Udaltzaingoa - Istripu kasuan, nola adiskidetasunezko istripu-aitorpena bete
Istripu mota askoren aurrean -larria izan ez, eta inor zauriturik gertatu ez den kasuetan- ez da Udaltzaingoaren beharrik, herritarrek beraiek egin ditzakete dagozkien izapideak. Aukeran, adiskidetasunezko istripu-aitorpena bete behar da, eta jarraian nork bere aseguru-etxera bidali.
Jarraian prozesua zuzen egiteko aholku batzuk emango dizkizugu.
Beharko dituzun agiriak
Presta ezazu istripu-aitorpena zuzen betetzeko beharko dituzun agiriak, honako hauek:
- Gidatzeko baimena
- Zirkulazio baimena
- Aseguruaren ordainagiria
Nola bete istripu-aitorpena
Adiskidetasunezko istripu-aitorpena hiru eremutan banatuta dago, koloreen arabera (urdina, zuria eta horia), alde inplikatuetako bakoitzak -nork bere kasa- datuak eman ditzan eta istripua nola gertatu den azal dezan. Eremu urdin eta horian launa atal daude, inplikatuetako bakoitzak betetzekoak: aseguruduna, ibilgailua, aseguru-etxea eta gidaria (berez Asegurado, Vehículo, Aseguradora eta Conductor jartzen du, gazteleraz).
Datu pertsonal guztiak bete ostean, eremu zurian agertzen diren istripuaren gorabehera posibleen zerrendatik, inplikatuek gertaera hobekien islatzen duena hautatu behar dute. Horrez gain, beheko aldean istripua azaltzeko krokis txiki bat egiteko tartea dago.
Istripu-aitorpena betetzen ari zarenean zalantzarik baduzu, jar zaitez harremanetan Argiketa atalarekin (945-161404 telefonoa), zalantzak argitu eta laguntzeko daude eta.
Aholkuak
- Ez ezazu inoiz istripu-aitorpena galtzadan bete. Behin ibilgailuak galtzadatik kanpo daudela, bila ezazue leku segururen bat.
- Istripu bakoitzeko aitorpen bakar bat erabili. Bi ibilgailu baino gehiago inplikatu balira istripuan, eta horrek zirkulazioa oztopatuko balu, deitu 092 zenbakira.
- Ahal bezainbeste datu bete, aseguru-etxearen izena eta poliziaren zenbakia ahaztu gabe.
- Ziurtatu beste aldeak berari dagozkion datuak bete dituela.
- Egiaztatu datuak ondo kalkatu direla; komenigarria da boligrafoz idaztea.
- Erdiko zutabeko gorabeheren artean, kontu handiz hautatu egoerari egokien dagokiona.
- Kontuan hartu inplikatuei ez dagokiela istripuaren erantzukizuna erabakitzea, hori aseguru-etxeen eskumena baita.
- Sinatu beti istripu-aitorpena, alde bakoitzak kopia bat hartu behar du.
- Lekukorik izan bada, idatzi horien izenak goialdean dagoen 5. atalean.
- Ez estutu, ez beste inplikatuarekin eztabaidan hasi. Arazorik gertatuz gero, 092 telefonora deitu.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.