Udaleko hezkuntza jarduerak – Sexu-hezkuntzari buruzko formakuntza integrala

Educación para la igualdad de género

Ikasurtea: 2024-2025 / Gaia: Berdintasunerako hezkuntza

Inscripción online

Deskribapena

Formakuntza hau, ikastetxe batean eta ikasturtean zehar, sexu-hezkuntza modu transbertsalean txertatzeko estrategia integral eta koherente bat garatzean datza. Hezkuntza-komunitate osoa hartuko da kontuan (irakasleak, hezkuntza-langileak, ikasleak eta familiak), eta gainditu egingo dira jarraipenik gabeko tailer puntualak, ikastetxeei hezkuntza-curriculum berrian eta indarreko araudian ezarritako helburuak betetzen laguntzeko asmoz.

Esku-hartzea esparru sexologiko feminista batetik egingo da, aniztasuna landu daitekeen baliotzat izanda eta egungo testuinguru soziopolitikoa aintzat hartuta. Azken helburu estrategikoa eskolak erakunde autonomoagoak izatea da, etapa guztietan ikasleen sexu-hezkuntza integrala bermatzeko.

Proposamena egokitu egingo da zuzentzen zaion ikastetxea Lehen Hezkuntzakoa, Bigarren Hezkuntzakoa edo bi etapetakoa den kontuan hartuta. Estrategiak honako esku-hartze hauek barne hartzen ditu:

  • Irakasleak eta hezkuntza-langileak:
    • Hezkuntza-etapara egokitutako prestakuntza.
    • Ikasturtean zehar aholkularitza zerbitzu etengabea, eskatu ahala, eskainitako orduak amaitu arte: egoera zehatzei heltzea, hirian espezializatutako baliabide eta zerbitzuei buruzko orientazioa, egun jakinei heltzeko orientabidea (O11, M8, M17, A25…) sexu-hezkuntzaren egoera indarrean dagoen legeriari dagokionez, hezkuntza-curriculum berria…
  • Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzako 5. mailara bitarteko ikasleak:
    • Irakasleei ikasgelan esku-hartzeko unitate didaktikoak eta estrategia zehatzak diseinatzen laguntzea eta jarraipena egitea, ikasgaietan edo tutoretzan sexu-hezkuntza zeharka txertatzeari begira.
    • Material didaktikoak berrikustea ikuspegi sexologiko feminista intersekzionaletik.
  • Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak:
    • Haien garapenari egokitutako prestakuntza.
  • Bigarren Hezkuntzako ikasleak:
    • Unean uneko formakuntza eta aholkularitza pertsonalizatua.
  • Familiak:
    • Adin txikikoen hezkuntza-etapara egokitutako prestakuntza, haien sexualitatean laguntza eman diezaieten.

Denbora elkartearen kontura.

Balioak

Bizi-kalitatea - Genero berdintasuna - Ardura

Helburuak

  • Sexualitateei arreta emateko ekintza-esparru koherente bat sortzea, estrategia bateratu baten baitan.
  • Zalantzak argitzea. Ikastetxeetan nahiz komunitate mailan sexualitatearen arloko erreferentziazko figura bat sortzea, hau da, zentroaren ezaugarri zehatzak ezagutzen dituen sexologiako profesional bat.
  • Irakasleak orientatzea, ikasleei laguntzeko erreferentziazko pertsona gisa, eta, beharrezkoa bada, nora jo jakiteko.
  • Transbertsalitatea. Aholkularitza ematea, sexu-hezkuntzarekin lotutako alderdiak transbertsalizatzeko helburua bete ahal izateko.
  • Lehen eskolatze-urteetan eragitea, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloetako irakasleei aholkuak emanez; izan ere, normalean, sexu-hezkuntzako programekin ez da horietara iristeko aukerarik izaten.
  • Bigarren Hezkuntzako ikasleei arreta pertsonalizatua ematea tailerren bidez, eta, ondoren, banakako aholkularitza bidez.
  • Sexualitatearekin lotutako gai batzuekin blokeatuta dauden edo informazioa jaso nahi duten familientzako baliabide izatea.
  • Ziurtatzea ikastetxeek material egokia (idatzizkoa, ikus-entzunezkoa…) dutela etapa guztietan sexualitatearen arloan laguntza emateko.

Hartzaileak

Hezkuntza-komunitate osoa (irakasleak, hezkuntzako langileak, ikasleak eta familiak)

Parte hartzeko baldintzak

  • Sexu-hezkuntzari buruzko formakuntza integrala eskatzen duen ikastetxeak estrategian jasotako eta aurreko puntuan aipatutako jarduketa guztiak egin behar ditu.
  • Irakasleei eta langile laguntzaileei zuzendutako formakuntzetan, gutxienez, deitutako irakasleen eta laguntza-langileen % 75ek parte hartu beharko du, etaparen arabera.
  • Aurreko puntuan jasotzen den bezala, proposamena ikastetxearen ezaugarrietara egokituko da, eta, hasteko, ikastetxeak dituen etapetatik abiatuko da. Esku-hartze proposamenak ikastetxeari eska diezaiokeen denbora kalkulatzeko, taula hau egin dugu.

Antolakuntza

  • Lekua: jarduera eskatzen duen ikastetxea.
  • Egutegia: Denbora elkarteko hezitzailearen eta ikastetxearen artean adostu beharko da.
  • Ordutegia: Denbora elkarteko hezitzailearen eta ikastetxearen artean adostu beharko da.
  • Iraupena: ikasturte osoan zehar.
  • Hizkuntza: euskaraz edo gazteleraz, zentroak erabakiko du.
  • Izena emateko epea: irailaren 4tik 22ra.
  • Prezioa: doako ekintza.
  • Harremanetarako pertsona: Itziar Abad
  • Helbidea: Alkatetzaren, Erakunde Harremanen eta Berdintasunaren Saila. Berdintasun Zerbitzua.
  • Telefono-zenbakia: 945 16 16 16, 6525 luzapena.
  • Helbide elektronikoa: iabad@vitoria-gasteiz.org
  • Webgunea: www.vitoria-gasteiz.org/desirakplazara

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.