Eraztun Berdeak oinezkoentzako pasabide berri bat izango du Armentiako basoa eta Zabalganeko parkea lotzeko
2024ko uztailaren 16an argitaratua
Mariturriko bulebarraren eta Ibaiako kirolgunearen arteko zerbitzu-bidearen gainean egongo da.
Udalak Mariturriko bulebarra eta Ibaiako kirol-hiria lotzen dituen eta N-102 errepidearekiko paralelo doan zerbitzu-bidearen gainean pasabide bat jarriko du. Pasabide berri honekin, Armentiako basoaren eta Zabalganeko parkearen arteko Eraztun Berdea osatzen duten bidexkei jarraipena emango zaie, eremu horretatik igarotzen direnek segurtasunez eta ibilgailuen beldurrik gabe egin ahal izan dezaten.
Pasabideak 37 metroko luzera eta 6,8 metroko altuera izango ditu, eta 3 metroko zabalera izango du txirrindulariak eta oinezkoak igaro daitezen. Ingurunean hobeto integratzeko, pinu basatiaren zurez eraikiko da.
Handik oso gertu, N-102 errepidearen gainean, dagoen beste egitura baten antzekoa izango da. Duela 5 urte jarri zuten helburu berberarekin: Eraztun Berdean azpiegitura berriak bultzatzea, ibilbide naturalen sarea egituratzea eta herritarrei ingurune horretan gozatzeko aukera ematea.
Ekipamendu berri hori jartzeko inbertsioa 313.000 eurokoa da eta Next Generation funtsen finantzaketa jaso du. Obra esleitu ondoren, enpresak 6 hilabeteko epea izango du obra gauzatzeko.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.