Urban Commerce 2024 - Parte-hartzaileak eta hitzaldien aurrerapena

Urban Commerce 2024

Batzorde zientifikoa

Pilar Zorrilla

Urban Commerce 2023 - Pilar Zorrilla

Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea UPV/EHUn. Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea izateaz gain, retail arloko jarduera profesionalean aritzen da. Aholkularitza- eta prestakuntza-lanak egiten ditu arlo horretan, eta hitzaldiak, tailerrak eta webinarrak antolatzen ditu.

Merkataritzari buruzko hainbat artikulu eta liburu argitaratu ditu, eta liburu horietako batek –“100 comercios vascos con los que aprender”– AGECU saria jaso du, hiriko merkataritzarekin lotutako ekintzailetzako, berrikuntzako eta profesionalizazioko ekimenak hedatzen laguntzeagatik.

Espainiako Retaileko Elkarteko Adituen Batzordeko kidea da.

Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuordea izan zen 2009tik 2012ra.

Virginia Matesanz

Urban Commerce - Virginia Matesanz

Berrikuntza zuzendaria Basque Food Cluster elkartean. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan (AEZ) lizentziatua da eta Enpresen Kudeaketa Aurreratuko masterra du Deustuko Unibertsitate Komertzialean eskuratua. Berrikuntza bultzatzen du bezeroarekiko orientazio argiarekin, euskal elikagai-enpresen lehiakortasuna hobetzeko bide gisa.

Retailean, kontsumitzaileen jokabidean eta bezero-esperientzian irakaslea da CámaraBilbao University Business Schoolen, eta graduondokoetan IED-Kunsthal Bilbao zentroan, EHUn, Atlantikoko Unibertsitatean eta Cesinen.

Virginiak esperientzia handia du merkataritzaren eta marketinaren munduan, 18 urte baino gehiagoz lan egin baitu EROSKI Taldean. Talde horretan erosketa-arduraduna eta Marka Propioaren eta Markaren zuzendaria izan da.

Hizlariak

Marcos Álvarez

Urban Commerce 2024 - Marcos Álvarez

Dendalaria, ekonomista eta giza baliabideetan aditua.

1998. urteaz geroztik nago retailaren arloari lotuta konpainia multinazionaletan. Proaktiboa, gogotsua eta ekiteko prest. Lantaldeak sortzen ohituta nago emaitzak lortzeko bide gisa. Pertsonen garapenari buruzko ideiak eta esperientziak partekatzen gozatzen dut hitzaldien, prestakuntzen eta argitalpenen bidez.

ICF International Coaching Federation erakundeak egiaztatutako coach exekutiboa eta taldeen coacha naiz, Practitioner PNL masterra daukat eta inguratzen nauten pertsonen artean motibazioaren txinparta piztu zale amorratua naiz.

Irmo sinesten dut pertsonak direla elementu nagusia emaitzak lortzeko, eta egungo eta etorkizuneko erakundearen abantaila lehiakorrak baliatzeko.

Eneritz Barreiro

Urban Commerce 2024 - Eneritz Barreiro

Hiri-ekosistemako arduraduna Tecnalia Research & Innovation sailean.

Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko arkitektua, Madrilgo Alfonso X el Sabio Unibertsitateko “Eraikuntza-teknika aurreratuak eta eraginkortasun energetikoa eraikinetan” masterra eta Executive MBA (Enpresen Zuzendaritza eta Kudeaketa Masterra).

Euskal Herriko Unibertsitatean. Bilboko eta Madrilgo arkitektura eta ingeniaritzako hainbat estudiotan lankidetzazko lan-esperientzia, obra berriko eta birgaikuntzako eraikuntza- nahiz hirigintza-proiektutan. 2008tik bere jarduera TECNALIAko Trantsizio Energetiko, Klimatiko eta Urbanoko Unitatean garatzen du, eraikinetako eta hirietako jasangarritasunaren eta eraginkortasunaren eremuan. Herriko, nazioko eta Europa mailako I+Gko proiektuen koordinazioan esperientzia zabala.

Hiri Ekosistemako estrategiaren buru da gaur egun.

