Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdea - Olarizuko lorategi botanikoa
Espazioak eta bildumak
Hasiera | Informazio praktikoa | Historia | Espazioak eta bildumak | Arboretoa | Landare erabilgarrien lorategia | Dehesa eta muinoa | Germoplasma bankua | Ibilbideak | Hezkuntza | Ikerketa | Galeria
Lorategi botanikoak hainbat espazio eta landare bilduma ditu.
Alde batetik, Europako basoen arboretoak eta landare erabilgarrien lorategiak landareen ordezkaritza zabala eskaintzen dute. Bestalde, Olarizuko dehesak eta muinoak gure ingurunean berezkoak diren landare formazio naturalen eta erdinaturalen lagin interesgarria dute.
Lorategiak baditu landare interesgarriz osatutako beste espazio batzuk ere: lakua, aintzira eta larrea.
Arboretoa
Arboretoak 30 hektarea inguru ditu, eta Olarizuko lorategi botanikoko landare bizien bilduma nagusia biltzen du. Basoko 500etik gora espezieko bilduma da. Jatorriko eremu geografikoaren arabera ordenatuta daude, kontinenteko 5 bioma nagusietako baso-paisaien berri ematen duten 29 baso-formazioetako 144 baso-motatan. Europako 5 biomak dira mediterraneoak, submediterraneoak, epelak, borealak eta goi-mendikoak.
> Arboretoari buruzko informazio gehiago
Landare erabilgarrien lorategia
Eraldatzen ari den espazioa da landare erabilgarrien lorategia, eta landareek eta gizateriak duten harremanaren berri emateko bilduma tematikoen lorategia izan nahi du.
Bertan dauden landare-bildumak historiako garai ezberdinetan bildu edo landatu izan dira, askotariko helburuetarako: elikatzeko, osasungintzarako, apaintzeko, usain-belar gisa erabiltzeko, magia- eta erlijio-kontuetarako, tindatzeko, zuretarako, energia sortzeko, ongarri berde gisa… Euskal Herrian mehatxatuta dauden eta interes botanikoa duten basalandareen bilduma ere badago.
> Landare erabilgarrien lorategiari buruzko informazio gehiago
Dehesa eta muinoa
Olarizuko dehesan, hiria hornitzeko aziendak larratzen ziren antzina; baina, denborarekin, aisiarako berdegune bihurtu da (Olarizuko zelaiak). Bertan, zenbait makal, lizar, haritz eta astigar landatu zituzten, hor-hemen, grafiosiak jota gaixotu ziren zumar zaharrak ordezkatzeko.
Gaur egun, lorategi botanikoaren barruan daude zelaiok, eta, aspaldidanik, lehengoratzen eta sendotzen ari dira antzinako dehesako habitat naturalak: hariztia, zingirak eta belardi/ihidiak, eta baso-heskaiak. Nabarmentzekoak dira nartzisoen (Narcissus asturiensis eta N. bulbocodium) loraldiak udaberrian eta azafrai zangarraren (Crocus nudiflorus) eta askari-lorearen (Merendera montana) loraldiak udazkenean.
Arabako Lautadako tontor txikietako eta Gasteizko mendien oineko landaredia naturalaren eta floraren lagin ederrak eskaintzen ditu Olarizuko muinoak: era askotako sastrakadi eta belardiak, espezie ugariz hornituta daudenak (kontserbazio-balio handikoak batzuk) eta erkametz- eta arte-arboladien ale bakanak inguratzen dituztenak.
> Dehesari eta muinoari buruzko informazio gehiago
Aintzira
Olarizuko aintziraren helburua da Europako flora urtarraren eta urlehortarraren aniztasuna erakustea. Hezegune kontinentaletako ehundik gora landare bildu dira bertan, bai eta itsasbazterretako batzuk ere.
Uretako landareen (hidrofitoen) artean nabarmentzekoak dira nenufar horia eta nenufar zuria —Euskal Herrian desagertzeko zorian dago azken hori—. Aintziraren ertzetan, landare urlehortarren (helofitoen) bildumak ikus ditzakegu.
Latitudearen arabera —mediterraneoa, epela eta boreala— ordenatuta daude landareak, eta, besteak beste, junkazeoak, ziperazeoak, karizeak eta beste flora-talde batzuk bildu dira bertan, adibidez: lezka arrunta, bolligoia, uretako ostargi-belarra, kalamua, txinpart-belarra…
Begiratokia
Aintziraren ondoan muino txiki bat dago, eta, bertatik, lorategiaren eta haren inguruaren ikuspegi pribilegiatua mirets daiteke, arboretoko basoek osatzen duten zuhaitz-droselaren gainetik. Bertako landare-bildumetan, Arabako muinoetako landaredia bildu da, batetik, eta lurraldeko mendietako kareharrizko harkaitzetakoa, bestetik.
Hauek osatzen dituzte Arabako muinoetako landare-formaziorik ohikoenak: ipurudiek, Aphyllanthes monspeliensisez osatutako larreek eta elorri-triskez eta espireaz osatutako otabera-sastrakadiek (ongi kontserbatutako lurzorudun hegalak estaliz) eta ezpeldun miter-basoek (eguteretan eta erlieberik sakonenetan, lurzorurik pobre eta harkaiztsuenetan).
Kareharrizko harkaitzetako eta beste harkaitz-irtengune batzuetako landaredia, berriz, hauek osatzen dute, besteak beste: ipurudi herrestariek, kuxin-formako elordi eta sastrakadiek (zenbait espeziez osatuta, adibidez, Genista eliasennennii izenekoaz), otsapagoak edo haitzetako arantzak, arrosek eta andere-mahatsek, ezkaiek eta harkaitzetako teak.
Larrea
Belarki-komunitateei eskainitako espazioa da larrea, eta Eraztun Berdeko hainbat tokitan belarra moztearen eta belar-sastrakak garbitzearen hondarrak ereinda sortu da. Gasteizko belardi naturaletako lau bilduma biltzen ditu. Urteen poderioz, larrea aberastu egin da, EAEko eta penintsularen iparraldeko orkideen, erraboildunen eta beste geofito batzuen espezie ugariz.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.