Erosketa eta kontratazio gizartearekiko arduratsua eta iraunkorra egiteko plana

plan gizartearekiko arduratsua

Kontratazioan gizarte-integrazioa, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, bidezko merkataritza eta ingurumenarekiko begirunea bultzatuko dituzten jardunbideak ezartzea du xede Erosketa eta kontratazio gizartearekiko arduratsua eta iraunkorra egiteko planak (EKGAIP).

Aurrerapen erabakigarria suertatu da plana, 2015eko bukaeran kontratazio gizartearekiko arduratsua eta iraunkorra egiteko jarraibidea onetsi zenez geroztik. 2017rako 17 ekintza zehatz daude diseinatuta, bakoitza bere adierazleekin, behar bezala neurtu ahal izateko, eta 9600 euroko aurrekontua dago horiek gauzatzeko.

Lan-ildoak

Lau jarduera-esparru nagusi ditu planak:

Enpleguaren bidezko gizarteratzea

Udal kontrataziorako baldintza-agirietan lehentasunezko kolektiboak laneratzea bultzatzeko klausulak sartuko dira. Udal sailetan prestakuntza-ekintzak antolatuko dira, teknikariek kontratazio-prozesuetan horrelako klausulak nola txertatu jakin dezaten. 2017rako helburua da lehentasunezko kolektiboen lan-kontratazioak % 2 haztea. Era berean, kontratu erreserbatuen figura bultzatu nahi da, eta gizarteratze-enpresen eta enplegu-zentro berezien bidezko azpikontratazioa handitu.

Genero-berdintasuna

Gizon eta emakumeen berdintasuna bultzatzeko klausulak sartuko dira. Besteak beste, aurten Udaleko 40 langile prestatu eta sentsibilizatuko dira udal kontratuak diseinatu eta gauzatzerakoan genero-ikuspegia nola sartu jakin dezaten.

Bidezko merkataritza

Bidezko merkataritzari dagokionez, EKGAIPak aurreikusten du horrelako produktu gehiago sartzea Udalaren zerbitzu eta hornikuntzetan. Halaxe jokatuko da gizarte-etxeetako eta udal instalazioetako kafetegietan, eta Udalaren ekitaldietan nahiz biltzar- edo turismo-ekitaldietan eskaintzen diren elikadura- eta catering-zerbitzuetan. Era berean, eguneratu eta ezagutarazi egingo da akreditutako hornitzaileen zerrenda, eta bidezko merkataritzako produktuen katalogoa ere eguneratuko da, alorreko erakunde ezagunen laguntzarekin.  Bi tresna horiek -Gasteizko ekonomia solidario eta iraunkorreko saltokien sarearen direktorioarekin batera- udal langileen eskura egongo dira, erosketa- eta kontratazio-erabakietan laguntzeko.

Ingurumena

Ingurumena eta iraunkortasuna kontuan hartuko dituzten kontratazio-klausulak sartzea planteatzen da. Helburua da 2020rako udal kontratuen % 50etik % 60ra bitartean -diru-kopuruari nahiz lehiaketa-kopuruari dagokionez- horrelako klausulak sartzea. Gutxienez 30 produktu- eta zerbitzu-multzotan -garrantziaren araberako lehentasunari jarraituz- horrela jokatu beharko dela finkatu da. 2017. urtean zehar espero da % 20an handitzea ingurumen-irizpideak arlo hauetako produktu eta zerbitzuak eskuratzeko lehiaketetan: papera, informatika-tresneria, ibilgailuak, argitalpenak, lorezaintza, garbiketa, elikadura, eta obra zibila eta azpiegiturak.



EKGAIParen irizpide orokor gisa, kontratu guztiek euskararen erabilera normalizatzeko araudiak eta Udalean Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeari buruzko Udal Ordenantza bete ditzatela sustatuko da.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: