Andre Maria Zuriaren jai 'zirraragarri eta jendetsuek' 130.000 pertsona baino gehiago bildu dituzte kontzertuetan eta musika-ikuskizunetan
2024ko abuztuaren 10ean argitaratua
Foru plazaz gain, Umorearen Txokoak eta Santa Maria plazako espazio berriak aurreikuspen guztiak gainditu dituzte, eta jende ugari bildu da.
- Sexu-erasoek jaiak lausotu dituzte eta protokoloa aktibatu dute
Gasteizko alkate Maider Etxebarriak eta Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Sonia Díaz de Corcuerak amaitu berri diren Andre Maria Zuriaren jaien balantzea egin dute gaur, zeinak egun guztietan eta ekitaldi eta espazio guztietan izandako jendetzagatik, bai gasteiztarra bai bisitariak, nabarmentzen diren. Hori baieztatzen du kontzertuez eta musika-ikuskizunez 130.000 pertsonak baino gehiagok gozatu ahal izan dutela. Eta hori guztia gorabehera aipagarri gutxirekin; beraz, esan daiteke jai “lasaiak” eta oso parte-hartzaileak izan direla.
Maider Etxebarria alkateak bere balorazioan adierazi duenez, “festa olinpikoak izan dira, eta urrezko domina giro onak eta antolatutako 400 ekitaldi baino gehiagotan izandako parte-hartze handiak eraman dute. Jai zirraragarriak eta jendetsuak izan dira, eta parte-hartze handiagatik nabarmendu dira”. Alkatearen esanetan, balantze hori salatutako bi sexu-erasoengatik soiliklausotu da, “batzuek ukatu nahi badute ere, indarkeria matxistak hemen jarraitzen du eta emakumeen eskubideen aurkako atentatua da. Ez gara nekatuko hura gaitzesten, merezi dugun askatasunaren eta errespetuaren defentsan“.
Alkateak Zeledon berria, Iñaki Kerejazu, zoriondu nahi izan du, “Gorka Ortiz de Urbinaren errelebo bikaina izan da. Eskerrak eman behar dizkiogu egin duen lanagatik, bere entregagatik eta egun hauetan guztietan hain ondo ordezkatzeagatik. Estreinaldia bikaina izan du“.
Programazioaren ikuspegitik, balantze orokorra oso positiboa da. “Aurreikusitako 400 ekitaldi baino gehiago egin dira, eta, gainera, bertaratze-kopuruak aztertuta, esan dezakegu harrera eta parte-hartze oso ona izan dutela. Azpimarratzekoa da gauero Foruen plazako kontzertuak bete dituzten ikusle kopurua, guztira 60.500 izan baitira“, adierazi du Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.
Halaber, bitartekaritza prozesuaren ondoren Blusen eta Nesken Federazioaren eta Batzordearen arteko koordinazio ona nabarmendu du zinegotziak. “Koordinazio bikaina egon da Batzordearen eta Federazioaren artean berdintasun-gaiei dagokienez. Adibidez, Federazioak Batzordeko Berdintasun Taldera jo du aholkularitza eta laguntza bila, eta estrategiak partekatu dira. Sexu-erasoei emandako erantzunari dagokionez, koordinazioa oso ona izan da, Batzordearen eta Federazioaren arteko gaitzespen-mezu bateratua ere zabaldu da, eta hainbat gaitzespen- eta elkartasun-ekintza egin diran biktimekin, paseotxoan. Kalejirei dagokienez, gehienak azkarragoak eta arinagoak izan dira, eta lore-eskaintza modu ordenatuan egin zen, erloju baten moduan“.
Jai-ekitaldiak zenbakitan
- Jaietako pregoia: 2024ko pregoia Elisa Rueda poeta, irakasle, aktore eta idazleak egin zuen. Bere hitzen ondoren, ekitaldia Kresala Dantza Taldearen emanaldiarekin eta argi eta soinu ikuskizun batekin amaitu zen, Plaza Berri bete baten begirada arretatsuaren aurrean.
- Zeledonen jaitsiera eta igoera: Zeledonen jaitsierak urtero betetzen ditu Andre Maria Zuriaren plaza eta inguruko kaleak. 60.000 pertsona inguruk elkarrekin ospatu zuten 2024ko Andre Maria Zuriaren jaien hasiera. Igoeran, bestalde, hilaren 4ko ia publiko kopuru bera izan zela aurreikusten da. Ekitaldi hau gero eta jendetsuagoa da.
- Edurneren eta Zeledon Txikiren jaitsiera: urtetik urtera, gero eta arrakasta handiagoa du; zehazki, hilaren 7an, jaitsieran, 20.000 pertsona inguru izan ziren Andre Maria Zuriaren plazan. Gainera, Alazne Rubio eta Joritz Esperanza, pertsonaia horien papera egin zutenak, aurten lehen aldiz aterkiekin geratu ahal izan dira, oroigarri gisa.
- Foruen plaza: aurten Foruen plazan iaz baino kontzertu bat gehiago izan da, abuztuaren 3ko Los 40 LaBlanca. Beraz, gune honetan, 6 kontzertu izan dira, eta azpimarratzekoa da guztiak bete egin direla, festa guztietan zehar etengabeko bertaratzea lortuz, azken kontzertuan izandako daturik onenarekin. Plazak 60.500 ikusle bildu ditu: 40 LaBlanca (10.500 pertsona), Esne Beltza (9.500), Nil Moliner (10.000), Luz Casal (10.500), Doctor Deseo (9.000) eta Zetak (11.000).
- Aihotz plaza: jende asko pasa da bertatik programatutako ikuskizunez gozatzeko: trikitixaz eta eguerdian izan diren bertso-saioez. Gaueko kontzertuak 23:00etara aurreratu dira, eta, ondorioz, ohiko kopuruak gora egin du: Modus Operandi (1.200 pertsona), Süne (1.000), Sara Zozaya (400) eta Kalakan (1.000).
- Santa Maria plaza: gune hau aurtengo nobedadeetako bat zen. Aihotz plazako ohiko programazioaren zati bat hartu du plaza honek; zehazki, 19:45eko kontzertu eta ikuskizunak, eta Larrain Dantza eta Txulalai. Arrakasta handia izan du ekitaldien banaketa horrek, 10.000 pertsona inguru bertaratu baitira kontzertuez gozatzera eta Dantza Plazan dantzatzera.
- Plaza Berria: 45.000 pertsona baino gehiagok bete dute espazio hau gauez gau, 6 orkestra handien emanaldiez gozatzeko. Gau batzuetan plaza erabat bete da, eta programazioaren gaueko apustu seguruetako bat bihurtu da.
- Probintzia plaza: askotariko ikuskizunetarako espazioa, Rumbo a Tijuana mariatxi eta erritmo dantzagarrietatik hasi eta La Polaca y su Transkabaret Show ikuskizuneraino, Tributo a los Panchos, Divinas Lyric Pop eta Medicina Alternativa ikuskizunetatik igaroz. Guztira, 12.000 pertsona baino gehiago igaro dira bertatik eta plaza gauero bete da.
- Falerina lorategia: gune hau herriko taldeen agertoki nagusia izan da, 10 kontzertu programatu dira harrera onarekin, arratsaldero bete direlako, lehen ordutik publiko gaztea erakarriz.
- Prado parkea, Umorearen eta Joten Txokoarekin: 20.000 pertsonak baino gehiagok momentu ona pasa nahi izan dute Umorearen Txokoari esker, geroz eta arrakasta handiagoa duen espazioa. Adibidez, Alex O ‘Dogherty edo Javi Sancho umoristek 3.000 pertsona baino gehiago bildu zituzten. Era berean, Nafarroako, Errioxako eta Aragoiko jotak maite dituen publikoak leku honetaz gozatu ahal izan du.
- Abentura gunea (Arriaga parkea): jai hauetako beste apustuetako bat haurrentzako gune hau zabaltzea izan da. Gune horrek ere oso ondo funtzionatu du, eta haur asko bildu dira festa guztietan. Guztira 35.000 parte-hartzaile izan dira.
- Zezensuzkoak (Olagibel kalea): herritarren eskaerari jarraituz, zezensuzkoa 22:00etara aurreratu da aurten. Bete-betean asmatu da, 25.000 pertsona joan baitira 8 zezensuzkoen saioetara, 2023an baino 1.000 gehiago.
- Su artifizialak (Mendizabala): Martí, Zaragozana, Xaraiva eta Hermanos Ferrere enpresek hartu dute parte, eta ekitaldirik jendetsuenetako bat izan da.
- Principal antzokia: hiru izan dira Andre Maria Zuriaren jaietarako proposamenak, ohi bezala:
- El novio de España (abuztuaren 4an eta 5ean): 1.160 ikuslek ikusi dute guztira, eta batez beste bertaratzea % 45ekoa izan da.
- Las nubes (abuztuak 6 eta 7): guztira 1.700 ikusle izan ditu eta batez beste bertaratzea % 88koa izan da.
- Ez naiz inoiz Dublinen egon (abuztuaren 8an eta 9an): bertaratzea % 68koa izan da, eta 1.010 ikusle izan ditu guztira.
- Iradier Arena: jaietan zehar, abuztuaren 5etik 9ra, Iradier Arenan bigantxekin 15.000 pertsona bildu dira.
Turismoa
Festa-giro ona ostalaritzan eta hoteletan ere nabaritu da; izan ere, sektoreak berak emandako datuen arabera, jaien hasieran ia % 100eko okupazioa izan zuten hotelek eta ostatuek, eta gainerakoak, berriz, % 80tik % 95era bitartekoa izan zuten.
