Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdea - Olarizuko lorategi botanikoa
Dehesa eta muinoa
Hasiera | Informazio praktikoa | Historia| Espazioak eta bildumak | Arboretoa | Landare erabilgarrien lorategia | Dehesa eta muinoa | Germoplasma bankua | Ibilbideak | Hezkuntza | Ikerketa | Galeria
Olarizuko dehesak eta muinoak lorategi botanikoaren nekazaritza eta baso esparrua osatzen dute. Arabako lautadan berezkoak diren ingurune eta paisaietako landaredi basati propioaren formazio natural eta erdinaturalak bizi dira ingurune bi horietan.
Dehesak zoru oso hezeak ditu, noizean behin urez gainezka egiten dutenak, eta baldintza ezin hobeak ditu haritz kandudunaren basoak eta haren ordezko komunitateak (adibidez, zingirak eta ihitz larreak) garatzeko. Antzina, abeltzaintzarako erabiltzen ziren larre aberats eta naroak sortu ziren zoru horietan.
Olarizuko muinoak edo Kutzemendik (709 m), bestalde, bertako landaredi ugari eta dibertsoa dauka. Albitz-belardietan nabarmentzekoak dira Narcissus asturiensis espeziea (erkidegoan, estatuan eta Europan babestuta dagoena) eta orkidea-mota ugari. Hegaleko beste eremu batzuetan, larre eta sastrakadien mosaikoan, nahasi ageri dira otabera-kuxinak, ipuruak, ena arruntak, elorri zuriak, marmaratilak eta beste zuhaixka batzuk, oraindik orain bizi diren erkametz- eta arte-zuhaiztiez inguraturik.
Hariztia
Olarizuko antzinako dehesako basoaren aztarna bakarra da, eta egoki kontserbatutako haritz batzuk (altxada eta edertasun handikoak) biltzen ditu. Haritz kanduduna (Quercus robur) da Arabako Lautadan aldizka urez beteta egoten ziren lursailetako hariztietako espezierik ugariena.
Haritzarekin batera, baina, badira beste zuhaitz eta zuhaixka ugari ere (lizarrak, astigarrak, zumarrak, laharrak, elorri zuriak eta elorri beltzak), bai eta landare igokariak ere (huntza, aihenzuria eta apomahatsa). Oihanpean, tamaina handiko landare belarkarak eta megaforbioak —batez ere nasailora eta irabelarra—dira nagusi, bai eta, besteak beste, lirioak, udaberri-loreak eta zolda-belarrak ere.
Halako hariztiek Batasunaren intereseko habitataren izendapena dute Europan, eta, horietan aspalditxotik leheneratzeko eta kontserbatzeko egindako kudeaketari esker, berroneratu egin dira eta ekologia hobetu.
Zingira
Olarizuko dehesako zingirak bazkaleku aberats gisa erabili izan dira mendeetan zehar, aziendak eta laborantzako hainbat lanetan erabilitako trakzioko beste animalia batzuk elikatzeko.
Etengabe edo denboraldi batez heze edo urez beteta egoten diren lurzoruetako belardiak dira. Flora-aniztasun handia dute, lurzoruaren ezaugarri horietara moldatutako ehundik gora landarerekin, besteak beste: Pirinioetako kardua, xiristola eta hainbat orkidea. Horien artean, nabarmentzekoak dira Dactylorhiza elata, habitat hain berezi horri lotua, eta Plathanthera chloranta —Olarizuko dehesan agertzen dela orain mende batetik gora adierazi zen, Arabako botanikari buruz ezagutzen diren lehen lanetan—.
Urriak eta originalak direnez, zingirek Batasunaren intereseko habitataren aitorpena dute, Europan.
Belardi/ihidia
> Ikusi I. belardi/ihidia OpenStreetMapen
> Ikusi II. belardi/ihidia OpenStreetMapen
Lurzoru hezeetan edo behin eta berriz urez betetzen direnetan hazten diren belazeak dira, eta espezie ugarik osatzen dituzte. Aldakatze bidez hazten diren gramineo garai batzuen ondoan —Molinia caerulea eta Deschapsia cespitosa, adibidez—, hainbat ihi-espezie hazten dira: ihi beltza eta ihi faltsua, besteak beste. Gainera, beste landare belarkara interesgarri batzuk ere izaten dira tartean. Bereziki, mehatxatutako eta babestutako bi nabarmentzen dira: Galium boreale eta Senecio carpetanus. Hamarkadak dira Gasteizen galduta zeudela uste zela, eta Olarizun aurkitu ziren 2011n eta 2013an, hurrenez hurren.
Olarizuko ihidiak eta bi espezie horiek lehengoratzeko, babes-eremu bat mugatu da. Horietan, murriztu egin da segaldien erregimena, eta kudeaketa ekologikorako hautua egin da, landare horiek ahalik eta ondoen kontserbatzeko beharrezko baldintzak sortu nahian. Bestalde, haziak bildu eta germoplasma-bankuan gordetzeaz gain, ernetze- eta landaketa-protokoloak aztertu dira, landarea ekoitzi, desagertuta dagoen lekuetan berriro sartu eta ezagutzen diren populazio urriak indartzeko.
Gasteizen eta Euskal Herriaren zatirik handienean oso urriak direnez, belardi/ihidiek Batasunaren intereseko habitataren aitorpena dute, Europan.
Harlangaitz-horma zaharretako landaredia
Harrizko horma zaharrak, arkitektura tradizionaleko elementuak, gero eta urriagoak dira gure udalerrian, eta mikrohabitat oso berezia osatzen dute landare-espezie ugarirentzat. Landare-komunitate oso interesgarria biltzen dute, hainbat iratze harkaiztar nagusi direla. Nabarmentzekoak dira urraburua, xardin-belar beltza eta horma-erruda, eta, horiekin batera, gira-eguzkia eta Venus-en zilborra.
Heskai naturalak
Jatorrizko basoaren zatiak dira heskaiak, laborantza-eremuen edo bazkalekuen ertzetan geratzen direnak, lurzatien muga edo itxitura natural gisa.
Olarizuko heskaiak elordi-lahardiz osatuta daude. Zuhaixka hauek dira ugarienak: elorri beltzak, elorri zuriak, laharrak eta zuhandorrak, eta, horiekin batera, intsusak eta sahatsak. Sarritan, hariztiko eta horren baso-inguruneko ohiko zuhaitz batzuk, landare belarkarak eta igokariak ere agertzen dira, hala nola haritzak, lizarrak eta, hor-hemen, astigarrak.
Antzina, bai heskaietan eta bai dehesan, oso ohikoak ziren zumarrak (Ulmus minor), baina desagertu egin ziren grafiosiak jota, nahiz eta bizirik geratu ziren apurrak tente dauden oraindik.
Pinudia
Olarizun oraindik bizirik dago XX. mendeko 20ko urteetan Gasteizko ikasleek Zuhaitzaren Egunean landatu zuten pinudi mistoa, pinu gorriz (Pinus sylvestris) eta larizio pinuz (Pinus nigra) osatua. Gaur egun, altxada handia eta egoera fitosanitario ona dute horiek, eta paisaia-dibertsitatea ematen diote inguruari.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.