Etxebizitzaren alokairua - Ohiko galderak

Zein legek arautzen ditu hiri alokatze-kontratuak?
Etxebizitzaren errentamendua eta kontratuaren baldintzak, azaroaren 24ko 29/1994 Hiri Errentamenduei buruzko Legean daude jasota.
Zer da etxebizitzaren errentamendua?
Eraikin bizigarri bati dagokion alokairua, etxebizitzaren alokairutzat hartuko da, baldin eta eraikin horren helburu nagusia errentariaren/maizterraren etxebizitza-premia iraunkorra asetzea bada. Logelen alokairua ere sartzen da bertan, baldin eta logela horien helburu nagusia errentariaren etxebizitza-premia iraunkorra asetzea bada.
Zenbateko iraupena izan beharko du alokairu-kontratuak?
Alokairuaren iraupena bi aldeen artean adostu daiteke, askatasunez.
Errentatzaile fisikoen kasuan, 5 urtetik beherakoa bada (7 urtetik beherakoa, errentatzailea/jabea pertsona juridikoa bada) epemuga iritsitakoan, kontratua urteko epeetan luzatu beharko da nahitaez, gutxienez 5 edo 7 urteko iraupenera iritsi arte. Errentariak errentatzaileari amaiera-data baino hogeita hamar egun lehenago adierazten badio ez duela kontratua berrituko, hau bertan behera geldituko da.
Errentariak amaitutzat eman dezake kontratua, nahi duenean?
Errentariak alokairu-kontratuan atzera egin dezake hogeita hamar egun lehenago gutxienez jakinarazten badio errentatzaileari eta gutxienez sei hilabete igaro baldin badira kontratua sinatu zenetik. Atzera eginez gero, aldeek kalte-ordainak adostu ahal izango dituzte.
Nolakoa izan behar du errenta ordaintzeak?
Alokairuaren zenbatekoa eta ordaintze data errentariaren eta errentatzailearen artean adostuko da. Beste moduren bat hitzartu ezean, errenta hilero ordainduko da, eta hileko lehen 7 egunetan ordaindu beharko da.
Nola egiaztatzen dut errenta ordaindu dudala?
Errentariak eskudirutan ordaintzen badu, ordainketa frogatu ahal izateko, errentatzaileak ordainagiri bat eman beharko dio. Beste modu batera ordaintzen baldin bada, hau da, transferentzia bat edo konturako sarrera batekin, eragiketa horien frogagiriak ordainagiri gisa balio dezakete.
Derrigorrezkoa al da errenta eguneratzea?
Hala hitzartu bada, alokairuaren zenbatekoa eguneratu ahal izango da, betiere indarraldiko urte bakoitza bukatzean egin beharko da. Alderdiek KPI ez den beste indize bat hitzartu dezakete. Edonola ere, eguneratzeak ezin du inoiz KPIa baino handiagoa izan.
Alokairuaren zenbatekoaren igoera kontratuan ez badago adierazita, errenta ezingo da aldatu.
Fidantza ordaindu behar al da?
Kontratua sinatzen denean, jabeak fidantza eskatu behar dio maizterrari.
Legearen arabera, derrigorrezko kopurua hasierako errentaren hileko batekoa da. Hala ere, jabeak berme gehigarri bat eska dezake, gehienez ere bi hilerokoa izango da.
Nahitaezkoa al da fidantza gordailutzea?
2015eko irailaren 26tik aurrera sinatutako kontratuen fidantza gordailutzeko betebeharra dago eta errentatzaileak errentariari gordailua egin dela jakinaraztera behartuta daude.
Gordailua izapidetzeko, lurralde bakoitzeko Bizilagun Zerbitzuetara jo beharko da (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa).
Errentatzaileak eska al dezake bestelako berme gehigarririk?
Errentatzaileak berme osagarriak eska ditzake, hala nola, banku-abal bat, gehienez ere bi hileko errentaren zenbatekoarekin.
Berme gehigarriak ere eska ditzake, hala nola fidatzaile solidario bat edo nominak aurkeztea.
Errentatzaileak fidantza itzuli behar al du kontratua amaitzen denean?
Giltzak eman eta hogeita hamar eguneko epean errentatzaileak fidantza itzuli ez badu, diru hori eman beharko du, diruaren legezko interesaren pareko errekarguarekin.
