Zabalparkeak: pump track-a, kalistenia eta jolas inklusiboak
Aisialdi inklusiboko espazioak dituen gunea Zabalganetik Mariturrira
Espazio horiek aisialdiko eta denbora libreko espazioak zabaltzeko beharretik sortzen dira, pertsona guztiei lekua egiteko, haien adina eta inguruabarrak edozein direla ere, nerabeengan bereziki eraginez.
Espazio horietan harreman pertsonalak sustatu eta garatu daitezke, eta, batez ere, espazio inklusiboak dira, dibertsitate funtzionala ez dadin oztopo izan aisialdiko eta denbora libreko leku horiek erabiltzeko.
Pump track zirkuitua eta kalistenia
Gasteizko Zuhatzuko Atea kalean daude, Iruña-Veleia Hiribidearekiko bidegurutzean.
151 metroko zirkuitu hau asfaltozko pista bat da, txirrindulariek, patinatzaileek eta skaterrek ondulazioz eta bihurgunez betetako ibilbideaz gozatzeko diseinatua. Ponpaketa-mugimenduen bidez abiadura irabazten laguntzen du, hau da, gorputza bultzatzeko eta abiada hartzeko erabiltzen du, etengabe pedalei eragin beharrean. Hainbat zailtasun-maila daude, hasierako mailatik aurreratueneraino, bihurgune eta oztopoekin; 24 guztira, eta zailtasun-maila desberdina dute.
Oreka- eta kontrol-trebetasunakgaratu ahal izango dituzu ingurune seguru batean.
Erabilera-arauak
- Kaskoa erabiltzea gomendatzen da, betiere aplikatu beharreko ordenantzetan, arauetan edo legeetan xedatutakoaren arabera.
- Errespetatu zirkuituaren noranzkoa. Ez gelditu zirkuituaren erdian; atseden hartu behar baduzu edo arazoren bat baduzu, irten ibilbidetik gainerako pertsonei trabarik ez egiteko.
- Mantendu segurtasun-distantzia beste erabiltzaileekiko. Zirkuituan pertsona gehiago badaude, itxaron zure txanda eta ez geldiarazi beste batzuk pistan dauden bitartean.
- Ez sartu oinez zirkuituan.
- Ez sartu ibilgailu motordunekin.
Egin erabilera arduratsua
- Mantendu eremua garbi: ez utzi zaborrik eta errespetatu ingurunea. Lagundu pump track-a egoera onean mantentzen.
- Ezagutu zure mugak: hasiberria bazara, hasi oinarrizko mugimenduekin, eta ez egin trikimailu aurreratuak eroso sentitu arte.
- Ez erabili pump track-a egoera arriskutsuetan: ez erabili bustita edo irristakor badago, horrek istripuak izateko arriskua areagotu baitezake.
Kalistenia ariketa fisikoa egiteko modu bat da, eta gorputzaren pisua erabiltzen du indarra, malgutasuna eta erresistentzia garatzeko.
Mugimendu naturaletan oinarritzen da eta edozein lekutan praktikatu daiteke, ez baita ekipo espezializaturik behar. Kalistenia-ariketa arrunt batzuk dira, adibidez, flexioak, dominatuak, sentadillak eta abdominalak.
Sasoian egoteko eta egoera fisiko orokorra hobetzeko modu bikaina da. Gainera, sozializazioa sustatzen du.
Labraza Ibilbideko jolas inklusiboen gunea
Oinezkoen gunean eraikia, Labraza Ibilbidearen eta Oion eta Navaridas kaleen artean.
Jolas inklusiborako espazio honetan, zabuak dibertsitate funtzionala duten pertsonen beharrei erantzuteko diseinatuta daude. Hainbat jolas ditu, hala nola bi ohe elastiko, gurpil-aulkian dauden erabiltzaileei egokitutako kulunka edo balantzin bat, karrusel inklusibo bat, zoruaren maila berean eta gurpil-aulkientzako lekuarekin, eta bi eserleku inklusibo dituen zabu bat: bata saski-motakoa eta bestea arnesdun aulkiduna.
Jolasak erabiltzaile guztien mugimendu independentea errazteko antolatu dira.
Gainera, hiru parterre daude, berdegune txikiak, non berdeguneei kolorea ematen dieten zuhaitzak eta zuhaixkak dauden.
Informazio gehiago
Zabalparkeak proiektua Hobetuz-en hirugarren edizioko proposamen batetik sortu da: Zabalparkeak: aisialdi inklusiboko espazioak dituen gune bat sortzea Zabalganetik Mariturrira.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.