Gasteizek postontzi adimendunen sistema logistikoa izango du, Zabalgunean paketeak bizikletaz banatu ahal izateko

2021eko urriaren 8an

Postontzira sartzeko, nahikoa izango da telefono mugikorra edo antzeko gailu adimenduna erabiltzea.

 

DOSSIER BUZOIAK

Udalak postontzi adimendunen sistema logistiko bat ezarriko du Gasteizko Zabalgunean, paketeak bizikletaz banatu ahal izateko. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak bultzatu du proiektua, Gasteiz Green Deal planaren barruan, eta dagoeneko esleitu dira jasotzeko guneak jartzeko lanak.
Enpresa esleipendunak 18 postontzi adimendun jarriko ditu Zabalguneko 9 lekutan (kaleen arteko bidegurutzeetan batez ere), azken kontsumitzaileak paketea ondoen datorkionean jasotzeko aukera izan dezan. Postontzira sartzeko, nahikoa izango da telefono mugikorra edo antzeko gailu adimenduna erabiltzea. Banaketa-enpresek baldintza hau bete beharko dute postontzi horiek baliatzeko: produktua bizikletaz edo oinez eramatea postontziraino. Bizikletaz banatzeko tokiko enpresa espezializatu bat arduratuko da horretaz.

Proiektu honen bidez, beste urrats bat ematen dugu Garapen Iraunkorrerako Helburuen eta 2030 Agendaren baitan kokatzen den “Gasteiz Green Deal” plana betetzeko. Izan ere, ekimen aitzindari bat jarriko dugu abian, hirian eragina izango duena eta garapen ekonomiko iraunkorra, gizarte-kohesioa eta ingurumen-iraunkortasuna areagotzen lagunduko duena. Banaketa-ibilgailuak erdigunetik aterako ditugu, gure hiriko enpresei lagunduko diegu eta zerbitzu publiko berri bat eskainiko dugu, zeinak tokiko merkataritza sustatzeko balioko baitu”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Gainera, tokiko merkataritzari mesede egiteko asmoz, Udalak postontzi horiek doan erabili ahal izatea proposatuko die hiriko denda eta negozioei.

Udalak hiru helburu lortu nahi ditu zerbitzu publiko hori eskainiz:

1) Mugikortasun iraunkorra eta emisioen murrizketa: banaketa-enpresek diotenez, hiru paketetik bat ez da momentuan entregatzen, hau da, huts egindako entregak dira. “Banaketa horiek eta, batez ere, entregatzeko saiakerak murriztea lortzen badugu, furgonetak kaleetatik aterako ditugu, gure espazio publikoaren kalitatea hobetuko, erdiguneko trafikoa murriztuko eta gas kutsagarrien isurketa gutxituko“, adierazi du  Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. Hirian jarduten duten banaketa-enpresa nagusiek erabiliko dute sistema. Hamar enpresa inguru dira.

2) Tokiko kontsumoa sustatzea. Proiektuaren zutabe nagusietako bat da. Tokiko merkataritzari postontzi horiek erabiltzen utzita, erosketa errepikaria deritzona erraztu nahi da. Izan ere, herritarrek asteko ogia, fruta edo barazkiak erosi eta saltokiek produktuak postontzian utzi ahalko dituzte, erosleak ondo datorkionean jaso ditzan.

3) Ekonomia berdea. Arestian aipatutako guztiak, zalantzarik gabe, ekonomia berdea sustatuko du, alegia, Gorka Urtaran alkateak hirirako bultzatzen duen Gasteiz Green Deal itunaren oinarrietako bat. Gainera, banaketa-enpresek elkarlanean jardungo dute paketeak bizikletaz banatzen espezializatutako tokiko enpresekin. Horrela, ekonomia berdearekin lotutako proiektu berritzaileetan lan egiten duten Gasteizko enpresak sendotu eta bultzatzen lagunduko da.

Proiektu pilotu bat da: lehenengo fasean esperientzia mota horrek nola funtzionatzen duen aztertuko da, eta datuak jaso eta ondorioak ateratzeko aukera emango digu. Gero, emaitzak onak badira, hiriko beste leku batzuetan errepikatu ahalko da. Era horretako postontzi-sistemak kudeatzen dituzten enpresek, gainera, interes handia dute horiek jabetza pribatuetan instalatzeko (etxebizitza-blokeak, atariak, etab.). Horiei ere esperientziaren funtzionamendua aztertzeko balioko die.

 

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.