Fidantza ez da inoiz konpentsatuko errentaren azken hilekoarekin.
Nork hartzen ditu bere gain etxebizitza kontserbatzeko lanak?
Errentatzaileak egin behar ditu etxebizitza bizigarritasun-baldintzetan mantentzeko beharrezkoak diren konponketa guztiak, errenta igotzeko eskubiderik gabe. Hondatzea errentariari egotz dakiokeenean, konponketa horren ardura honek izango du.
Hobekuntza lanengatik igo al daiteke alokairua?
Errentariak jasan behar du hobekuntza-obrak egitea, obra horiek ezin badira arrazoiz atzeratu errentamendua amaitu arte.
Errentatzaileak errentamendu-kontratuaren urteko errenta igo ahal izango du (kontrakorik itundu ezean), hobekuntza-obrak egiten dituenean bosgarren urtearen ondoren (edo zazpigarrenaren ondoren, errentatzailea pertsona juridikoa bada).
Errentariak egin al ditzake obrak etxebizitzan errentatzailearen adostasunik gabe?
Beharrezkoa da errentatzailearen idatzizko baimena izatea, egin beharreko obrek etxebizitzaren konfigurazioa aldatzen dutenean edo segurtasun-baldintzak urritzen dituztenean, adibidez, erortzeagatik.
Ba al dago salbuespenik errentatzailearen baimenik gabe obrak egiteko?
Aurreko puntuen salbuespena da maizterrak jabearen baimenik gabe egin ditzakeela obrak, lehenbailehen zaindu edo konpondu beharreko kasuetan. Baita, minusbaliotasunak dituen bizilagun bati etxebizitza mantentzeko edo egokitzeko konponketa txikiak egin behar bazaizkio ere.
Pisu bat alokatzen badut nire izenean, berriz alokatu dezaket?
Alokairuan hartutako etxebizitzaren zati bat bakarrik jarri daiteke azpierrentan, errentatzaileak idatziz horretarako baimena eman ondoren.
Azpierrentamenduaren prezioa, errentamenduan itundutako errenta baino handiagoa ezin da izan inoiz.
Zein pertsona subrogatu daiteke etxebizitza alokatzeko kontratuan errentaria hiltzen denean?
- Heriotza gertatu den unean berarekin bizi den ezkontidea.
- Aurreko bi urteetan elkarrekin bizi izan den bikotekidea.
- Aurreko bi urteetan elkarrekin bizi izan diren ondorengoak eta aurrekoak.
- Aurreko bi urteetan elkarrekin bizi izan diren anai-arrebak.
- Alboko hirugarren mailara arteko beste ahaide batzuk (osaba-izebak eta ilobak), % 65eko edo gehiagoko minusbaliotasuna dutenak eta aurreko bi urteetan elkarrekin bizi izan direnak.
Jabeak etxebizitza saltzen badu, errentariak ba al du lehentasunez hau eskuratzeko eskubiderik?
Maizterrak lehentasunez eskuratzeko eskubidea du, erosteko asmoa duen beste edozeinen aurrean.
Jabeak etxebizitzaren erosketa eskaini behar dio, prezioaren eta baldintzen berri emanez, eta errentariak 30 eguneko epea du erantzuteko.
Errentatzaileak maizterra behartu al dezake finkaren zergak eta gastu orokorrak ordaintzera?
Alderdiek higiezinaren gastuak eta zergen ordainketak hitzartu ahal izango dituzte.
Beraz, legezkoa da, adibidez, ondasun higiezinen zerga ordaintzeko betebeharra maizterrari transferitzea, baldin eta bi aldeak ados badaude alokairuaren kontratuan ezarritako klausulekin.
Noiz ulertzen da ez dela bete errenta ordaintzeko betebeharra?
Hileko alokairu bakar bat ez ordaintzeak maizterra etxetik botatzeko gaitasuna ematen dio jabeari. Hala ere, maizterrak zor duen guztia ordain dezake eta kontratua berraktiba dezake; horrela, hasitako prozedura artxibatuko litzateke. Errentariari ematen zaion aukera hori behin bakarrik jar daiteke martxan. Hala, etorkizunean beste ordainketarik ez badago, maizterrak ezingo du eragotzi etxebizitzatik ateratzea.

Zure iritziak axola digu

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu. Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.

Gai mota *
Aldartea *
Hautatu gaiaren hizkuntza.
Harremanetarako beste kontaktu bat: