 22an, Jose I.a Gasteizera heldu, Montehermoso jauregian ostatu hartu eta markesarekin maitemindu zen, erregearen emakumerik gustukoena izatera helduz. Aguirrek jauregia ere saldu zion erregeari bi milioi errealetan, dirutza garai hartarako. Hainbat unetan (1808, 1811 eta 1813) errege frantsesaren gortearen egoitza izan zen jauregi hau. Madrilen, berriz, erregearen gogokoenaren paper argia egiten zuen gorteko jazoera sozial guztietan. Madrildarrek honako hau zioen kopla egin zuten:

'De Montehermoso la dama, tiene un tintero, donde moja su pluma Don José primero'.

Markesak eta Jose I.ak 1813ko ekaineko bataila ospetsuaren bezperan alde egin zuten Gasteiztik, Frantziara bidean. Handik gutxira, elkar ikusteari utzi zioten behin betiko. Pilar Acedo Carresen, Bearn, hil zen 1869ko otsailaren 27an.

Alava Generala

General Álava

Miguel Ricardo de Álava y Esquível (Gasteiz, 1772 - Barèges, Frantzia, 1843). Bergarako Errege Seminario Patriotikoan ikasi ondoren, itsasgizon-lanari ekin zion Ignacio Mª de Álavaren eskutik. Toulon eta Trafalgarreko batailetan esku hartu zuen. Gasteizera itzuli eta Baionako Asanbladan esku hartu zuen Itsas Armadaren izenean. Armada frantsesaren jarreraren aurrean, Madrilerantz abiatzea erabaki zuen haren aurka borrokatzera. Independentziako Gerran zehar eginkizun bikaina bete zuen Cadizko Gorteen eta Wellingtonek zuzendutako armada aliatuaren artean. Bataila handi askotan esku hartu zuen eta bereziki goragarria Gasteizkoan izan zuena izan zen. Berari esker, hiriaren arpilatzea ekidin eta bizi eta ondasun ugari salbatu zituen.

Epealdi absolutistan zehar jazarpena jasan ondoren, Wellingtonekin Estatu Nagusiko kide egin zen harekin zuen adiskidetasunari esker eta Waterlooko Bataila erabakigarrian esku hartu zuen 1815. urtean. Horren ondoren, gertaera bitxi baten protagonista izan zen Alava jenerala, frantsesek lapurtu eta Parisera eraman zuten egilerik onenen 284 margo eta 108 objektu berreskuratu zituenean.

Ondoren, enbaxadore izan zen Frantzian (1815, 1835) eta Herbehereetan (1815-19), diputatua Arabatik (1821), Gorteetako presidentea (1822), enbaxadore Erresuma Batuan (1834, 1838), senataria (1834, 1836), Itsas Armadako ministroa (1835) eta Ministroen Kontseiluko presidentea (1835).

Zure iritziak axola digu

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu. Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.

Gai mota *
Aldartea *
Hautatu gaiaren hizkuntza.
Harremanetarako beste kontaktu bat: