Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak indarrak batu dituzte Gasteizen energia berriztagarrien alorreko proiektuak sustatzeko

2020ko otsailaren 11n

Hitzarmena sinatu dute 'Vitoria-Gasteiz Green Deal' planaren barruko iraunkortasun egitasmoak ezartze aldera.

 

Alkate Gorka Urtaranek eta Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, Gasteiz iraunkortasuna gakotzat dituzten irtenbide berritzaileen alorrean erreferente bihur dadin.

Hitzarmenaren bitartez, Udalak eta EEEk bideragarritasun-azterlanak egingo dituzte energia berriztagarriak (biogasa, eguzki-energia fotovoltaikoa, biomasa eta beste) aprobetxatzeko ahalmena zehazteko eta udalerriko zenbait lekutan energia-eraginkortasuna hobetzeko.

Besteak beste proiektu hauek aztertuko dira: Gardelegiko zabortegiko lurretan eguzki-planta fotovoltaikoa jartzea; Gardelegiko zabortegiak sortutako biogasa baliatzea gas naturaleko banaketa-sarean txertatuz; energia komunitateak sortzea hirian sorkuntza berriztagarria sustatzeko, eta energia berriztagarriak erabiltzearekin lotutako mugikortasun iraunkorreko sistemak ezartzeko proiektu pilotuak.

Horretaz gain, baliabide berriztagarri horiek ustiatzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko beste aukera batzuk proposatzeko konpromisoa hartu dute bi erakundeek.

Hitzarmenak, orobat, udalerrian energia-eraginkortasunerako neurriak ezartzeko ekintza plana idatzi eta indarrean jartzea aurreikusten du, Alkateen Itunaren barruan.

Udala eta EEE lankidetzan arituko dira beste egitasmo batzuetan ere: udal plan energetikoak lantzeko gida metodologikoa Gasteizen probatzea, eta Intensify proiektuaren barruan adierazleak definitzea; azken hori Europako herrialdeen arteko lankidetzarako ekimena da, CO2-ren isurketen murrizketa eta herritarren inplikazioa sustatzeko xedea duena, eta Gasteizek ere parte hartuko du.

Bi erakundeek hainbat alderdirekin lotutako sentsibilizazio eta zabalkunde jardunaldiak antolatuko dituzte elkarlanean: energia-eraginkortasuna, baliabide berriztagarrien aprobetxamendua, eta bezero aktiboaren eta komunitate energetikoen figuren sustapena, besteak beste.

 

Erreferentziazko hiria Alkateen Itunean

Udalaren eta EEEren artean garatzeko asmoa duten estrategiak "Vitoria-Gasteiz Green Deal" planari jarraitzen dio; Gorka Urtaran alkateak iazko abenduan aurkeztu zuen plan hori, zeina ekonomia berdean, gizarte kohesioan eta natur ingurunearen babesean oinarritzen baita. “Vitoria-Gasteiz Green Deal” akordioak entitate publiko eta pribatuekin, ikerketa-zentroekin eta beste erakunde batzuekin elkartzea proposatzen du, hiria eraldatzen lagunduko duten proiektu berritzaileak sustatu eta Gasteiz ekonomia berdearen alorrean abangoardiako laborategi hiria bihurtzearren.

"Agintaldi honetarako landu dugun planak trantsizio energetikoari eta energia berriztagarrien erabileran oinarritutako mugikortasun-eredu bati begiratzen die. "Gure ahaleginak hiri berdetik ekonomia berdera igarotzera bideratzen ari gara. Eredu ekonomiko eta sozial berrirako trantsizio berdearen aldeko apustua egin dugu. Alkateen Itunaren bidez energia iraunkorrerako ekintza plana garatzeko hartutako konpromisoa EEErekin partekatzen dugu, eta 2030eko Euskadiko Energia Estrategiaren alde egiten, erakundeen arteko lankidetzaz iraunkortasun energetikoa sustatzeko", nabarmendu du alkateak.

Gorka Urtaranek uste osoa du "bere ibilbideagatik, Gasteiz hiri aproposa" dela "irtenbide jasangarrien laborategia bihurtzeko. Bat egiten badugu, eta erabakitasunez lan egiten, lor dezakegu aldaketa horietatik hiri hobea ateratzea, puntako zerbitzu publikoekin, ekonomia dinamiko eta modernoarekin eta jarraitu beharreko eredu izaten jarraituko duten azpiegitura berdeekin. Badakigu nola ekin hiri-aldaketa handi bati; gainera, eredu ekonomiko eta industrial sendoa dugu, badakigu zer-nolako balioa duten hitzartzeak eta akordioetara iristeak gauza handiak lortzeko. Horiek dira aurrean dugun erronkarako behar ditugun osagaiak", azpimarratu du alkateak.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak, berriz, Gasteizek Alkateen Itunean duen erreferentzialtasuna nabarmendu du, eta erakundeen arteko lankidetzaren beharra karbonorik gabeko eredu energetiko jasangarriago baterantz irmotasunez aurrera egiteko. "EEE tamaina handiko proiektuak sustatzen ari da Araban, hala nola energia eolikoa eta Arasurreko Ekian eguzki-parke fotovoltaikoa, baina eguneroko lanean azpiegitura horiek bezain garrantzitsuak dira herritarrengandik hurbilago dauden jarduerak, zeinetan duela 38 urtetik ari baikara, gure laguntza planen bitartez". Ansolaren hitzetan, "plano horietan guztietan lan egin beharko da eredu iraunkorrago baterantz joateko, helburu hori, gobernuaren apustua izateaz gain, herritarren eskaera baita dagoeneko".

 

 

 

 

 

 

 

 

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: