Gizarte-etxeetako eta kirol-instalazioetako jardueretan parte hartzeko 29.747 plaza esleitu dira zozketa bidez

2024ko irailaren 5ean argitaratua

Pandemiaren osteko goranzko joerari jarraituz, 28.785 pertsonak egin dute eskaera.

  • % 71k udal-webgunearen bidez eman dute izena

2024-2025 ikasturtean zehar gizarte-etxeetan eta kirol-instalazioetan egingo dituzten jardueretarako plazak esleitzeko zozketa egin dute gaur goizean, San Martingo udal-bulegoetan. BIZAN sarean egiten diren jardueretako batzuk ere sartu dituzte zozketan. Eskainitako 33.612 plazetatik 29.747 esleitu dira, hau da, plaza guztien % 76,74. Fase honetan 22.090 pertsonak lortu dute plaza. Pandemiako beherakadaren osteko goranzko joerarekin bat etorriz, aurten gora egin du eskatzaile kopuruak, eta 28.785 pertsonara iritsi da. Gehienek, % 71k, udal-webgunearen bidez egin dute eskaera.

Gaurko zozketan esleitutako plazak formalizatzeko epea irekita egongo da irailaren 11 arteLibre geratzen diren plazak hilaren 13tik aurrera kontsultatu ahal izango dira, eta horietan izena emateko epea ezberdina izango da jardueraren arabera. Kirol-jardueren kasuan, irailaren 17ko 08:30etik aurrera. Gainerako jardueren kasuan, irailaren 19ko 08:30etik aurrera.

Tramitazio hori udal-webgunearen bidez, 010 telefonora deituta edo gizarte-etxeetan aurrez aurre egin ahal izango da, langileekin edo autotramitaziorako makinetan.

Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak, Miren Fernández de Landak, oso modu positiboan baloratu du 2024-2025 ikasturterako proposatutako jardueretan parte hartzeko interesa agertu duten pertsonen kopurua. “Oso pozgarria da urtez urtez hiritarrek euren konfiantza gugan jartzen jarraitzea eta gizarte-etxeetan eta beste udal-instalazio batzuetan egiten den eskaintzarekiko horrenbesteko interesa agertzea. Honetan parte hartzen dugun sailek etengabeko ahalegina egiten dugu hobetzeko eta sortzen diren beharretara egokitutako jarduerak eta ordutegiak eskaintzeko. Ildo horretan lanean jarraituko dugu, egoerak eskatzen duen moduan jokatzen jarraitzeko eta gizarte-etxeak auzoetako ardatza izaten jarraitzeko”, adierazi du.

Daturik esanguratsuenak

  • Aurretiko izen-emateak: 98.373 (3,42 pertsona bakoitzeko).
  • Aurrez izena emateko modua: webgunea (% 70,99); 010 telefonoa (% 2,11); aurrez aurrekoa (% 26,9)
  • Aurrez izena emandako pertsona kopurua: 28.785
  • Zozketarako eskainitako plazak, guztira: 33.612 plaza.
  • Zozketan esleitutako plazak: 29.747 plaza 22.090 pertsonarentzat (1,35 plaza pertsonako).
  • Esleitutako plazen ehunekoa: % 88,5.

Informazio gehiago Udalaren webgunean

Zozketaren zenbakia blokeka

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.