Gasteizek udalerriaren eraldaketa energetiko integralerako tresna nagusia onartu du

2022ko ekainaren 21ean argitaratua

Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planak (PACES) kontsumo energetikoa % 29,6, berotegi-efektuko gasen isuriak % 61,5 eta garbiak % 83,1 murrizteko helburua ezartzen du 2030erako, 2006arekin alderatuta.

Gasteizek iragan ostiraletik eraldaketa energetiko integrala egiteko tresna nagusia du Klima eta energia Jasangarrirako Ekintza Plana (PACES). Gaur goizean aurkeztu dute plana udal batzordean Ana Oregi alkateordeak eta Andres Alonso Klima, Energia eta Jasangarritasun Zerbitzuko buruak.

Energiaren ikuspegitik, PACES 2030ek epe luzerako ikuspegia (2050 aurretik) ezarri du eta, horren bidez, Gasteizek klima-aldaketarekiko lurralde erresilientea izan nahi du honako hauek aldizka ebaluatuta: klima-aldaketaren ondorioak eta jasangarria eta inklusiboa den klima-ekintza; karbonoari dagokionez neutroa dena (hala, beroketa globala 1,5 ºC-ren azpitik mugatzera lagunduta); hiritarrek seguruak, jasangarriak eta denentzat eskuragarriak diren energia-zerbitzuetara sarbide unibertsala izanda eta, hala, energia-txirotasunari modu eragingarrian aurre eginda; eta oparoa, jasangarria eta inklusiboa den ekonomia.

Ikuspegi hori Klima eta Energiaren aldeko Alkateen Hitzarmenaren epe luzerako ikuspegiarekin lerrokatuta dago eta, denborari dagokionez, 2050. urtea baino lehen ere aurreratu nahi da.

PACES 2030ek asmo handiko arintze-helburuak ere ezarri ditu. Helburu horiek Hitzarmenak minimotzat jotakoez harago doaz eta honako hauek dira:

  • 2006ko datuekin alderatuta, 2030ean energia-kontsumoa % 29,6 gutxitzea.
  • 2006ko datuekin alderatuta, % 61,5 gutxitzea berotegi-efektuko gasen isurpenak 2030ean.
  • 2006ko datuekin alderatuta, % 83,1 gutxitzea berotegi-efektuko gasen isurpen garbiak 2030ean.

Gainera, arriskuen diagnostikoan ebaluatutako inpaktu-kateetako emaitzen arabera definitutako egokitzapen-helburu batzuk ezartzen ditu:

  • Lehorteak landatar ingurunean: nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerekin lotutako arriskua gutxitzea landatar eremuko politikak/programak/planak klima-aldaketaren eragin posibleen aurrean lerrokatuta, tokiko abeltzaintzaren eta nekazaritzaren babesa izanda eta tokiko ekoizleen egokitzapen gaitasuna sendotuta.
  • Ibaiko uholdeak hiri-ingurunean: muturreko gertaerekin lotutako uholde-arriskuaren orbana gutxituko luketen eta, aldi berean, ur-masen eta ur-baliabidearen aprobetxamendu jasangarriaren egoera ekologikoa hobetuko luketen hobekuntza eta egokitzapen hidraulikoko lanak garatzen jarraitzea.
  • Ibaiko uholdeak hiri-ingurunean: udalerriko lurralde eta hiri arloko funtzionalitatea bermatzea, lurraldeko plangintza jasangarriko eta drainatze-azpiegituren erresilientzia handituta mugikortasun arloko etenaldiak gutxituta.
  • Bero-boladak biztanleriaren osasunean: erosotasun termikoa eta muturreko tenperaturak gertatzen direnean erosotasuneko eremuetarako sarbidea bermatzea udalerrian hilkortasuna eta erikortasuna gutxitzeko.
  • Muturreko haizeek landatar ingurunean, hiri-ingurunean eta biztanleriaren osasunean duten eragina: muturreko haizeekin lotutako klima-aldaketako testuinguruen inguruko ezagutza hobetzea inpaktuak doitasun handiagoz ebaluatu, egokitzapen-neurriak ezarri eta lotutako jazoerak murriztu ahal izateko.

100 ekintza 13 eremu estrategikotan

Helburu eta xede horiek 13 esparru estrategikotatik abiatuta garatzen dira. Guztira, 23 lerro estrategiko eta 100 ekintza daude jasota horietan. Haietatik, 40 energia-trantsizioko eta isurpenak gutxitzeko ekintzekin lotuta daude, eta gainerako 60ak, aldiz, klima-aldaketarekiko tokiko egokitzapen-neurriekin.

2050erako ikuspegiari dagokionez, PACES 2030ek energia-txirotasunaren aurkako borroka ere jasotzen du hainbat ekintzaren bidez.

