Javier Panzano Marketinean lizentziaduna da, Executive MBA IE Business School-en, eta Lidergo berritzaileari eta Coaching estrategikoari buruzko graduondoko bat du egina, ESICen.
Gaur egun, TAKTIC Business & Technology-ko CEO da, eraldaketa digitalean, estrategikoan eta antolakuntzakoan espezializatutako aholkularitza bat.
Lehen Euronics Españako kontseilari ordezkaria izan zen, eta Europako etxetresna denden kate handiena den Euronics International-eko European Marketing Committee-n parte hartu zuen; horrez gain, hainbat enpresatako administrazio-kontseiluetako kidea izan da, eta enpresa erakunde askoren zuzendaritza batzordeetan hartu du parte.
Hitzaldi ugari eman ditu kongresu eta ekitaldietan, eta irakasle ibilbide luzea egin du unibertsitateetan eta negozio nahiz enpresa eskoletan.
JavierPanzano.com blogaren egilea da, eta lankidetza ereduei buruzko bi liburu idatzi ditu: “Gestión horizontal” eta “1+1=3 Únete a la competencia para ganar”.
Retail sektorea oso bizkor ari da aldatzen. Azken urteotan sortu diren markek negozio eredu berritzaileak dituzte, eta enpresa tradizionalak birrintzen ari diren joko arau berriak ezarri dituzte haien jarduera sektoreetan.
Gainera, pandemiak azkartu egin du enpresen eta kontsumitzaileen digitalizazio prozesua, komunikazio kanal eta interakzio mekanismo berriak agertu baitira.
Mundua aldatu egin da, eta kontsumitzailea ere bai. Retail 5.0 jaio da.
Merkataritzak inoiz ez zien aurre egin behar izan horrenbeste erronkari aldi berean: denda fisikoen digitalizazioa; merkataritza prozesuen optimizazioa; salmenta kanal askoren sinkronizazioa; kontsumitzailearekin lotura emozionala lortzeko beharra, haren erosketa esperientzia hobetzeko; eta dendetan belaunaldi erreleboa azkartzeko premia.
Etorkizuna aukera bikaina da merkataritzarentzat. Ez ezazu galdu!
Aurkezpen bideoa(Beste leiho batean irekiko da)
Pablo de la Rica Retail & Foodservice Knowledge arloko gerentea da AECOCen. Newcastle-ko Northumbriako Unibertsitatean International Business Administration-eko lizentziaduna da, eta Enpresa Zuzendaritzako Masterra egin du ESIC Business and Marketing Schoolen. 15 urte baino gehiago eman ditu EROSKIko Merkataritza eta Marketin sailean lanean, berrikuntza estrategikoko proiektuetan, eta horrek zeharkako ikuspegia eman dio, bai retail-aren funtzionamenduari dagokionez, bai kontsumitzaileari dagokionez.
2017az geroztik, Retail & Food Service Knowlege arloaren buru da AECOCen, nazioko eta nazioarteko Retail-aren berri izateko asmoz, eta sektoreko enpresek beren jarduera modu eraginkorrean eta arrakastatsuan garatzeko beharrezkoak diren tresnak eskaintzen ditu.
Ziurgabetasunaren, ezegonkortasunaren eta inflazioaren testuinguru honetan, eper laburrera begira erosteko ahalmena galtzen joango garela dirudien honetan, markek eta retailer-ek etengabe egokitu behar dute garai aldakorretara, eta inoiz baino arinagoak izan.
Kontsumitzaileak informazio gehiago du, zorrotzagoa eta desleialagoa da, eta markak, retailerrak eta kanalak aurreiritzirik gabe aldatzen ditu, zintzotasuna, balioak, gardentasuna, konpromisoa eta, inoiz baino gehiago, ordaintzen duenaren justifikazioa (value for money) bilatuz.
Horregatik, ongizatea bilatzen duen kontsumitzaile horri erantzun integral bat emango dion proposamen bat egin behar da, kontsumitzaileak aukera izan dezan modu osasungarrian bizitzeko eta bere burua zaintzen duen bitartean ingurumena ere kontuan izateko, bere ingurune hurbilenarekiko konpromiso emozionalari jarraituz. Kontsumitzailea gero eta aldakorragoa da eta polarizatuagoa dago, eta, gainera, erosotasuna eta gertuko harremana eskatzen dizkie markei eta banatzaileei, bai eta proposamen harrigarriak, bereizgarriak eta produktutik eta zerbitzutik haratago doazenak ere; izan ere, harentzat garrantzitsuagoak dira arreta, tratua, esperientzia eta harreman emozionala (engagement).
Coro Saldaña senior fashion advisor da, eta bezeroaren esperientzia optimizatzen laguntzen die retailer-ei; haien gaitasun digitalak eraldatzen ditu, salmentak handitzeko, bezeroak inplikatzeko eta egungo mundu digitalean egiten dituzten eragiketak hobetzeko. Aditua da Retail/Moda enpresetako kudeaketa digitalean, bezeroen eta enplegatuen esperientzian, eta Fast Fashion negozio ereduetan. Gaitasun eraldatzaile handia eta negozio ikuspegi ona ditu, bere ezagutza zabalari esker (15 urtetik gorako track recorda), eta besteak beste Roberto Torretta edo Pepe Jeans markekin lan egin ondoren industrian egin duen ibilbideari esker.
Azken urteetan moda digitalean espezializatu da, besteak beste El Armario de la Tele eta Amazon BuyVip proiektuetan lan egin ondoren. Lehenengoan, e-commerceko zuzendari gisa garatu zen, eta bigarrenean, berriz, arlo hauetan jardun zen: marken kudeaketa komertziala, kanpainen negoziazioa, produktuaren aukeraketa, visual merchandising online, urteko plangintza, eta edizio mugatuko bildumen diseinua.
Gaur egun, Accenturen egiten duen lanaz gain, speaker gisa parte hartzen du zenbait ekitalditan, hala nola SouthSummit edo Digitales; gainera, Women In Tech ekimeneko kidea da 2018ko irailetik, eta EJE&CON elkartean parte hartzen du 2019ko irailetik.
Ohituta dago berrikuntza irekiko eta ekintzailetzako inguruneetan lan egiten, eta, 2017ko maiatzetik, ISEM programaren buru da Nafarroako Unibertsitatearekin batera; hots, moda startupen Espainiako lehen fashtech azeleragailuaren buru. Bertan, programan parte hartzen duten enpresetan integratzen diren startupen eta sektoreko liderren (Mango, Corte Inglés edo Grupo Tendam, besteak beste) mentorea da.
Xavier Cros Espainiako aditu handienetako bat da kontsumitzailearen ezagutzan eta datu horiek shopper marketinaren palankak aktibatzeko ekintza nola bihurtu asmatzen.
11 urte baino gehiago eman ditu AECOCen Shopper View plataformaren arduradun lanetan, eta erosteko jokabidea hainbat ikuspegitatik eta hainbat salmenta kanaletan aztertu du; orain, ordea, ekintzaile izan eta ACROSS THE SHOPPER aholkularitza enpresa sortzea erabaki du, enpresei erosketa puntuan irabazten laguntzeko.
AECOCen hasi aurretik 12 urtetik gorako esperientzia izan zuen marketinaren eta merkatu ikerketaren esparruan, eta enpresa multinazionaletan zein familia enpresetan egin du lan, hala nola HORECAn, baita kontsumo handian ere, Colhogar edo Maheso markak kudeatzen.
Ziurgabetasun handiko garaiak bizi ditugu, non iragartzeko modukoak ez diren fenomenoak (“zisne beltzak”) bata bestearen atzetik gertatu diren azken urteetan: pandemia, Ukrainako gerra, etab.
Gaur egun, inflazioaren espiralaren ondorioz, prezioa eta gastuaren kontrola dira kontsumitzaileen erosketa erabakietako elementu garrantzitsuenak. Baina, prezioaz gain, landu al ditzakegu beste alderdi batzuk ere, kontsumitzaileak kontuan hartu gaitzan? Nola jokatuko du kontsumitzaileak etorkizun hurbilean?
Lluís Frago Bartzelonako Unibertsitateko Geografia Saileko irakaslea da. Geografoa da, hiri azterketetan, merkataritzan eta kontsumoan espezializatua. Kontsumoak bultzatutako urbanizazio prozesuak aztertzen ditu, adierazle gisa merkataritza jarduera, zerbitzuak eta jarduera logistikoa erabiliz.
Gaiari buruzko dozenaka argitalpen egin ditu, eta prestakuntza zientifikoko egonaldiak egin ditu nazioartean eta Estatuan: Universidade de São Paulo (2006), Université Toulouse-Jean Jaurès (2016), eta Universitidade de Lisboa (2022). 2006tik Atlantikoaren bi ertzetako ikertzaileak biltzen dituen Ciudad, Comercio y Consumo nazioarteko sareko kidea da. Horrez gain, Kataluniako Generalitatearekin, Bartzelonako Diputazioarekin eta Bartzelonako Udalarekin ere aritu da lankidetzan, hiri merkataritzako espezialista gisa.
Madrilgo arkitektura, arte eta aktibismo urbanoko Office for Strategic Spaces (OSS) estudioaren zuzendaria da. Askotariko lanak egin ditu: Bartzelonako La Carboneria etxebizitza eraikina birgaitu du (2022); Factoría Cultural Matadero Madrid (2014), sormen industrietako enpresetarako azeleragailua; Urban Space Station, hirietako teilatu lauetan jartzeko berotegi prototipo aurreratua (2008-'16); Aholkularitza Greenpeace Espainiaren egoitza berrirako (2016); Solar Decathlon-en masterplana (2010), besteak beste. COAM 2014 lehen saria lortu zuen, baita COAM 2015 saria ere, aipamen berezi eta guzti; Birgaitzeko proiektu onenaren NAN 2016 saria; Ikerketa saria 2016an Espainiako Arkitektura eta Hirigintzako XIII. Bienalean, eta Arkitekturaren Hedapen Saria ekitaldi berean.
Arkitekto doktorea da ETSAM Madrilgo Goi mailako Arkitektura Eskola Teknikoan, eta arkitektura masterra egin du Princeton-eko unibertsitatean, Fulbright bekadun ere izanik; arkitektura proiektuak irakatsi ditu Princetoneko unibertsitatean eta Pratt Institute erakundean, Alacanteko unibertsitatean, Tokioko Keio-n, Hong Kong Design Institute erakundean eta, 2001. urteaz geroztik, ETSAMen.
Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea UPV/EHUn. Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea izateaz gain, retail arloko jarduera profesionalean aritzen da. Aholkularitza- eta prestakuntza-lanak egiten ditu arlo horretan, eta tailerrak, webinar-ak eta hitzaldiak antolatzen ditu.
Merkataritzari buruzko artikulu eta liburu ugari argitaratu ditu, horietako bat, “100 comercios vascos con los que aprender”, eta Hiriguneen Gerentziarako Espainiako Elkartearen AGECU saria jaso du, hiriko merkataritzarekin loturiko ekintzailetza, berrikuntza eta profesionalizazio ekimenak hedatzen laguntzeagatik.
Espainiako Retail Elkarteko adituen Batzordeko kide da. Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuordea izan zen 2009tik 2012ra.
Kanpo Merkataritzako Masterra egin zuen UPV/EHUn. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea da UPV/EHUn. Doktorego tesia egin zuen, honako izenburu honekin: Ingurumen marketin estrategikoko arau eredu bat, lehiarako abantailak lortzeko.
Marketin Ekologikoaren eta Green Retailingaren arloko ikertzailea da. Hondakinen kudeaketari, erosketa ekologikoari, ingurumena kudeatzeko estrategiei eta abarri buruzko artikulu ugari idatzi ditu.
Jasangarritasunaren arloan aktiboki lan egiten du UPV/EHUn. Ikasleen eta enplegagarritasunaren dekanordea da, eta Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Ingurumen Kudeaketako Batzordeko kidea. Era berean, modu aktiboan parte hartzen du jasangarritasunari, ekonomia zirkularrari eta 2030 Agendari buruzko hitzaldietan.
UPV/EHUren, Deustuko Unibertsitatearen, Mondragon Unibertsitatearen eta Innobasqueren arteko lankidetza proiektu batean ekoberrikuntzari buruzko azterketa tematikoa idatzi zuen ikertzaile taldearen koordinatzailea izan zen.
Irakaslea da Ekonomia Zirkularreko Masterrean, Jasangarritasunaren eta GJHen Unesco Katedrako Masterrean eta Marketineko Masterrean. Dibulgazio zientifikoko programetan parte hartzen du, ekonomia ekologikoari buruz (Baipasa, Euskadi Irratia) edo klima aldaketari buruz (ETB2).
Merkataritza jarduerarekin eta etxeko ekonomien kontsumoarekin lotutako baliabide kontsumoak eragindako ingurumen inpaktu gero eta handiagoan jarriko du arreta hitzaldiak, ikuspegi tekniko batetik, baina, aldi berean, dibulgazioaren ikuspuntutik eta adibide asko emanez. Era berean, eraikitzailea izango da, eta jarraibide batzuk emango ditu, baliabideekiko mendekotasuna murrizteko eta merkataritzaren eremuan hondakin gutxiago sortzeko.
Gure ustez, ekologiaren eta ekonomiaren arteko sinbiosia funtsezko balioa da gizakion bizitzan. Ildo horretan, garapen jasangarriaren bidez hiru ardatz nabarmendu behar dira, ekonomia, gizartea eta ingurumena, bio-ekonomiaren oinarria diren aldetik.
Merkataritzari dagokionez, baliabide naturalen ustiapena minimizatuko duten aukerak bilatu daitezke, hala nola produktu akastunak konpontzea, zerbitzuen erabilera partekatua sustatzea, produktuak konpontzeko eta mantentzeko aukerak ematea, edo produktuei bigarren bizitza bat ematea, berrerabiliz edo beste pertsona batzuekin trukatuz, eta bigarren eskuko salmenta sustatuz.
Kontsumitzaileak garen heinean, egunero erosketak egin eta kontsumitzen dugu, gehienetan etxean, eta, zentzu horretan, ez daukagu ahalegin handirik egin beharrik modu arduratsuan kontsumitzeko; nahikoa da gure kontsumo ohiturak pixka bat aldatzea.
Solasaldiaren helburua da eraikitzailea izatea eta jarraibide batzuk ematea, baliabideekiko mendekotasuna murrizten laguntzeko eta merkataritzaren eremuan ahalik eta hondakin gutxien sortzeko.
Kirolak Zubiaurre SL enpresaren kudeatzailea da Lorea Zubiaurre; enpresak 48 urte ditu eta, gaur egun, 6 saltoki ditu modako eta kiroletako jantzi, oinetako eta osagarriak saltzeko: Kirolak, X-treme, Wilco eta Dubla.
28 urte daramatzat enpresan lanean; gaur egun, Kirolak eta X-treme dendetako merkataritzaren eta giza baliabideen arloetako arduradun naiz.
Naturaren zale amorratua izaki, gaur egun, nire erronka da gure enpresa gizarte eta ingurumen balio jasangarriagoetara bideratzea, helburu ekonomikoak lortzeko.
Gizarteak arazo bat du, ehungintzako produktuak ekoizteko eta kontsumitzeko moduagatik. Hain zuzen ere, gehien kutsatzen duen sektoreetako bat da ehungintza, eta “fast fashion” delakoak sortu duen hondakin maila jasanezina da. CO2 emisioek eta uraren kutsadurak eragina dute espezieen biodibertsitatean, klima aldaketa eragiten dute, eta planetaren jasangarritasuna arrisku larrian jartzen dute.
Modu konpultsiboan eta irrazionalean erosten dugu.
Merkataritza sektorearen parte garen aldetik, egoera honen erantzuleetako bat gara, eta denbora daramagu pentsatzen, ea zer egin dezakegun joera hori aldatzeko.
Ehungintza arduratsua eta ekonomia zirkularra.
Kontuan izan behar dugu hornitzaile guztiak ez direla berdinak.
Merkatua aztertu behar dugu, eta ekintzen bidez haien konpromisoa erakusten dutenak hautatu, jasangarritasuna marketineko baliabide gisa soilik erabiltzen dutenetatik bereiziz (greenwashing).
Zenbait ziurtagiri daude, enpresen eta marken konpromiso maila egiaztatzen dutenak, bai ingurumenaren ikuspegitik, bai justizia sozialaren ikuspegitik.
Gure hornitzaileekin elkarlanean jardun behar dugu, balio horiek gure bezeroei ezagutzera emateko.
Onartu behar da agian gutxiago salduko dugula, baina hobeto salduko dugu; balio erantsi handiagoko produktuak salduko ditugu, eta, horrela, gure bezeroekin harreman iraunkorragoak izango ditugu.
Hornitzaileek berrikuntzak egin eta produktuen diseinu fasean jasangarritasun irizpideak txertatu ahala, merkataritza arduratsuak inplikazio handiagoa izango du ekonomia zirkularraren katean, eta hura laburbiltzen duten 4 prozesuetan parte hartu ahal izango dugu:
Gema Gómez Modan, Jasangarritasunean eta Negozioan aditua den Slow Fashion Next Prestakuntza eta Dibulgazio Plataformaren sortzailea eta zuzendari exekutiboa da 2011tik, baita moda jasangarriko marken Moda Impacto Positivo direktorioarena ere. Madrilgo moda kate handietan eta Parisko joera institutuetan lan egin ondoren, moda ulertzeko eta bizitzeko modu berri bati ekitea erabaki zuen Gemak, XXI. mendeko gizarte eta ingurumen erronkei erantzungo dien ikuspuntu batetik.
Hainbat unibertsitate, negozio eskola eta enpresatan ikastaroak eman ditu, hala nola Madrilgo Enpresa Institutuan, Frantziako Centre Européen des Textiles Innovants zentroan, Mexikoko Semillero Moda Sustentable inkubagailuetan, Kolonbiako Línea Directan, Madrilgo El Corte Inglésen eta Alacanteko Gioseppon.
“Nola izan liteke moda bezain indartsua den sektore bat jasangarria, zirkularra eta birsortzailea haren bizi zikloaren fase guztietan, garraioa barne?”
Modaren industria da munduan gehien kutsatzen duenetako bat. Europako Ingurumen Agentziaren txostenaren arabera, 62 milioi tona arropa ekoizten dira, eta modaren industria bosgarrena da berotegi efektuko gasen emisioetan, laugarrena lehengaien eta uraren erabileran (elikaduraren, etxebizitzaren eta garraioaren atzetik), eta bigarrena lurraren erabilera intentsiboan.
Ingurumenean eta gizartean inpaktu handiak dituen ekoizpen sistema horri merkataritza sistema oso oldarkor bat gehitu behar zaio, black friday moduko kanpainak egiten dituena, eta gure telefonoan klik egite hutsarekin erosketa merkeak egin eta zuzenean etxean jasotzeko aukera ematen diguna.
Baina black friday kanpainan online erosten diren produktuen % 50 baino gehiago itzuli egiten dira, eta horrek eragin zuzena du arnasten dugun airearen kalitatean eta hirietako mugikortasunaren kongestioan.
Nola izan liteke moda bezain indartsua den sektore bat jasangarria, zirkularra eta birsortzailea haren bizi zikloaren fase guztietan, garraioa barne, eta horrela 2030 Agenda bete?
Laura Arqués Turrones y Helados Federico Verdú enpresako kalitate eta jasangarritasuneko arduraduna da. Gijóngo (Asturias) izozki/turroi denda zaharreneko (1882) 5. belaunaldia ordezkatzen du.
Turrones y Helados Federico Verdúk lortu dituen sari eta ziurtagirien artean honako hauek daude: Lehenengo saria SICTED zerbitzu turistiko lehiakorrenaren kategorian (2022), eta Gijónen Biosphere ziurtagiria lortu duen lehen denda (2022).
María Saiz UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da. Ekonomia eta Enpresa doktorea UPV/EHUn. EEB-OVE Ekintzailetzaren Euskal Behatokiko eta GEM Españako Zuzendaritza Batzordearen presidentea. GEM Euskadiko zuzendaria da, eta Global Entrepreneurship Monitor. MBAe3 Ekintzailetza eta Enpresa Zuzendaritza Masterraren zuzendaria, UPV/EHUn. IP da UPV/EHU - ECYSE ikerketa taldean.
Ekintzaileen mentorea Laboral Kutxako Youth Business Spain sarean. Startinnovako batzorde teknikoan dago. Ekintzailetzari buruzko 60 argitalpen baino gehiago ditu (artikulu zientifikoak, liburuak, liburuko kapituluak eta monografiak). Ekintzailetzako irakaslea da 7 masterretan.
Lan mahai honetan, euskal ekintzaileen ekosistemaren adierazle erabakigarriak azalduko dira, nazioarteko testuinguruan, eta arreta berezia jarriko da zerbitzuen eta merkataritzaren sektorean. Mahaiaren helburua da agerian jartzea zein diren merkataritza sektorean ekintzaile izateko oztopo eta aukera nagusiak. Amaitzeko, ekintzaileen ekosistemak eta kolektiboak aurrean dituen erronka nagusiak identifikatuko ditu mahaiak, merkataritzaren sektorean ekintzailetza bultzatzeko gako gisa.
María Aparicio Kazetaritzan lizentziaduna da, Erantzukizun Sozial Korporatiboan masterra egin du Erantzukizun Sozial Korporatiboaren Estatuko Behatokian, eta BCorp mugimenduaren enbaxadorea da.
Ingurune konplexuetan eraldaketa jasangarria lortu nahi duten enpresa proiektuetan egin du lanbide ibilbidea, komunikazioaren eta lidergoaren esparruetan; horietan, emaitzen kontuan eragin positiboa duten jasangarritasun estrategiak garatzen eta ezartzen jardun da, eta aliantza estrategikoak sortzen.
Gaur egun, Empowered by HEMPER zuzentzen du; produktu etikoak eta jasangarriak ezagutzera eman, diseinatu eta garatzen dituen diziplina anitzeko estudio horrek jasangarritasunerako bidea egiten laguntzen die bezeroei, eta eragin positiboa sortzen du balio kate osoan. HEMPER produktuen bidez, enpresaren balioak transmititzen dira eta komunitatearekin modu organikoan konektatzea lortzen da.
Arte Ederretako ikasketak Euskadin amaitu ondoren, Elisabeth Pérez Florentziara joan zen bizitzera, eta han eszenografia, ikus-entzunezkoak, grafika editoriala eta erakusketen diseinua ikasten jarraitu zuen. Gaur egun, Bilbon bizi da eta bere estudiotik lan egiten du; estudioa antzina janari denda izandako lokal batean dauka, eta bere liburuak eta ilustrazioak saltzen ditu “Segunda” liburu denda-galeria txikian.
Euskadi eta Italia artean beti, artearekin zerikusia duten hainbat alorretan lan egin du: kultur kudeaketa eta museoak, zuzendaritza artistikoa eta diseinu editoriala, pedagogia, animazioa, antzerkirako proiekzioak, bideoklipetarako atrezzoa, dokumentalen sorkuntza, muralak, instalazioak...
2013an, arte liburuen eta album ilustratuen argitaletxe txiki bat sortzea erabaki zuen, Bonito Editorial; horren bitartez, objektu-liburu ilustratuak sortzen ditu eta, 2014. urteaz geroztik, F. BilbaoArten tailerrak koordinatzen ditu. Autore ezagunen argitalpenak egin ditu, eta Europako eta Mexikoko feria eta biltzarretan parte hartu izan du. Era berean, ilustratzaile freelance gisa lan egiten du beste argitaletxe batzuetarako, prentsarako, museoetarako eta abarretarako, eta berak ilustratutako eta idatzitako 6 liburu argitaratu ditu, poesia liburuak tartean: Memoria de un pez bueno, Calabazas, Indigo, Saturnina, Elton eta Sagarra Manzana.
