Udalak 'Kiss&Go' aparkalekuen bi eremu prestatu ditu Vera-Cruz eta Corazonistas ikastetxeentzat
2024ko irailaren 5ean argitaratua
Ikastetxeen sarreran sortzen diren pertsonen eta ibilgailuen ohiko pilaketak saihestu nahi ditu formula honek.
Urrats berri bat Vera-Cruz eta Corazonistas ikastetxeen inguruko segurtasuna hobetzeko. Gaur goizean hasi dira beharrezko identifikazio-lanekin eta seinaleak aldatzeko lanekin, ikastetxe horiei zerbitzua emango dieten denbora mugatuko bi aparkaleku eremuak prestatzeko. Aparkaldi azkarreko puntuak dira (gehienez 3 minutu), “Kiss & Go” izenekoak (musu eman eta joan). Autoz iristen diren ikasleak oinez joan daitezke puntu horietatik ikastetxeraino. Era berean, gehienez 20 minutuz aparkatuta egoteko plaza batzuk ere gordeko dira.
Aparkaldi azkarreko formula berri honek hainbat helburu ditu:
- Ikastetxeetatik gertu sortzen diren pertsonen eta ibilgailuen ohiko pilaketak saihestea, horiek arriskutsuak direlako.
- Ikastetxeetatik gertu aparkatzeko modu bat bermatzea, orain arte baino modu ordenatuagoan.
- Eremu horretako ingurumen-kalitatea hobetzea, askotan bertan pilatzen diren ibilgailuen isurpenak aurreztuta.
- Familiei euren eguneroko joan-etorrietan denbora aurreztea.
Txandakatze handiko aparkaleku berri horiek martxan jartzeko, trafikoa berrantolatzeko hainbat neurri hartu behar dira. Batetik, Frai Francisco ibilbideko zirkulazioa debekatuko da, Batan ibilbideko bidegurutzetik aurrera; baimena duten ibilgailuak baino ezingo dira pasatu. Kale horretako auzotarrek beren pasabideetarako sarbidea mantenduko dute. Bestetik, Batan ibilbideko zirkulazioaren norabide bat kenduko da. Horri esker, errei bat libre geratuko da, aparkaleku berriak sortzeko, eta beste erreia Nieves Cano kalera joateko izango da.
Aparkalekuen puntu berriak honela banatuko dira:
Vera-Cruz: Batan ibilbidearen hasieran (Frai Francisco ibilbideko bidegurutzetik aurrera) “Kiss & Go” erako (gehienez 3 minutu) 6 aparkaleku-plaza sortuko dira. Jarraian, parkimetro bidez erregulatutako beste 15 aparkaleku-plaza jarriko dira; horietan, gehienez ere, 20 minutuz aparka daiteke. Parkimetroan dohainik eskura daiteke 20 minutuko txartela; ezinbestekoa izango da txartela jartzea.
Corazonisten kalearen hasieran (Unibertsitateko ibilbidearekiko bidegurutzearen eta ikastetxeko sarreraren artean) “Kiss & Go” erako (gehienez 3 minutu) 7 aparkaleku-plaza sortuko dira. Lehen aparkaldi libreko aparkalekuak ziren, eta orain “Kiss & Go” puntuak bilakatuko dira. Horiek, Korazonisten kalean eta Unibertsitateko ibilbidean lehendik dauden 15 minutuko plazen osagarriak izango dira.
“Pauso berri bat eman dugu ikastetxeen ingurune seguruen arloan, ikastetxeetatik gertu aparkatzeko formula berri baten bidez. Modu horretan, ikastetxe horien sarreretan sortzen den arriskua saihestuko dugu, trafikoa antolatuko dugu eta, funtsean, mugikortasun erosoagoa eta seguruagoa bermatuko dugu”, esan du Segurtasun zinegotziak, Iñaki Gurtubaik.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.