Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdea - Zadorrako parkea
Zadorrako parkea
Aurkezpena | Nola iritsi | Planoa eta airetiko ikuspegiak | Gomendatutako ibilbideak | Zadorra ibaiaren ekosistema | Atxa-Landaberdeko tartea | Gamarrako tartea | Urarteko baratzeak | Egokitze lanak
Zadorra Vitoria-Gasteizko udalerriko ibairik garrantzitsuena da eta Arabako emaritsuenetako bat. Entzia mendilerroaren inguruetan du iturburua. Uribarri-Ganboako urtegia elikatu ondoren, hiria iparraldetik inguratzen du, eta hegoalderantz doa Ebroraino iritsi arte; 77 kilometroko ibilbidetik 14 udalerrian barna egiten ditu.
Zadorra ibaiak hiriaren zabalkundea mugatu du iparraldetik. Izan ere, hiria ibairantz hazi da, eta ezkerraldeko uholde-zabaldi naturala ia osorik hartu du; horren ondorioz, euriteek uholdeak eragin izan dituzte industrialdeetako eta hiri barruko eremu handietan.
Ur-bazterrak industriek, baratzeek, soroek eta berezko ez diren beste jarduera zenbaitek hartzen badituzte ere, Zadorra ibaiak udalerriko ekosistema aberatsenetako batzuk gordetzen ditu tarte batzuetan. Ibaiak eta ibai-bazterreko basoek balio ekologiko handiko habitatak barne hartzen dituzte, zeinetan interes handiko animalia eta landare espezieak bizi baitira. Horietako batzuk desagertzeko arriskuan dira, esaterako okil txikiaetabelatza. Aipamen berezia merezi du ibaiko biztanle ikusezinenetako batek, bisoi europarrak, galtzeko arrisku larrian baita. Animalia txiki hori beti urari lotua bizi da eta katamotzaren atzetik Europan mehatxatuen dagoen haragijalea dela uste da.
Ingurumen alorreko balore hauek ekarri dute, hain zuzen, Zadorra ibaia -Uribarri-Ganboako urtegitik irten eta bere ahoraino- Batasunaren garrantzizko lekutzat hartzea Europako Natura 2000 sarean.
Ubide eta ur-bazterretako zati hondatuenetan egiten ari diren lehengoratze jarduerak ere ekosistema osoaren ingurumen kalitatea hobetzen laguntzen ari dira.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.