Ohiko galderak, Bizikidetza eta Espazio Publikoari buruz

Ba al da bide publikoan usoei edo beste animalia batzuei jaten ematerik?
Indarrean dagoen ordenantzak ez du arau-haustetzat jotzen usoei, ez beste inolako animaliari, jaten ematea. Alabaina, usoei jaten ematearen zikintasuna sortzen bada leiho, terraza edo etxejabeen elkarteko edo etxebizitza partikularren bateko beste edonon, jar zaitez harremanetan Udaltzaingoarekin (092 telefonora deituta), zeinek patruila bat bidaliko duen adierazitako lekura, animaliei jateko ematen dien pertsonarekin hitz egiteko.
Zein ordutatik aurrera instalatu daitezke terrazak bide publikoan?
08:00etan hasi ahal izango da terrazak jartzen, 08:30az geroztik funtzionatzen has daitezen, 23:00ak arte. Ostiraletan, larunbatetan eta jai bezperetan ixteko ordua ordubete geroratuko da. Gainera, ekainaren 1.etik irailaren 30era bitartean ixteko ordu hori 30 minutuz geroratu ahal izango da. Andre Maria Zuriaren jaietan bi orduz geroratu ahal izango da ixteko ordua. Jai horien baitako ostiral, larunbat eta jai bezperetan 1:30ak arte geroratuko da ixteko ordua.
Zein txakur izan daitezke arriskutsuak?
Martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera, arraza hauetako edo euren arteko gurutzatzeen ondoriozko txakurrak izan daitezke arriskutsuak:

• Pit Bull Terrier
• Staffordshire Bull Terrier
• American Staffordshire Terrier
• Dogo Argentino
• Fila Brasileiro
• Rottweiler
• Tosa Inu
• Akita Inu

Baita Errege Dekretu horretako II. eranskinean ageri diren ezaugarri guztiekin edo gehienekin bat datozenak.

Aurrekoen artean ez badaude ere, aurretik animaliei nahiz pertsonei eraso egin dieten txakurrak, edo izaera oldarkor nabarmena erakusten dutenak.
Txakurrak lotuta joan behar al dute bide publikoan?
Animaliak Edukitzeari eta Babesteari buruzko Udal Ordenantzak xedatzen duenez, bide eta parke publikoetan nahiz pertsonen igarobide diren bestelako tokietan txakurrek lotuta joan behar dute lokarri edo kate eta lepokoarekin. Ordenantza berak ezartzen du Dekretu baten bidez xehaztuko dela "arriskutsu izan daitezkeen txakurtzat jotzen ez direnak aske ibili ahal izango diren lekuak". Beraz, 2017ko urriaren 9ko Dekretuak xedatzen du “berdeguneetan bakarrik egon ahal izango dira aske txakurrak (arriskutsu izan daitezkeen txakurrak izan ezik, horiek beti joan beharko baitute lotuta)”, baina salbuespen batzuekin.
Ba al dut txakurrarekin lokal edo establezimendu publiko batean sartzerik?
Jakirik manipulatu edo biltegiratzen ez den aretoetan baimenduta dago txakurrak sartzea, baldin eta establezimenduaren jabeak onartzen badu.
Nire bizilagunak zarata egiten du etengabe; zer egin dezaket?
Udaltzaingoak horrekin lotuta emandako gomendioei jarraitu ahal diezu. Zarata jarraitua edo unean unekoa den kontuan hartuz, zaraten neurketa ere eska dezakezu.


Zein baremoren arabera zehazten da zarata maila baimendua?
Gaur egun, eta oro har, Zarata eta Dardarei buruzko udal ordenantzak 25-db-A-ko gehienezko muga ezartzen du gauez (22:00etatik 07:00etara) eta 32-dB-A-koa egunez (07:00etatik 22:00etara). Baina balio horiek aldatu egin daitezke zarata motaren, orduaren eta bestelako gorabehera batzuen arabera.
Ibilgailuen salmenta bide publikoan
Gasteizko espazio publikoan ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak erakusgai jarri eta saltzea arautzeko ordenantzaren arabera: Partikular gisa eta modu bakan eta puntualean ibilgailu motordun bat nahiz ziklomotor bat saltzeko ibilgailuan bertan iragarkia jarrita, udal baimena eskuratu beharko du aldez aurretik haren titularrak, hots, zirkulazio baimenean halakotzat identifikatuta dagoenak, baldin eta bide publikoan edo erabilera eta jabari publikoko espazioetan iragarri nahi badu, edozein dela ere ordenantza.


Bide publikoan egon daitezkeen kalte eta/edo arriskuak
Bide publikoan arriskurik sortzen ez duen inolako kalteren berri baduzu, edo hobekuntzaren bat iradoki nahi baduzu, balia itzazu Udalak eskura jartzen dizkizun bitartekoak: 010 telefono zenbakia, Herritarren postontzia, edo komunikabide berriak, Twitter esaterako. Kalteak arriskurik sortu baldin badezake, deitu ezazu 092 telefono zenbakira.
Zein lekuetan ezin da alkoholik saldu? Nola salatu ditzaket legez kanpo alkohola saltzen dituzten establezimenduak?
Alkoholismoa prebenitzeko ordenantzaren 10. artikuluaren arabera, honako lekuetan ez da alkohola saltzerik baimentzen:
Oinarrizko hezkuntza eta hezkuntza ertaineko zentroetan, dastalekuetan, kirol instalazioetan, bereziki 18 urtetik beherako pertsonez osaturiko publikoa bilduko duten lokal eta zentroetan, herri administrazioen instalazioetan eta haien menpeko zentroetan, osasun zentroetan eta bide publikoan, berariaz baimendu denean izan ezik. Ezta makina automatikoen bidezko horniketa eta salmenta ere.

Leku horietakoren batean alkohola saltzen dela salatu nahi baduzu, jar zaitez harremanetan Udaltzaingoarekin, eta patruila bat joango da bertara, gertakariak egiaztatzera.

Udaltzaingoak aldian-aldian horrelakoak zaintzea helburu duten patruilak ditu, bai eta gazte eta nerabeen arteko alkohol eta droga kontsumoan espezializatutako talde bat ere.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.