José Manuel Fernández

Urban Commerce 2024 - Jose Manuel Fernandez

Estudio Estudio bulegoaren sortzailea eta bertako zuzendari kreatiboa. Program leaderra da IED Bilbao eta IED Barcelona diseinu-institutuetan.

Bartzelonan finkatutako arkitektoa eta barrualdeen diseinatzailea da. Nafarroako Unibertsitateko Goi Mailako Eskolan ikasi zuen arkitektura, Iruñean. 2004an masterra lortu zuen barnealdeen diseinuan Europako Diseinu Institutuan.

2005ean hasi zen interiorismoko eta arkitekturako zuzendari gisa lanean Lagranja Design estudioan. Estudioak Txinan, Turkian, Singapurren, Malaysian, Errusian, Gibraltarren, Marokon, Frantzian, Dubain eta Saudi Arabian egin dituen proiektuak ere zuzendu ditu 2012az geroztik.

Irakasle gisa eman ditu eskolak hainbat diseinu-eskolatan, eta haien artean ditugu IED (Bartzelona, Espainia), Elisava (Bartzelona, Espainia), Artidi (Bartzelona, Espainia) eta LCI (Bartzelona, Espainia), eta irakasle gonbidatua izan da hainbat ikastegitan, hala nola Abadir eskolan (Catania, Italia), CEU Cardenal Herrera Unibertsitatean (Valentzia, Espainia), Basque Culinary Center zentroan (Donostia, Espainia) eta Tsingda Environment Art Beijing institutuan (Beijing, Txina).

Luis Alfonso Escudero

Urban Commerce 2024 - Luis Alfonso Escudero

Giza geografiako irakaslea da Universitat de les Illes Baleares ikastegian.

Luis Alfonso Escudero Gómez geografian doktorea da Santiago de Compostelako Unibertsitatean. Giza geografiako irakaslea izan da Gaztela-Mantxako Unibertsitatean eta, gaur egun, Universitat de les Illes Baleares ikastegian ari da lanean.

Hiri-azterlanetan espezialista da, ikerketara emandako ibilbide luze batekin, ikerlan asko egin ditu, eta hiri-merkataritzari buruzko hainbat biltzar eta mintegitan parte hartu du. Bere lanen artean Los centros comerciales, espacios postmodernos de ocio y consumo (Zentro komertzialak, aisiarako eta konsumorako gune postmodernoak) liburua nabarmentzen da, eta beste zenbait artikulu ere bai, hala nola 2024. urtean Journal of Retailing and Consumer Services argitalpenean zentro komertzialek beren egungo gainbehera-fasean erabiltzen dituzten estrategia lehiakorrei buruz argitaratutakoa.

Cristina Delgado

Urban Commerce 2024 - Cristina Delgado

WiR Women in Retail elkarteko presidentea eta sortzailea.

20 urteko esperientzia zirraragarria metatu du multinazional nagusietan –hala nola Decathlon, Media Markt, Dixons Taldea eta Kingfisher Taldea– retail enpresen zuzendaritzan, eta esperientzia horri beste 8 urte gehitzeko aukera izan du prosegur konpainiaren kudeaketa korporatiboan, 17 herrialdetan b2b dibisioa garatuz konpainiaren segurtasun- eta ikerketa-arloko merkatuko liderraren eskutik.

Espainiako Retail Elkartea zuzentzen 3 urte eman ondoren, 2023an WiR Women in Retail sortu zuen, hau da, gure industrian emakumezkoen lidertza, esperientzia eta talentua bultzatzeko asmoz retail salmentan lan egiten duten emakumeen komunitate bat, horrek duen inpaktu positibo eta bereizgarriarekin taldeekiko animazioan eta lidertzan, enpresen emaitza-kontuan, baita enpresa horien gizarte-erantzukizunean eta jasangarritasunean ere. 

WiR xedea: Ozentasuna eta sororitatea sustatzea, bultzatzea eta retail salmentako emakumeei eskaintzea betiere industrian erreferenteak izanik.

Celina Bello

Urban Commerce 2024 - Celina Bello

Senior advisor arduraduna WiR Women in Retail elkartean

Enpresen eta pertsonen garapena pasio gisa duen senior advisor aholkularia, konpainiak denboran jasangarriak izango direla eta emaitza finantzario onak izango dituztela ziurtatzeko arduraduna. Espezialista pertsonen, kulturaren, antolakuntzaren eta CEOaren Bulegoko ESG arloetan, ezagutzaren eta esperientziaren ekarpena eginez enpresen goi-zuzendaritzaren zerbitzuan. 

25 urte baino gehiago retail sektorean banaketa handiaren adarrean, eragiketen eta giza baliabideen arloetan, sektoreak bizi dituen erronka handiei aurre eginez, hau da, eraldaketa, merkatu-aldaketak, muturreko lehiakortasuna, kontsumitzaileen portaeraren aldaketa eta abar.

C&A Espainiako, Portugalgo eta Italiako Pertsonak eta Kultura ataleko zuzendaria izan da azken 14 urteetan, eta aldi berean kontseilari exekutiboa C&A Espainian, eta administratzaile mankomunatua C&A Portugalen, funtzio hori negozioari lotutako ikuspegi batekin garatu duelarik, lehendik ere eragiketetako gerentea izan baitzen konpainia horretan bertan.

Esparru horretako nire lorpen handia beharrezkoak diren berregituraketa guztiei bake soziala konprometitu gabe ekitea izan da, betiere pertsonen konpromisoari eutsita, estrategia sindikal argi batekin, fokua emaitzetan jarriz eta taldeak zainduz.

Prestakuntza zabalekoa, Sozietateen Gobernu Egokian ziurtagiriduna eta diplomaduna IC-A Kontseilari Administratzaileen Institutuan, Kontseilarientzako ESG ESADEn, mentoring CISEn, matematikako irakaslea eta Zientzia Biologikoetan lizentziaduna Leongo Unibertsitatean, eta hainbat espezializazio ere egin ditu erakundeen kudeaketan, giza baliabideetan, lidergoan, salmentetan eta krisi-kudeaketan.

Nuria Beltrán

Urban Commerce 2024 - Nuria Beltrán

Kataluniako Ekonomisten Elkargoko Retail Batzordeko presidentea eta Integra-retail taldeko bazkidea.

Espezialista da merkataritzaren sektorean, eta sektoreari buruzko prestakuntza jaso du, baita azterlan ekonomikoak, kontsumitzailearen ohiturei buruzko azterlanak eta merkatarien elkarteak garatzeko lanak ere, hori guztia administrazio publikoekin eta enpresa pribatuekin harremanetan betiere. Bartzelonako Unibertsitateari atxikitako ESCODI merkataritzako unibertsitate-eskolako zuzendaria izan zen 20 urtez. Terrassako Merkataritza Ganbera zuzendu zuen aldez aurretik.

Esperientzia handia du merkataritzan espezializatutako enpresa- eta unibertsitate-arloko prestakuntzan, eta ikuspegi positiboa sektoreari eta sektorearen eboluzio-gaitasunari buruz. Kataluniako Ekonomisten Elkargoko Retail Batzordeko presidentea da gaur egun eta Integra-retail taldeko bazkidea da (https://www.integra-retail.com(Beste leiho batean irekiko da)).

Elena Alfaro

Urban Commerce 2024 - Elena Alfaro

FANScinology esperientziaren sortzailea, Leonardos Club elkarteko presidentea eta EMO Insights International sozietateko CEOa.

Negozioei, eta gizartearen eta gizarteko hirien bilakaerari buruz dituen ideia transgresoreengatik ezaguna den ameslaria. "Etorkizuna 'emotions centric' proiektuentzat da" edo "Mentalki eraldatu beharra daukagu, eboluzioak ezagutu dugunaren funtsezko hobekuntza bat dakarrelako" esaldiak dira, besteak beste, bere zigilu bereizgarria. LEONARDOS CLUB abiarazi zuen ideia horien ondorioz, hau da, mundua "ezagutzaren urrezko hazien" bidez hobetzeko ezagutza-zirkulu bat.

Zuzendaritza-postuetan aritu da, rol akademikoak izan ditu eskola ospetsuetan eta arrakasta izan du ekintzailetzan. EMO Insights International sozietatea sortu zuen 2010ean, emozioak enpresa-kontabilitatean barne hartuz. FANScinology esperientzia abiarazi zuen 2017an lider xarmagarriak prestatzeko eta proiektu halaber xarmagarrien (FANScinantes) sorrera bultzatzeko. Berrikuntza emozionaleko bere ikuspegiak eta bere lanek ("El ABC de las Emociones" edo “Forever Young Strategy”, esaterako) izan duten arrakastak ezinbesteko egiten dute bere ikuspuntua ezagutzea.

Cristina Guezuraga

Urban Commerce 2024 - Cristina Guezuraga Publizista eta Sirope agentziako zuzendari sortzailea.

Pilar Lobato

Urban Commerce 2024 - Pilar Lobato Joyas antiguas Sardinero.

Naroa Madinabeitia

Urban Commerce 2024 - Naroa Madinabeitia Ez Dakit.

María Mora

Urban Commerce 2024 - María Mora La Manducateca.

Josune Vélez de Mendizábal

Urban Commerce - Josune Velez de Mendizabal

Josune Vélez de Mendizabal kazetaritzan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bi hamarkadako ibilbide luzea egin du kulturan espezializatutako kazetari gisa. Horrez gain, ekitaldi instituzionalak eta pribatuak dinamizatzen eta aurkezten komunikazioko profesionala da.

Marcos Álvarez

Positiboan salduz: Konponbideak ardatz dituen salmenta-eredu bat

Tokiko merkataritzak etengabeko erronkei egin behar die aurre: kate handien lehia, digitalizazioa eta kontsumitzailearen jokabidean gertatzen ari diren aldaketak, besteren artean. Hala eta guztiz ere, zailtasun horiez gain, bada ukatu ezin den errealitate bat: merkatariek badituzte hainbat gaitasun eta trebetasun, eta behar bezala aprobetxatzen dituztenean, gai dira edozein zoritxar hazkuntza-aukera bihurtzeko.

Merkatariek, biziraun baino gehiago ere egin dezakete, aldaketaren lider izan daitezke, inguruaren ezagutza eta bezeroarekiko hurbiltasuna aprobetxatzen baldin badakite. ‘Positiboan salduz’ gogoeta egiteko gonbidapen bat da: nola igaro jarrera erreaktibo batetik lidergo-jarrera batera, non helburua ez den bakarrik gehiago saltzea, baizik eta zentzuz egitea eta etengabeko bilakaeran dagoen inguru baten premien arabera egitea.

Konponbideetan oinarritutako ikuspegi baten bitartez tokiko merkataritzaren zereginari esanahi berri bat emateko modua aztertuko dugu, eta aitzakien eta biktimismoaren diskurtsoa alde batera utziko dugu estrategia zehatzak garatzeko, erronkei jarrera proaktibo eta konstruktiboarekin heltzeko.

Eneritz Barreiro

Berrikuntzan oinarritutako hiria berroneratzeko prozesuak funtsezko erreminta dira hirien garapen ekonomikoa sustatzeko. Tecnalian, zentro teknologikoa garen aldetik, uste dugu funtsezkoa dela hiri-arloko plangintza egiteko eta berroneratzeko edozein prozesutan ikuspegi integral eta partizipatibo bat ezartzea, eta teknologia berriak –hala nola Biki Digitala– hiri-arloko kudeaketa eta plangintza egiteko erabiltzea da ikuspegi horietako bat. Hiriari buruzko diagnostiko on bat izatea oinarrizkoa da eta diagnostiko hori denbora errealean eguneratzen bada, hiri-eraldaketarako funtsezkoak diren agenteek erabaki onenak hartu ahalko dituzte kasu bakoitzean. Ez dago formula bakar bat, baina garapen ekonomikoa lehentasun bat bada, hiri-erronkak horretara bideratu behar dira.

José Manuel Fernández

Nahi ditugun hiriak ditugu? Merezi ditugun hiriak ditugu edo sinetsi besterik ez ditugu egiten? Post-egiaren eta gauzak testuingurutik ateratzearen aroan, uste dut beharrezkoa dela bizi garen hiriaren tipologiari buruzko gogoeta egitea.

Frogatuta dago hiri baten sare urbanoaren kalitatea hiriaren garapenaren eskutik doala. Baina kalitatezko merkataritza dugu edo kantitatezkoa besterik ez?

Badakigu alderdi digitala nagusi den garai honetan esperientzia-salmenta dela emozio-gose dagoen kontsumitzailea erakartzeko modu bakarra. Baina esperientzia hori benetakoa da edo ‘aldi baterako engainu bat’ besterik ez? 

Nola lortu dezakegu benetako esperientzia batean oinarritzen den eta sare urbano dinamiko, atsegin eta jasangarri bat sendotzen lagunduko digun merkataritza-formatu bat?

Uste du aztertzearen eta enpatia izatearen bidetik aurkitu daitekeela soluzioa, ohi bezala. Gizakia ekuazioaren erdian jartzea, baina betiere ahaztu gabe hiriak ere ‘izaki bizidunak’ direla eta ezer egin baino lehen entzun egin behar zaiela.

Luis Alfonso Escudero

Lineako merkataritzaren agerpenaren eta kontsumitzaileen ohituren aldaketaren ondorioz, hiriko denda eta merkataritza krisialdi sakona jasaten ari dira XXI. mendean. Apokalipsi gisa ere izendatu da (retail apocalypse) eta hiriak merkataritzarik gabe uzten ari da.

Hala ere, egoera ez da hain apokaliptikoa. Bada etorkizunik txikizkako salmenta fisikorako. Faktore tradizional batek, komenentziak, eta sektore batzuek oraindik lineako erosketaren lehia zuzena oraindik jasan ez izanak, biziraupena ziurtatzen dute. Gainera, hainbat estrategiak, omnikanalitateak eta erosketaren esperientziak, adibidez, etorkizun-aukera bat ematen diete denda fisikoei.

Horrela, arrakastarako formulak dira honako hauek: kontzeptu berritzaileak, intsignia-dendak (flagship stores) eta pop-up stores gisako apustu iragankorrak, bai eta kontsumitzailea mundu birtualaren aurrean saltoki fisikoetarantz erakarriko duten berrikuntzen aplikazio egokiak.

Cristina Delgado

Belaunaldi berrien Retail talentua erakartzeko eta industria glamourizatzeko Women in Retail elkartearen proposamen bat da Retail Street Talent ekitaldia, betiere denda fisikoen atzean karrera-plan arrakastatsuak garatzea ahalbidetzen duten balio-kate apartak dituzten enpresak daudela erakutsiz. 

Nuria Beltrán

Merkatari independenteek zuzentzen duten hiriko merkataritza aukera baten aurrean dago: Ekarpen positiboa egiten dio komunitateari bai eta jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoari ere; baina kontsumitzaileen erabaki txiki askoren batura bere aurka ari da jokatzen.

Munduaren beste aldean erosten dugunean, gure dirua beste leku batera joaten da eta beste leku batean ordaintzen ditu zergak. Merke ordaintzen dugu, baina luzaroan oso garesti aterako zaigu komunitate bezala. Hori ulertzeak kontzientzia soziala piztea eskatzen du.

Bestalde, merkataritzak badu arazo handia gizartean prestigioa izateko, bai eta arrakasta eta asebetetze profesionaleko iturri gisa gizartearen imaginarioan kokatzeko ere. Gauzak horrela, zaila da talentua erakartzea.

Arrakasta eta pasioa erakusten duten adibideak azaldu behar ditugu, horrelako asko baitago! Lanbide- eta enpresa-ibilbide luzea dago prestakuntza eta gogoa dituenarentzat.  Merkataritza ez da bakarrik bezeroa artatzea. Sena, sormena, estrategia, teknologia, kudeaketa, etab. behar ditu.

Elena Alfaro

“Galduta bazabiltza edo zure negozioa indartzea gustatuko litzaizukeela iruditzen bazaizu, mundu guztia aldaketez hitz egiten ari bada baina horretarako baliabideak nondik atera ditzakezun ikusten ez baduzu... Elena Alfaro ameslari humanista eta emozioen arkitektoaren hitzaldia interesatuko zaizu. Giza harremanen funtsa nola indartu dezakezun erakutsiko dizu eta zu zarenarekin jendea FANszinatu edo liluratu dezakezula ulertu ahalko duzu, eta, batez ere, berritzeko betiere nahitaez inbertsio ekonomiko handiak egin behar direla adierazten duen ustea apurtu".

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.