Adinekoen Bakardadearen eta Isolamenduaren kontrakoa - Kanpainaren emaitzak

Kanpainaren irudia

Herritarren zahartze aktiboaren aldeko apustua egiten du Gasteizek, eta 2011z geroztik adinekoekin adeitsu diren hirien munduko sarean sartuta dago. Osasunaren Mundu Erakundeak gidatzen duen proiektu bat da, zeinek adinekoekin adeitsu den hiritzat jotzen baitu adinekoak aktibo mantendu daitezen, segurtasunez bizi daitezen, osasun ona izan dezaten eta komunitateko bizitzan parte har dezaten diseinatuta dagoena.

Horrela, adinekoekin adeitsu den hiria den aldetik, baliabide-sare zabala eta askotarikoa du Gasteizek -gizarte-etxeak, liburutegiak, antzokiak, hezkuntza-espazioak, adinekoen zentro soziokulturalak, osasun-parkeak eta kirol-instalazioak-, eta jarduera soziokulturalen eta prestakuntza-, ingurumen-, kirol- eta kultura-jardueren programazio ugaria.

Ildo horretatik jarraituz, eta Hiri Planaren barruko munta bereziko proiektu gisa, adinekoen bakardadearen prebentziorako kanpaina jarri zuen abian Gasteizko Udalak 2016ko ekainean, informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat, adinekoen beharrak detektatzeko eta behar duten erantzun soziala emateko.

Hiru helburu nagusi ditu kanpainak:

  • Informatu eta sentsibilizatzea.
  • Detektatu eta bideratzea
  • Laguntza ematea

Kanpaina

Komunitate Jardueraren Zerbitzuko, Adinekoen Zerbitzuko eta Zuzendaritza Atal Teknikoko profesionalek osatutako lantalde batek parte hartu du kanpainaren garapenean. Prestatu diren materialak landu dira talde horretan, eta orobat horiek banatzeko estrategia.

Hiru mailatan zabaldu da aldi berean kanpaina:

  • Hiri osoan: publizitate-kanpaina, hainbat bitarteko baliatuz -esku-orriak, kartelak, banderatxoak, prentsa-iragarkiak, autobusen atzealdeak, bideoa, webguneko informazioa, herritarrei laguntzeko bulegoak, 010-.
  • Auzoetan: gizarte-zerbitzuen bitartez, zonako gizarte-eragileekin eta elkarteekin.
  • Banaka: gutuna bidali zaie Gasteizen bakarrik bizi diren eta gizarte-zerbitzuetan arretarik jasotzen ez duten 75 urtetik gorako 1.240 adinekori.

Herritar orori zuzendu zaizkie ekintzak, zahartu ahala adinekoen bizi-kalitatea hobetzea helburutzat hartuta. Gainera, bereziki honako hauengana iritsi nahi izan da:

  • 65 urtetik gorakoak, oro har.
  • Arreta jaso arren bakarrik bizi direnak.
  • Beste pertsona batzuekin bizi arren bakardade- eta isolamendu-arazoak dituztenak.
  • Beren kargura beste pertsona batzuk dituzten adinekoak.
  • Adinekoak zaintzen dituzten familiak.
2016-2017 zabalkundea

Kanpainaren zabalkundea bi alditan egin da, ahalik eta gehienengana iristeko eta eragina areagotzeko: 2016ko ekainean eta irailean. 2017an, Cáritasen bakardadearen lantaldeari eta informazioa eskatu zuen Forum 50-70 elkarteari eman zitzaien kanpainaren inguruko informazioa sailetik. "Zahartzaroa" Geriatria eta Gerontologia Biltzarraren bitartez ere egin zen kanpainaren zabalkundea; izan ere, zabalkunde-materiala emateaz gain, informazio-stand bat jarri zen bertan.

Hirian dauden sare komunitarioak kontuan izan dira sentsibilizazio-ekintzen planifikazioan, adinekoen bakardade-kasuak detektatzeko eta horren aurrean esku hartzeko sarearen parte izango baitira, eta, horrenbestez, ezinbesteko katebegiak hiriko zona guztietara hedatutako detekzio, sentsibilizazio eta prebentziorako eta esku hartzeko sarean.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak arduratu dira proiektuak beren zonetara zabaltzeaz. Zonako lantaldeen laguntza eskatu dute horretarako, jarduera soziokulturaletan eta kirol-jardueretan parte hartzen duten taldeen artean zabalkundea egiteko, jardueretako monitoreen bitartez, edo gainerako foroetan -gizarte-etxeko lantegiak, zerbitzuak, jarduera soziokulturalak eta kirol-jarduerak; zonan dauden beste talde batzuk...- parte hartzen duten adinekoen artean.

Gainera, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik hainbat bilera deitu dira, normalean elkarlanean jardun ohi duten zonako gizarte-eragileei eta erakundeen ordezkariei proiektua azaltzeko, proposamenak jasotzeko eta errealitatea ezagutzen lagunduko duen informazioa biltzeko.

Guztira, kanpaina abian jarri zenetik (2017ko azaroko datuak), eta oinarrizko gizarte-zerbitzuek emandako datuen arabera, bilera hauek egin dira: 9 bilera zonako lantaldeekin, 6 bilera osasun-zentroekin, 3 bilera auzo-elkarteekin eta 3 parrokiekin, 3 bilera adinekoen plataformarekin, 2 bilera adinekoen egoitzekin eta hainbat elkarte eta entitaterekin -Afaraba, Argibide, Cáritas, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sustapena, Elizbarrutiaren Berriona Zentroa eta Kaleratzeak Stop-.

Adinekoen Zerbitzua izan da bakardadearen prebentziorako kanpainaren zabalkundearen bultzatzaile nagusietako bat, adinekoentzako zentro soziokulturalen bitartez, non eskuragarri baitago kanpainako informazio guztia, baita publizitatea ere. Gainera, 2016ko ekainetik irailera bitartean, kanpainaren inguruko 15 informazio-saio egin ziren zentro horietan.

Adinekoen elkargunean ere eman zen kanpainari buruzko informazioa, 2016ko ekainean, eta bilera bat egin zen San Martineko osasun-zentroarekin, kanpainaren helburuak ezagutzera emateko eta bertako profesionalak kasuak detektatzeko sarean sartzeko.

Adinekoentzako zentro soziokulturaletan 27 pertsonari eman zaie arreta joan den urtetik, kanpainaren ondorioz.

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailaren sistema informatikoan jasota dauden datuen arabera, guztira 22 kasu erregistratu dira hiriko zona guztietan.

Adinekoen bakardadearen inguruko kanpaina dela eta Gurutze Gorriak arreta eman dien kasuak zazpi izan dira, bost bizikidetza-unitate osatzen dituzten zazpi pertsona -bi bikote eta hiru banako-.

2018ko urtarrilean, proiektuaren jarraipena egiten segitzen da Atal Teknikotik, eta ebaluazioa egiten ere hasiak dira.

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: