Luis Aramburu, musikari arabarra

Luis Aramburu Udal Musika Eskola

Luis Aramburu

Pio Luis Aranburu Martinez de San Bizente 1905eko urtarrilaren 8an jaio zen, Gasteizko Posta kaleko 16.ean, familia oso musikazale batean.

Haren aita, Juan Santiago Aranburu, Agurainen 1860an jaio eta 1937an Gasteizen hil zena, musika-irakaslea zen, organo-jolea eta Gasteizko kontserbatorioko lehen zuzendaria, 1928ko azaroan Landatxon sortu zenean. Bere etxean musika-giro sakona arnasten zen, bertan biltzen baitziren Gasteizko melomanorik nabarienak eta Mendelssohn, Beethoven eta abarren trio eta kuarteto klasikoak jotzen baitzituzten. Logikoa da bere sei seme-alabak, bi mutil eta lau neska, berarekin ikasten hastea musikarako trebakuntzan. Enrike, Luis baino bederatzi urte zaharragoa, organo-jole eta hari-instrumentuen jotzaile gailena izatera iritsi zen zenbait orkestra lokaletan, eta, gainera, hainbat motatako partiturak konposatu zituen.

Luisek, bokazioz eta heziketaz, musikari eskaini zion bere bizitza osoa. Bere aita San Luisen parrokiako organo-jolea izanda, bera soprano gisa hasi zen, eta organo-joleen bizitzara eta ofiziora ohitzen joan zen, oso gazte zela lehen urratsak emateraino. Harmonia ikasi zuen Jose Domingo de Santa Teresa eta Jose Domingo Ugartetxea aita karmeldarrarekin. Pianoa, organoa, biolontxeloa eta tronparen ikasketak landu zituen, eta Bilboko kontserbatorioan baliozkotu zituen bere ikasketak.

Bereganatutako prestakuntzarekin, musikaren alderdi ugari jorratzeari ekin zion bere bizitzan. Eusko Abesbatzaren zuzendaria izan zen 1934tik 1936ra, Vesako koruena 1937an eta 1938an, eta Gasteizko Orfeoiarena 1945etik 1953ra. Gainera, gaztetatik San Migelen parrokiako korua zuzendu zuen, eta organo-jole izan zen bertan, berrogeita hamar urte baino gehiagoan. 1932tik 1938ra, Vesa Jazbanaren buru izan zen, eta beranduago beste talde bateko partaide izan zen bere seme Luis Mariarekin.

Urte askoan zehar, Gasteizko kontserbatorioko piano-irakaslea izan zen, eta bertako zuzendari 1974tik 1979ra.. Gasteizko apaizgaitegi diozesiarrean eta Sagrado Corazon ikastetxean ere izan zen irakasle, eta bere etxean ere ikasle frankori eman zizkion eskola partikularrak.

Gasteizko musika-eremu guztietan agertze horrek herriaren esker ona hedatzea eragin du, eta hainbat omenaldi eginez eta kondekorazioak emanez adierazi da hori.

1975ean, Gasteizko Udalak Hiriaren Zilarreko Domina eman zion. 1980an, Urrezko Zeledon, eta 1985ean, Urrezko Domina.

Konposatzailea

Luis Aranbururen gasteiztartasun nabarmenak beti bere jaioterriaren mugen barruan egonarazi zion. Bere hurbileko jendeak eskertzen jakin duen ezaugarria izan zen hori, baina, ezinbestez, probintziako pertsonaren irudia baino, etxekoarena eman diona. Ez zen horretara mugatu, ordea, bere izaera, konposatzaile emankor gisa eta hainbat musika motatan aditu gisa. Bere lanen zerrenda luzeak, Espainia osoan ez ezik, mundu guztian zehar hedarazi du haren izena; esate baterako, Bartzelonako Nazio Arteko Eukaristia-kongresuaren Himnoaren testua, hizkuntza askotara itzuli da, japonierara, besteak beste.

Luis Aranbururen musika-ekoizpen zabalak bere prestasun handian dauka sorburua: Gasteiz, Araba zein edonondik konpositore gisa bere laguntza eskatzen zioten guztiei atseginez erantzun eta ordainetan ezer ez eskatzeko jarreran. Balio moral horri, musika idazteko zeukan berezko erraztasuna gehitu behar zaio, berarentzat eskutitz bat idaztea bezain samurra baitzen.

Badago aro bat, Luis Aranbururen bizitzan, lanen batekin aurkezten zen konposizio-lehiaketa guztiak irabazten zituenekoa. Bai Euskal Herrikoetan (Araba eta Gipuzkoako Aldundiak, Gasteiz eta Arabako Aurrezki-kutxa, Tolosako Koru-taldeen Sariketa, e. a.), eta bai beste hainbat lekutako lehiaketetan (Bartzelona, Huesca, Guadalajara, Kadiz, Granada, Torrevieja, Linares, Siguenza, Lucena, Chipiona, e. a.). Orotara, hogeita hamar lehiaketa baino gehiagotan lortu zuen sariren bat.

Hainbat musika-instrumentu jotzen jakitea beti izan zitzaion lagungarri, hainbat motatako konposisizoei heltzeko. Hala eta guztiz ere, eta luzaroen organu-jole gisa jardun bazuen ere, Luis Aranburuk ez du utzi idatzita batere obrarik instrumentu nagusirako, organurako. Inprobisaziorako gaitasun handiaren jabe zen, eta hortxe dago azalpena. Ez zuen inolako partiturarik behar izan begien aurrean, izan ere, kontsolaren aurrean jesarririk, haren hatzamarretatik beti sortu izan dira egoerari egokituriko harmonia-oldeak. Alabaina, horrexegatik beragatik falta ditugu musika-espezialitate horretako bere ideiak partitura idatzietan, beste hainbat konposatzailek egin izan ohi duten eran.

Hainbeste pentagramatan idatziz garatutako estiloa, partez, jasotako eskabideen ondorioz landua da, atsegin emateko joera nabaria zuen eta. Beti erakutsi zuen erraztasun handia melodiarako, harmonia aberats batez jantzia, eta Debussyren halako eragin bat ere bazuena. Xehetasun horrek erakusten du egunean egoteko zeukan ardura, eta horrek eraman zuen, bere azken aroan, musika-abangoardietara hurreratzera. Berak honela definitzen zuen bere musika: "Aurreratu samarra da, baina ez da heltzen Bernaola eta Luis de Pablorenaren mailara". Hala ere, jakin-min aseezina zeukan, eta konposatzaile haien musika entzun eta ezagutzera eramaten zuen.

1986ko irailean, bere txelo eta orkestrarako fantasiaren estreinaldia zela eta, Jesus Guridiren omenez haren medeurrenerako Gasteizko Udalak eskatutako lana, hitz hauek entzun ahal izan zitzaizkion Luis Aranbururi: "Nik oraindik asko daukat esateko, gaur egungo euskal sinfonismoan. Alor horretan ez naizela ezaguna uste dut".

Nabaria da konposatzaile gasteiztarra ez dela ezagutzen euskal sinfonista legez. Haren lanen zerrendan, erlijio-musikaren ehunekoa oso handia da: hogeita bost konposizio. Berrogeita hamar himno baino gehiago, Andre Mariaren hainbat izeni eta hainbat santu patroiri, Gabon-kantak, moteteak, salmoak, antifonak, eta abar, latinez, euskaraz eta gaztelaniaz. Musika profanoari dagokionez, erromantza eta koru-lanen fondo handia utzi digu, berrogeita hamar baino gehiago, eta horiexek dira osperik handiena eman diotenak. Txisturako eta beste instrumentu-talde batzuetarako musika ere oso asko landu du. Baina, musika sinfonikoan, bere ondare guztia hauxe da: Zeazketak, Euskal dantza sorta, Txistu eta orkestra-ganberarako kontzertu barrokoa, Biolontxelo eta orkestrarako fantasia, Dantzari Dantzarineako sinfoniko-koralak, Zeruko Deia eta instrumentu-talde txikiagoetarako beste lan batzuk. Azken lan horiek, gutxitan joak, Luis Aranburuk musika sinfonikorako zeukan gaitasunaren adierazgarri argiak dira, baina osperik

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.