Jai hauetan Gasteiz bisitatu duten pertsonen jatorriari dagokionez, jaien aurretik, abuztuaren 2tik, 2.800 pertsona inguru igaro dira Turismo Bulegotik. Euskadi, Katalunia, Madril, Valentziako Erkidegoa eta Andaluzia izan dira bisitari nazional gehien ekarri dituzten autonomia-erkidegoak.
Atzerriko turismoari dagokionez –Turismo Bulegoan jasotako bisiten % 22–, Frantziatik, Italiatik, Herbehereetatik, Belgikatik eta Alemaniatik etorritako bidaiariak izan dira ugarienak.
Garbiketa
Aurten ere, garbiketa zerbitzua egunero aritu da jo eta su hiria behar bezala garbitzeko eta, horrela, jai-ekitaldi guztiek aurreikusitako garapena izan zezaten.
Zeledonen jaitsieran, 2.760 kilo hondakin bildu ziren, 70 pertsonak eta makineria espezializatuak osatutako operatibo baten bidez. Andre Maria Zuriaren jaietan, garbiketaren eta bilketaren artean, kaleko langileen batez bestekoa 210 izan da, eta 1.786 lanaldi egin dituzte.
Garbiketa-operatibo hori indartu egin da jende gehien biltzen den espazio eta esparruetan; hala nola, nesken eta blusen paseilloetan, txosnetan, azoka-esparruan eta zoko arabiarrean.
Osasun publikoa
Osasun publikoaren arloan, Udalak higiene- eta osasun-baldintzen ohiko kontrolak egin ditu gastronomia-ekitaldietan, ostalaritza-establezimenduetan, azoka-esparruan eta txosnetan. Guztira, baldintza “onargarriak” dituzten 100 establezimendu baino gehiago ikuskatu ditu.
Abuztuaren 4tik 6ra informazio-gune bat jarri zen Loma Jeneralaren plazan, alkoholaren kontsumoaren arriskuak prebenitzeko. Bertatik, alkoholemia kontrol prebentiboak egin dituzten 681 lagun igaro dira, eta horietatik % 41k positibo eman zuen.
Era berean, Ai Laket elkartearen eskutik, Andre Maria Zuriaren jaietako lehenengo egunean, esku-hartze bat egin zen gazteak alkohola edatera biltzen diren gune publikoetan. 216 neska-mutilekin (% 51 adingabeak) kontaktatu, eta prebentzio-informazioa eman zieten elkarteko lau kidek.
Bestalde, elkarte beraren bitartez, abuztuaren 4tik 5erako gauean, substantzien “testing” zerbitzu bat jarri zen Loma Jeneralaren plazan, eta 21 pertsonak erabili zuten.
Herritarren segurtasuna (*)
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak koordinatuta lan egin dute jaietan segurtasuna bermatzeko polizia-dispositibo bateratu bat garatzeko. Bi polizia-kidegoek batera 544 salaketa izapidetu dituzte eta 25 pertsona atxilotu dituzte delituak egiteagatik.
Jai-esparruetara jende asko hurbildu denez, diru-zorroak eta mugikorrak galdu eta ebatsi dira. Aurten, 87 diru-zorro eta 259 mugikor desagertu direla salatu da, hau da, 2023an baino 72 mugikor gutxiago eta 21 diru-zorro gehiago.
Bestalde, laguntza-dispositiboari dagokionez, jai-guneetan ezarritako osasun-dispositiboek 182 pertsona artatu dituzte, gehienak zauriengatik eta kolpeengatik.
Indarkeria matxista
Abuztuaren 3tik 9ra, Berdintasun Zerbitzuak “informazio-gune morea” jarri zuen Foruen plazaren ondoan, indarkeria matxista prebenitzeko informazioa emateko.
Handik, 4.095 pertsona igaro dira; horietatik % 68 emakumeak. Informazioa eman zaie denei. Hainbat hezitzaile izan dira gune horretan, eta prest egon dira biktima izan zitezkeneei arreta segurua eskaintzeko.
Horrelako delituen aurrean gizarteak kontzientzia handiagoa duen arren, jaietan bi sexu-eraso salatu dira, eta, ondorioz, Udalak indarkeria matxistaren aurrean erantzun publikoa emateko udal-protokoloa aktibatu du.
TUVISA
TUVISA Hiri Garraioko Sozietate Publikoarentzat, jaietako bilakaerak positiboa izaten jarraitzen du. Zenbakitan, lineen erabilerak % 1,8 igo dira 2023arekiko, eta % 11,2 2019arekiko (pandemiaren aurretik). Halaber, BEIk izan duen bilakaera nabarmena aipatu behar da, 2023arekin alderatuz gero, % 13,2ko igoera izan baitu, eta 2019tik % 104,4koa.
*Prentsaurrekoaren ostean, Udaltzaingoak datuak eguneratu ditu.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.