2016. urtearen amaieran, Euskal Irudigileak Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalean hasi zen lanean. Bertan, 2017an, beste kide batzuekin batera, Irudika Nazioarteko Ilustrazio Topaketa Profesionala sortu zuen, eta bost edizioak koordinatzeaz gain, edukiak diseinatu ere egin ditu.
Gaur egun, Irudika zuzentzeaz gain, elkartearen nazioarteko arloaz arduratzen da. Argitalpen, ilustrazio, hezkuntza eta antzerki proiektuetan freelance moduan lan egiten jarraitzen du, eta bitartean, idazten eta marrazten jarraitzen du.
CEOa eta Ubyko enpresaren sortzaileetako bat da. Komunikazio Zientzietan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, Arte Zuzendaritzan graduduna Poynter Institute for Media Studies eskolan, eta Ekintzailetzan MBA UPV/EHUn. Zuzendari sortzailea izan da besteak beste Arcadia eta Audacity Partners estudioetan, eta El Correo egunkariko Arte zuzendaria izan da 15 urtez. Azken urteetan, komunikazio eta eraldaketa digitaleko proiektuak zuzendu ditu Vocento Taldean.
Fátima Martínez Social Media Fidelity Management-eko zuzendaria da.
Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi eta Esic eta Cesma zentroetan prestakuntza osatu ondoren, Fátima Martínezen eskola handia hedabideak izan dira 28 urtez: El País, ABC eta Vocentoko zuzendari komertziala Madrilen.
2009. urteaz geroztik, eraldaketa digitalari eta aldaketaren kudeaketari buruzko aholkularitza ematen die enpresa handiei, marketin eta sare sozialetako estrategiak garatzen ditu enpresa nahiz profesionalentzat, eta irakaslea da unibertsitate eta negozio eskoletan. Horrez gain, hitzaldiak ematen ditu.
Bi liburu argitaratu ditu. "Tres Damas con Marca" eta "El Libro de TikTok: la Guía imprescindible para emprendedores, profesionales y empresas".
2012. urtean, haren ibilbide profesionalaren aitortza gisa, Valle de Suchil Saria jaso zuen.
Nire mintzaldian, retail sektorean gauden abiapuntuari buruz hitz egingo dut (marketin digitalaren eta haren joeren ikuspegitik), eta sektore bat baino gehiagotako enpresen adibide grafikoak jarriko ditut, askok metabertso deritzoten horretan garapen berriak egiten ari direlako (dena den, metabertsoa kontzeptu bat besterik ez da oraingoz, sortzen ari denaren eta iristeko dagoenaren kontzeptua).
Hainbat alderdi aztertuko ditugu, hala nola enpresen espazio birtualak, garapen propioak, agertzen ari diren zailtasunak, orain arte egin diren berrikuntzak, erabiltzaileek zer harrera egiten dioten horri guztiari, eta nola ari den monetarizatzen.
Eta garrantzitsuena: etorkizuneko proiekzioa, erabateko murgilketarantz.
Azken batean, gaur egun dagoenaz eta etorkizunean egongo diren aukerez hitz egingo dugu, eta enpresei early adopters bihurtzeko esango diegu, errealitate berri hori iristen denean prest egon daitezen.
José Luis Navarro, Lito, metaversoaren estratega da. Gaur-gaurkoz, Chief Business Officer-a da, Visyon Mediapro-n, eta Metaversoaren Diplomaren zuzendaria, The Valley Business School-en. Era berean, berrikuntzari, murgiltze teknologiari eta metaversoari buruzko eskolak ematen ditu zentro hauetan: The Valley Business School, EOI, The CORE School, ESII UPM, iab, MindWay, Canal Senior.
Horrez gain, NETEXPLO Behatokiaren Espainiako adituen taldeko kidea da, murgiltze teknologien espezialista gisa, eta berrikuntza aholkularia, murgiltze teknologien esparruan (Metaverso).