Era berean, PACESek energia-eragingarritasuneko eta energia berriztagarriak erabiltzeko helburuak ezarri ditu Udalarentzat bere jarduera esparruekin lotuta 2030. urtera begira:

  • udal-eraikinetako, argiztapen publikoko eta udal-flotako energia-kontsumoa gutxienez % 35 gutxitzea (2017ko datuekin alderatuta).
  • energia berriztagarriekin (kontsumo termikoak zein elektrikoak) estaltzea udal-eraikinetako, argiztapen publikoko eta udal-flotako energia-kontsumoaren % 32 gutxienez.

Azken helburu horiek eraikinetan eta instalazioetan egindako jardueren bidez lortuko dituzte espazio publikoari dagokionez. Gauza bera egingo da udal-zerbitzuak eskaintzeko modurik eragingarrienean ere (garraio publikoko autobus-flotaren % 100 elektrifikatuko da, argiztapen publiko guztia led erako argiztapenarekin ordezkatuko da edo batez ere autokontsumokoa den eguzki-energia fotovoltaikoaren 33 MW baino gehiago instalatuko dira, besteak beste).

Aurrekontu zenbatetsia, 922 milioi euro

Ekintza horiek bideratzeko aurrez ikusitako guztizko aurrekontua 922,5 milioi eurokoa da. Zenbateko horretatik, % 84 arintze-neurriekin lotuta dago, eta gainerako % 16 egokitzapen-neurriekin. Kopuru horretatik, % 29 udal-jarduerari dagokiona da, % 31 udalez gaindiko izaera duten administrazioetako inbertsioari edo finantzaketarekin lotutakoa, eta gainerako % 40 finantzaketa pribatukoa.

Udal-inbertsioko 274,4 milioi euroko zenbatekotik, % 70 udal-zerbitzuetan eta -instalazioetan energia-trantsizioa bultzatzeko eta isurpenak gutxitzeko ekintzetara bideratuko litzateke: eraikinetako energia-birgaitzea, eragingarritasun handiko argiztapen publikoa, autobusen flotaren elektrifikazioa, eguzki-energia fotovoltaikoa edo karbono-hustulekuak handitzea. Ekintza horiek dira, hain zuzen ere, aurrekontuaren zati handiena hartuko dutenak.

Bestalde, gainerako % 30 egokitzapeneko ekintzak abian jartzera bideratuko da: superetxadiak sortutako gune publikoa birsortzea, naturan oinarritutako irtenbideak gehitzea, hondatuta dauden gune publikoak leheneratzea eta birnaturalizatzea edo konexio ekologikoko elementuak indartzea, besteak beste. Horiek guztiek gutxituko dituzte udalerrian klima-inpaktuak jasateko arriskuak eta, gainera, beste onura batzuk ere lortuko dituzte: biodibertsitatea edo airearen kalitatea hobetzea, esate baterako.

2030erako klimatikoki neutroak diren 100 hiriren Misioa

Plana behin betiko idazteko aldian, gauzatutako partaidetza-prozesua amaitu ondoren, epe luzerako ikuspegia zabaltzeko aukera planteatu da, eta karbono-neutraltasuna denbora hurbilagora aurreratzeko aukera eman zaio Gasteizi, Europako Batzordeak herritarrek eta herritarrentzat proposatutako “2030erako klimatikoki neutroak diren 100 hiriren Misioa” izeneko ekimenaren ildotik.

Misio honen bidez, Europako ehun hiri neutraltasun klimatikorantz eraldatzea bultzatu, sustatu eta erakutsiko da hemendik 2030era bitartean, beste guztientzako esperimentazio- eta berrikuntza-zentro bihurtzeko eta 2050erako Europako hiri guztiak karbono-neutroak izan daitezen lortzeko.

Joan den apirilaren 28an, Europako Batzordeak ekimen hau osatuko duten hirien behin betiko zerrenda eman zuen ezagutzera. Gasteiz hautatu dute, eta neutraltasun klimatikorako aurrerapen-prozesuak bizkortzen dituzten Europako hirien talde horretan sartu da.

Hautatutako ehun hiri aitzindarietako bakoitzak Hiriaren Klima Kontratua sinatu eta ezarriko du (Climate City Contract), bere errealitatera egokituta. Kontratua sorkuntza-prozesu bateratuaren bidez egingo da, maila guztietako iritzi guztiak jasota eta inbertsio-plan bat izango du.

WWFk (Naturarentzako Mundu Foroa) ere Gasteiz hautatu du planetako hiri baten Desafioa (OPCC – One Planet City Challenge) ekimeneko mundu mailako finalista gisa. Ekimen honek hirietako klima-ekintzak eta -anbizioak berrikusten ditu, eta Parisko Akordioan ezarritako helburuekin bat datozen ebaluatzen du.

Epaimahaiak balioetsi egin du Gasteizek klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko PACES 2030 klima-ekintzarako plana izateko egindako ahalegina. Era berean, planean jasotako emisioak murrizteko helburua zientzian oinarritutako helburuekin bat datorrela onartu du, eta bat datorrela klima aldaketa 1,5 °C-ra mugatzeko hiriari dagokion proportzio justuarekin, OPCCren metodoaren arabera.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.