Vitoria-Gasteiz KulturHub, kultura-agendaren garapena

Bozketa fasearen ondoren, 2022 eta 2023ko aurrekontuekin gauzatuko diren aukeratutako proiektuetatik kanpo gelditu zen.

Vitoria-Gasteiz Hobetuz ekimenean pertsona batek bere izenean aurkeztutako proposamena.

Eremua: Hezkuntza, kultura, berdintasuna, kirola eta aniztasuna.

Auzoa(k): Alde Zaharra eta beste auzo batzuk.

Gutxi gorabeherako kostua: 30.000 €

Zertan datza?

Suspertu dezagun Gasteizko bizitza kulturala. Eman diezaiegun bizitza orain probetxurik ez duten gune zoragarri batzuei. Susta dezagun hiri honetako agenda kulturala eta eman diezaiegun kulturalki garatzeko aukera hemen bizi diren pertsonei.

Erabil ditzagun kulturaren sorkuntza eta gozamena katalizatzaile gisa, krisien eta saltokien itxieraren eragina jasaten hasi diren eremuetan saltokien loraldia eta bizimodu osasungarria sustatzeko. Vitoria-Gasteiz KulturHub bidez ―Gasteizko herritarren eta herritarrentzako agenda, eskaintza eta aukera kulturalez beteriko sare bat―, Gasteiz behinola izan zen "Iparraldeko Atenas" izan daiteke berriz ere, aldi berean aisialdirako aukera berriak sortuz, tokiko ekosistema aberastuz (sortzaileena nahiz ekimenei esker sor daitezkeen saltokiena) eta "hiri berdearen" eraztunari "kulturaren hiriaren" aintzatespena emanez.

Honako hauek dira proiektuaren helburuak:

  • Hirian potentzial handia duten eremuak aprobetxatzea, areto batzuk erakusketetarako, edukiera txikiko kontzertuetarako, lantegietarako edo hiriko elkarte kulturalentzako bulego bihurtuz. Vitoria-Gasteiz KulturHub sareak herritarrak eta bisitariak jende gutxi ibiltzen den Gasteizko lekuetara erakartzen lagunduko luke, jarduera berrituari esker beste saltoki batzuk ager daitezela erraztuz.
  • Herritarrei adierazteko eta kulturaz gozatzeko aukerak eskaintzea, lehendik dagoen agenda kulturala beste ekimen batzuekin osatuz, hala nola hiriko jendearentzako kontzertuekin eta argazkilaritza- eta arte-erakusketekin (sariak eta erakusketak eskainiz), tokiko talde txikien kontzertuen agendarekin (Sofar nazioarteko ekimena, adibidez), solasaldiak eta udako zinema-saioak antolatuz, eta hiriarentzako zeregin interesgarria frogatzen duten elkarte kulturalentzat eremu bat gaituz.

Non egingo litzateke?

Kultura katalizatzaile gisa aprobetxatzea da asmoa, goibel geratzen ari diren hiriko eremuak suspertzeko. Zentzu horretan, interesgarria izango litzateke sare hori hiriko hainbat puntutara zabaltzea: zentroak alde zaharrean (astean zehar ere irekita dauden ostalaritzako lokalak berriz agertzea erraztuko luke) eta beste leku batzuk, ibaiertzeko ibilbidea adibidez (Zuluetako jauregia) edo unibertsitateko eremua.

KulturHub sarearen agendak herritarren joan-etorria sustatuko luke gaur egun jende gutxi ibiltzen den eremuetan. Hiriak agenda kultural sendoa izango luke eta, aldi berean, urbanistikoki ere berpiztu egingo litzateke. Eraikin batzuk etengabeko kudeaketara bidera litezke (Zulueta edo Eskibel jauregia, adibidez), eta beste batzuetan aretoak erabiliko lirateke, agendaren arabera (Goiuri Jauregia, Montehermoso, unibertsitateen eremuko udal-artxibategia eta abar).

Gune horietako batzuk berrerabiltzea eta publiko orokorrari irekitzea balio erantsi bat da, hiriari erakargarritasun turistiko handiagoa emango liokeelako eta, era berean, gasteiztarrek berea izatearen sentimendu handiagoa izango luketelako.

Hirian potentzial handia duten eremuak aprobetxatzea, areto batzuk erakusketarako, edukiera txikiko kontzertuetarako, lantegietarako eta hiriko elkarte kulturalen bulego gisa egokituz. Vitoria-Gasteiz KulturHub sareak herritarrak eta bisitariak erakartzen lagunduko luke, batzuetan jende gutxi ibiltzen den hiriko eremuetara. Horrela, beste saltoki batzuk agertuko lirateke, jarduera berrituari esker.

Zer ekarpen egiten du?

Batzuetan, jendeak hiri eroso eta berdetzat jotzen du Gasteiz, baina bizitza kulturalik gabea. Hori da jende gehienak aipatzen duen gauza negatiboetako bat; izan ere, ez dago egiteko ezer inguruko hiriekin alderatuta.

Gasteizek eginkizun kultural garrantzitsua izan du historian, eta berreskuratu ahal izateko baldintza egokiak betetzen ditu. Eskaintzeko beste zerbait ez badago, eta jarduera erakartzen ez bada (ez kanpoko turismoa bakarrik, tokikoena baizik), tokiko merkataritza-ehuna

desagertzeko arriskuan dago, eta hiriko bizitzak ere itzaltzeko arriskua dauka.

Behinola izan zen "Iparraldeko Atenas" horri begiratzen dion proiektu baten alde apustu egiteko unea da. Kulturak hurbildu egiten du, batu egiten gaitu, sortu egiten du, amets eginarazten digu… Ezinbestekoa da agenda kulturala indartzea eta hiriari orain ez duen ehun kulturala ematea: herritarrek sorkuntza horretan parte hartu behar dute eta agenda iraunkor bat lortu behar dute, urteak igaro ahala hazi egingo dena, erreferente bihurtu arte.

Horretarako, ezinbestekoa izango da ekosisteman lan egitea, dagoeneko horretan lan egiten duten estamentu publikoak eta sektore pribatua barne hartuz (kontzertuak eta bestelakoak antolatuta), baita hiriko biztanleak ere, parte-hartze aktiboagoa izan dezaten. Zatiketa garai hauetan, Vitoria-Gasteiz KulturHub topaleku bihur liteke, etorkizunari aurre egiteko behar-beharrezkoa.

Zure iritziak axola digu

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu. Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.

Gai mota *
Aldartea *
Hautatu gaiaren hizkuntza.
Harremanetarako beste kontaktu bat: