Naturako soinuetan espezialista entzutetsua da Carlos de Hita, eta Salburuko parkeko hiru espaziotan kokatutako soinu-kontakizun hauek utzi dizkigu.
Ibarbasoa, udaberrian egunsentian
Lurreko zuhaixken nahas-mahasean ezkutatutako errekatxindorraren deiak zabaltzen du sekuentzia. Atzetik, adaburuetatik, txepetx eta urretxindorren ahotsek eta urretxorien txistuek osatutako soinu nahasi bat entzuten da. Horien guztien gainetik, pagausoen urruma zakarrak gailentzen dira, egurraren soinuaren antzekoak. Okil berdearen kasketaldia, kukuaren oihua eta bele talde baten karranka garratzak. Kukuak, orain, bere izena esan du, intsektuak, eguzki izpien epeltasunean, basoan aktibatu direnean. Azkenean, zozoaren kantu melodiko eta afinatua entzuten da.
Errekatxindorraren lehengo deiaren berdinak ixten du sekuentzia.
Urmaela, negu amaierako arratsa
Ur-igel arruntak korroka egiten hasi dira eta mingorrak ihes egin du. Laster, soinuen paisaia ur-laminatik doazen basahate-saldoen karranka, palasta eta hegazkada soinuekin bete da. Kopetazuri bat deika ari da, eta beste bat plisti-plasta dabil ur gainean korrika. Urmaelaren beste ertzetik, amiltxori bat marruka ari da, etengabeko kadentzian, konpasari jarraituz. Uroilanda handi bat marmarka hasi da eta hegabera bat intzirika, errukarri. Iritsi da gaua, eta gelditu gabe pasatu dira hontz baten kirrinkak. Urruti, lurreko hegazti bat ari da txistuka; gertu, ahate txistulari bat ari da txistuka, eta zertzeta arrunt bat karranka, uretako hegaztiak biak. Zuhaitz-igel arruntak abesbatza osatuta ari dira, eta kantu horren gainetik, kurlinta handi baten deia entzuten da.
Ertzetako lezkadietan
Ahots nahasi batzuk entzuten dira lezkadian, zeruertz bisuala metro gutxira ixten den lekuan. Kopetazuri batek txistua jo du dei nasal bat eginez, eta txilinporta txiki batek irrintzi egin du. Aldi berean, leku guztietatik iristen dira lezkari karratxinaren, lezkari arruntaren eta sasi-txoriaren txorrotxio bihurriak. Isiltasun-une batez, uroiloak dei egin du. Zerutik, belarrientzako orratz-ziztadak balira bezala, ihi-txori baten goi-goiko notak iristen dira. Apo pikart batek bere nota bikoitza korroka bota du eta aldi berean, indar handiko burrunba zoli batek hartu gaitu: hasi dira eltxo hodeiak altxatzen.
Lotutako informazioa
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak
Herritarren Postontziaren
bidez.