Udalak estrategia bat aktibatu du Gasteizko ikastetxeetako eta haurreskoletako jolastokiak naturalizatzeko

2021eko azaroaren 24an

Datorren astean esperientzia pilotu bat inauguratuko da, eta 2022rako aurrekontuan 180.000 euro aurreikusi dira proiektua garatzeko.

IGIko lehendakari Ana Oregik eta Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu dituzte eskola-jolastokietan esku hartzeko estrategiaren ildo nagusiak. Lehen fasean, aisialdirako gune horiek naturalizatzea da asmoa, eta Hezkuntza eta Kultura Sailak 180.000 erreserbatu ditu 2022ko aurrekontu-proiektuan horretarako. 

"Duela zenbait urte mugimendu bat sortu zen hezkuntza-komunitatean, eskola-jolastokiak leku inklusibo, jasangarri eta natural zein topatzeko gune bihurtzearen alde. Saskibaloian, futbolean edo beste kirol batean aritzeko balio izateaz gain, ikasgelaren hedapena bihurtzeko kezka dago, gizarte-kohesioa, hezkidetza, ingurumen-hezkuntza ere lantzeko bertan. Gure hirian, 22 ikastetxek eta haien Gurasoen Elkarteek manifestu bat sinatu dute horren alde, eta Udalak egungo hezkuntza-irizpideen arabera egoki ez diren jolastokiak dituzten ikastetxeetan esku har dezan eskatu" azaldu du Estíbaliz Cantok. "Izan ere, bat gatoz ikastetxeetan grisaren ordez berdea jartzeko beharrarekin, eta eskaera hori aintzat hartuz lanean hasteko beharrarekin, familien, ikasleen eta, oro har, hezkuntza-komunitatearen premiei erantzuteko", Hezkuntzako zinegotziaren hitzetan. 

"Gizarte zibila administrazio publikoak baino azkarrago doa, eta Denon Eskola elkarteak Udaleko Eskola Kontseiluan eskatu zigun gaia aztertzeko lantalde bat sortzeko, hezkuntza-komunitatea oso interesatuta baitago, eta egungo egoerak horiei ekitera behartzen baikaitu" adierazi du Estíbaliz Cantok. 

Udal Eskola Kontseiluaren baitan egin zen lantalde horretaz gain, Hezkuntza eta Kultura Sailak, Udal Administrazioaren Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak lantalde bat sortu zuten konponbide-sorta bat proposatzearren, eskola-jolastokietan esku hartzeko proiektua gauzatzeari begira. Proiektuaren lehen fasea jolastokiak naturalizatzera bideratuko litzateke.

 

  

Ingurumen-ikaskuntzarako eremu bihurtzea 

"Gasteizko haurrek denbora gehien igarotzen duten lekuetako bat dira eskola-jolastokiak. Atsedenaldietan, eskolaz kanpoko jardueretan, edo eskolara sartu aurretik edo ondoren, ehunka pertsona biltzen dira leku horietan. Normalean asfaltoak eta futbol- eta saskibaloi-zelaiek okupatzen dituzte jolastokiak, eta bestelako jarduerak bazter geratzen dira, jolastokien alboetan. Espazio-gabezia horrek berdintasun-falta sortzen du nesken eta mutilen artean, baita ikasle zaharren eta gazteen artean ere", IGIko lehendakari Ana Oregiren hitzetan; horiek Gasteizko hezkuntza-komunitateak berak egiaztatutako faktoreak direla erantsi du. "Orobat, egiaztatu da ez dagoela berdegunerik, zuhaitzik, baratzerik eta bestelako elementu bizidunik, naturarekiko lotura umetatik garatzea errazten duenik. Jolas- eta aisialdi-guneak ikaskuntza-eremu bihurtuko balira, neurri handi batean ikasgelatik kanpo haurren ingurumen-heziketan lagunduko lukete, eta azpiegitura berderik ezean aukera hori galtzen da. Udala bat dator hezkuntza-komunitatearen mugimenduarekin eskola-jolastokiak toki natural eta berdinzale eta topatzeko gune bihurtzeko apustua egitean", nabarmendu du Ana Oregik.  

Eskaera hori eta Udalak helburu horien alde egindako apustua kontuan izanik, iaz hasi zen beharrezko eta aurretiazko urratsak ematen estrategia hori eraikitzeko. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, batetik, diagnostiko fisikoa egin du, hiriko ikastetxe guztietako (publiko zein itunpeko) jolastokien osaera aztertzeko, erabileraren eta materialaren arabera. 

Hezkuntza Zerbitzuak gobernantza-diagnostiko bat amaitu du, inplikatutako erakundeen eskumenak zehazten dituena, baita haur-eskolen, ikastetxeen eta hezkuntza-komunitatearen funtzionamendua ere, eskolekin, ikastetxeekin, hezkuntza-komunitatearekin eta erakundeekin hainbat alderditan (hezkuntza, mantentze-lanak) egin beharreko lan-prozesuak identifikatzeko. Gainera, bi diagnostiko egin zituen, bata Haur Eskoletan oinarritua eta bestea Ikastetxeetan, patioen birmoldaketaren inguruko beharrak, itxaropenak eta eskaerak modu zorrotzagoan ezagutzeko.

 

Datorren urtean: irtenbideen "gida" edo katalogoa, prestakuntza eta ikastetxeen hautaketa 

Lantaldea irtenbideen katalogo bat lantzen ari da orain, zeinak jardunbide egokien eredutzat hartuko baitu datorren astean Txagorritxu haur eskolan inauguratuko den proiektu pilotua.  

Horretaz gain, konpromiso-gutun bat prestatzen ari dira zentroko erabiltzaileei zenbait alderdiri buruzko prestakuntza emateko: landare-espezieak, soropilaren zainketa, hegaztien eta polinizatzaileen presentzia, eta beste.  

Eskola-jolastokiak eraldatzeko udal-estrategiak aurreikusten dituen ekintzetako bat prozedura bat ezartzea da, sustatzailearen arabera naturalizazio-prozesua hasteko.

Era berean, sailen arteko taldeak datorren urterako prestatuko ditu ikastetxeak eta haurreskolak hautatzeko eta lehenesteko prozedura eta prozesu horretan aplikatu beharreko irizpideak.

 

 

 

 

 

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.