Borinbizkarra-San Martin eskola bide segurua

Bozketa fasearen ondoren, 2022 eta 2023ko aurrekontuekin gauzatuko diren aukeratutako proiektuetatik kanpo gelditu zen.

Vitoria-Gasteiz Hobetuz ekimenean Malizhaeza Abendaño Ikastolako guraso elkarteak aurkeztutako proposamena.

Eremua: Gasteiz hiri seguruagoa

Auzoa(k): San Martin

Gutxi gorabeherako kostua: 200.000 €

Zertan datza?

Eskolarako bide seguruak sortu, handitu eta hiria oinezkoentzat/bizikletarentzat berreskuratu behar dugu, zehazkiago Borinbizkarra eta San Martin auzoetatik Abendaño ikastolarako eta Miguel Unamuno Instituturako sarbideetan.

Familia asko seme-alabekin batera joaten dira oinez edo bizikletaz Abendaño ikastolara, eta horrek berekin dakar 10 minutuko ibilbide laburrean segurtasunik gabeko puntuak (argazkietan batzuk) zeharkatu behar izatea: ikusgarritasunik gabeko kurbak oinezkoentzako pasabidearekin, existitzen ez diren bidegorriak edo zati txiki bat baino ez duten bidegorri sortu berriak (ikusi Francisco Leandro Viana kalean hasten-amaitzen dena eta Tomas Zumarraga Dohatsuarekin gurutzatzen dena), erdibitzaile estuak, etab.

Mugikortasun-eskaera berrien aurrean, Borinbizkarra/San Martin auzoa eta ikastetxeak (Abendaño Ikastola/Miguel de Unamuno Institutua) lotzen dituen familientzako ibilbide seguru bat sortzeko honako hauek proposatzen ditugu:

  • Oinezkoen pasabide goratuak, sakagailuak eta semaforoak ibilbide osoan
  • Ibilbide hori egiten duten ibilgailuen gehieneko abiadura 30 km/h-ra murriztea
  • Radarrak jartzea
  • Zirkulazioa arintzea San Martin/Borinbizkarra auzoetatik sartzeko errepidean
  • Ibilbidean oinezkoak daudela ohartarazten duten seinaleak jartzea
  • Ibilbide horretan bidegorriak sortzen eta haien luzapena egiten jarraitzea (Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean amaitzen da, eta ez du Zabalganarekin lotuko duen jarraitutasunik)
  • Borinbizkarra eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren arteko zuzeneko lotura den Oto hiribideko zubiko oinezkoen zatia zabaltzea

Non egingo litzateke?

Gasteiz hirian, Borinbizkarra-San Martin auzoan. Oro har, onura Borinbizkarra-San Martin auzoetako biztanleentzako da, eta ibilbide hori erabiltzen duten biztanle guztiei egiten die mesede, ohikoak edo noizbehinkakoak diren gorabehera, eta, batez ere, egunero eskolara joaeko erabiltzen duten pertsona ugariei.

Eskola-ibilbideak ziurtatuz, onuradunen kopurua gero eta handiagoa izango da, pertsona gehiagok hartuko baitute ohitura gisa oinez edo bizikletaz joatea.

Zer ekarpen egiten du?

Familiek eta, batez ere, haur eta gazteek maiz egiten duten ibilbide horretan segurtasuna areagotuz, ibilbide horietan bizi diren eta horiek erabiltzen dituzten pertsonen bizitza hobetu nahi dugu, baita eremu horietako mugikortasunaren jasangarritasuna hobetu, istripuak/harrapatzeak izateko arriskua murriztu, eta bizikletaz edo oinez joaten diren haurren eta nerabeen autonomia sustatu ere.

Hezkuntza Zerbitzuaren 2016/2022 Plan Estrategikoaren 8. jardunak (hezkuntza eta espazioaren eta denboraren erabilerak) islatutakoaren arabera, ezinbestekoa da ikasleen mugikortasun segurua sustatzea. Eskola-bideetan segurtasuna areagotzea horrekin bat egitea eta funtsezko arazo baten aurka borrokatzea da.

Zure iritziak axola digu

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu. Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.

Gai mota *
Aldartea *
Hautatu gaiaren hizkuntza.
Harremanetarako beste kontaktu bat: