Gasteizek eta Arabak turismo eskaintza aurkeztu dute Alemanian, Europako merkatuan hazten jarraitzeko

2025eko urriaren 15ean argitaratua

Urriaren hasieran, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak lurraldeko eta hiriburuko turismo-eskaintza aurkeztu zieten Alemaniako bidaia-agentziei, turoperadoreei eta prentsa espezializatuari. Hanburgon egindako ekitaldi batean izan zen, Alemaniako bidaiariak erakartzeko helburuarekin. Izan ere, merkatu estrategikoa da, bai biztanleriari, bai turista motari, baita gaitasun ekonomikoari dagokienez.

Ekimen hori osatzeko, fam trip bat antolatuko da, Alemaniako komunikabideek eta agentziek Arabako eta Gasteizko erakargarritasun eta baliabide turistiko nagusiak bertatik bertara ezagutu ditzaten. Horrela, azken urteotan Europako merkatuetan (Frantzia, Italia, Belgika eta Portugal) egindako aurkezpenei jarraipena ematen zaie, atzerriko turismoaren pisua indartzeko eta Araba eta Gasteiz kalitatezko helmuga iraunkor eta jasangarri gisa sendotzeko.

Ekitaldian lurraldea eta hiria helmuga gisa aurkeztu zitzaizkien dozena bat bidaia-agentziari eta turismoan espezializatutako kazetariri. Ondoren, profesionalekin eta prentsarekin koktel bat partekatu zen, Airaldeko txakolina eta Arabako Errioxako ardoak eskainiz.

Nazioarteko sustapen-kanpaina Frantziako hegoaldera ere zabaldu da aurten. Arabako ordezkaritza bat "LaOla" topaketa profesionalean egon zen. Topaketa hori joan den irailaren erdialdean izan zen, Toulousen, Lurralde Historikoko turismo-eskaintza erakusteko bidaia-agentziei eta profesionalei, bidaiari-mota desberdinekin lan egiten baitute (MICE, kultura-turismoa, taldeak, etab.).

Ekintzen helburua nazioarteko jatorria duten bidaiarien kopurua handitzea da. Arabako ostatuetan atzerriko bidaiarien sarrerak % 37 gehitu dira azken bost urteetan, eta igarotako gauak % 53.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.