Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdea - Olarizuko lorategi botanikoa

Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdea

Olarizuko Lorategi Botanikoaren bira

Luzera: 3 km | Denbora, gutxi gorabehera: 1 ordu | Pista-mota: finkatutako bidea

Ibilbidea:

  • Olarizu hiribidetik joanda Olarizuko Lorategi Botanikoaren sarrera dagoen lekuan hasten da ibilbidea, ongietorri-hizki handien ondoan. Infogune aurretik doan bidea hartu behar da, lorategi botanikoan mendebalderantz egiten duena.
  • Berehala, ipar-noranzkoa hartzen du bideak, eta begiratokirantz doan zuzengune luzeari lotzen zaio, mendebalderantz. Ezkerrean, Europaren iparraldeko baso borealetako landaretza ikusiko dugu. Izeiak erraz bereizten dira: piramide formako koniferoak dira, enbor gorrixkadunak, eta pinaburu luze esekiak dituzte. Taigako espezie nagusia da, eta, bere egitura dela eta, ohituta dago elurraren pisua jasatera. Hosto orrazkarak ditu, aukera ematen diotenak hotzari aurre egiteko eta fotosintesia urteko edozein sasoitan egiteko, neguko argi-ordu urriak ere aprobetxatuz.
  • Aurreraxeago, bidearen ondoan, urkiak ikusiko ditugu, enbor zuri bereizgarriez eta begi-formako koskez hornituak. Udazkenean, nabarmendu egiten da haien hostoen urre-kolorea. Zuhaitz horiek osatzen dituzte kontinentean iparralderen dauden basoak, Eskandinaviaren iparraldeko kostaldekoak.
  • Goi-mendietako basoak eta sastrakak eskuinean utziko ditugu —urrutian ere ikusiko ditugu, hirirantz begiratzen badugu—. Alertzeek atentzioa emango digute, segur aski, beren orratz berde argi eta itxura pendular eta guzti. Espezie berezia da, neguan hostoa galtzen duen Europako konifero bakarra.
  • Aldapa laburra amaitzean, begiratokirako desbiderapen txiki bat aurkituko dugu. Bertatik, lorategi botanikoaren hedadura mirets daiteke, Olarizuko muinoa eta Gasteizko mendiak hegoaldean dituela. Bide ondoan hazten diren ipuruak, elorri-triskak eta ezkaiak ezagunak egingo zaizkigu; izan ere, Arabako muinoetako landaretza birsortu da goragune txiki horretan.

            Olarizuko behatokia

  • Begiratokian bi aukera dugu: atzera egin eta baserri zaharraren aurrietara jaisten den bidea hartzea, edo eskaileretan behera egitea, aintziraraino. Aintziran, pasabidea zeharkatuz edo ertzetik inguratuz, ingurune urtarreko zenbait landare-espezie ikusiko ditugu, hala nola karizeak, lirioak eta nenufar zuria. Azken hori galzorian dago Euskal Herrian, eta lorategiko Germoplasma Bankuan erreproduzitzea lortu da.
  • Hegoalderantz segituko dugu, arboretoaren eremu hori zeharkatzen duen erdiko bidetik, oso gertu dagoen Olarizuko muinoa begien bistatik galdu gabe eta Eraztun Berdearen itzulerako balizei jarraituz. Erroten antzinako ibilguaren ondoan, Europa epeleko ibai-ibilgu handien ibarbasoetako landaretza hostotsua ikus dezakegu: haltzak, sahatsak, zumarrak…, bai eta landare igokari eta zuhaixkak ere. Eremu epel horretan, pagoz, ezkiz, xarmez, haritzez eta abarrez osatutako baso hostoerorkorrak dira nagusi.
  • Bidea utzi gabe aurrera egin ahala, eskualde epelen eta mediterraneoen arteko trantsizio klimatikoko eskualde batean sartuko gara. Giro horretan, kontinente osoko basorik aberats eta espezie-barietate handieneko batzuk hazten dira: ameztiak, erkameztiak eta haritz iletsuak, astigarrak, gogortxuak, elorriak, zuhandorrak, arrosak, gurbeak...
  • Zubi txikira aurrean daukagula, ezkerrera joko dugu Olarizuko larreetarantz, Olarizu erreka eta Iberiar penintsulako ameztiak eskuinean utziz. Paseora heltzerakoan, hegoalderantz hartuko dugu, Olarizuko erreka gurutzatu eta larrea zeharkatuko dugu Etxalderaino.
  • Oso lurzoru hezeak ditu Etxaldearen inguruak, batzuetan istilduak, eta, beraz, baldintzarik onenenak ditu haritz kandudunen basoak hazteko. Sasoi batean, larre aberats eta emankorrak izan ziren zingira eta belardi/ihidi horiek, eta abereentzat baliatzen ziren antzinatik.
  • Etxaldera iritsitakoan, hegoaldeko fatxadaren aurretik igaro ondoren, ekialderantz joko dugu, hariztiaren beste alderantz, bertan sartzen den bidea ezkerretara utzita.
  • Mediterraneoko basoetara iritsitakoan, ezkerraldera hartuko dugu lehen bidebanatzean, iparralderantz, Zubigaraiko industrialderantz. Gune horretan, artadiak, garrigak eta artelatz-basoak ikusiko ditugu inguruan, bai eta klima honetako udako lehorte-baldintzetara oso egokituta dauden espezieak ere. Tartean dira, halaber, besteak beste gurbitzez, legeltxorrez, txorbeltzez eta gartxuz osatutako oihanpe trinkoak.

            baso mediterranearrak

  • Noranzko berean aurrera eginez, izeidi eta miter-baso mediterraneoak zeharkatuko ditugu. Ezkerrean, izei espainiar bereziak ikusiko ditugu. Mediterraneoko koniferoa da, Andaluziako zenbait mendilerrotako eremu itzaltsu eta hezeenetan bizi dena, Tertziarioan eremu hori estali zuen landaredi subtropikalaren lekuko.
  • Eskuinaldean, intsentsu-miterren ondoren, pinudi mediterraneoak aurkituko ditugu aurrez aurre. Bertan, estrepa handiak nabarmentzen dira, eta palmondo nanoek harritu egingo gaituzte, Iberiar Penintsulako palmondo autoktono bakarrak dira eta.
  • Puntu horretan, mendebaldera egingo dugu berriro, hariztia zeharkatu eta Olarizuko zelaira irteteko. Bertatik, ibilbide zirkular honen abiapuntua eta amaiera ikusiko ditugu.

            Olarizuko larreak

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.