Haren asmoa irudimena gauzatzea da, teknologien bidez BIZITZA erreplikatuz eta handiagotuz. Haren espezialitateetako bat murgiltze teknologiak dira (XR -VR, AR, MR-), zeinak lagungarriak izan baitzaizkio teknologia eskuratzeko eta ulertzeko ERRITMO ESPONENTZIALA mantentzeko. Murgiltze teknologiak “Gizakia – Makina” interfaze berria dira, eta, beraz, erlazio horri lotutako jarduera guztiak hartuko dituzte zeharka, eta horrek sekulako garrantzia izango du pertsonen bizitzan.
"Ezin da modu zehatzean hitz egin amaitu gabe dagoen zerbaiti buruz. Esploratzaile "moduan" jarri behar da, arropa egokia jantzi, eta obra eremuan murgildu.
Eta behatu, esploratu, elkarreragin/ebaluatu eta partekatzeko asmoarekin egin behar da hori. Jarrera horrekin ekiten diot egunerokoari duela 30 urte baino gehiagotik hona, eta, gaur, metabertsoko obra eremuan retail sektorearen inguruan aurkitu dudana partekatzera nator... Nire analisi eta ikuspegi propioa gehituko dizkiot horri, bertaratuentzat interesgarria izan daitekeelakoan."
Zigor Aldama (Bilbo, 1980) El Correo egunkariko eta Vocento taldeko kazetaria da. Bi hamarkadaz Asiako korrespontsal gisa lan egin ondoren, Txinan oinarrituta, 2021az geroztik nazioarteko eta ekonomikoko berriez arduratzen da. Erreportajeak argitaratu ditu Estatuko eta nazioarteko hedabide nagusietan, El País, The Telegraph, La Repubblica edo South China Morning Post barne, eta besteak beste CNN edo Al Jazeera kateekin kolaboratu du. Bere lanarengatik, sari hauek jaso ditu: Kazetaritza Ekonomikoko Diageo saria (2011), Singapurko Prentsaren Urrezko Domina (2018), Colombine saria (2019) eta Euskal Kazetarien saria (2020).
Ingrit Moya Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko (UCM) Marketin Departamentuko irakasle eta ikertzailea da, eta espezialista da kontsumitzailearen portaeran, teknologia berriak marketinean aplikatzean eta kontsumo jasangarrian. UCMko Customer Experience Management Masterreko zuzendaria da. Lizentziaduna Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan, MBA, MA Marketin Zuzendaritzan eta doktorea Marketinean. Bere esperientzia akademikoaz gain, 15 urte baino gehiagoko eskarmentua du marketin zuzendaritzan hainbat sektoretako enpresetan.
Thomas Kuhnek zioen bezala, krisiek paradigma aldaketak eragiten dituzte. Gure portaera baldintzatzen duten sinesmenak, printzipioak, balioak eta premisak ezinbestean aldatzen dira krisialdien ondoren.
COVID-19aren pandemiak, zalantzarik gabe, kontsumo paradigmak aldarazi ditu. Kontsumitzaileen bizi lehentasunak aldatu egin dira. Gehiegizko kontsumismoak eragindako desoreka eta kontsumo erabakiek inguruan duten eraginari buruzko kontzientziazio gero eta handiagoa direla eta, negozio eredu berriak behar dira, gardenagoak, jasangarriagoak eta eragin positiboa izango dutenak, bai maila indibidualean, bai kolektiboan.
Gaur egungo merkataritza agendaren motorra dira aurrerapen teknologikoak, hiperkonektibitatea, hiri mugikortasuneko aukera berriak, gizarte inklusiboagoak eta askotarikoagoak, eta ongizatea eta bizi kalitatea lehenesten duten elkarlaneko ekonomiak.
Gaur egun hiri merkataritzan planteatzen zaigun erronka da kontsumitzaileen behar eta eskaera berriei erantzutea, lehendik dauden negozio ereduak egokituta. Egungo kontsumo joerak identifikatuz eta kudeatuz bakarrik eskaini ahal izango dizkiegu gure bezeroei erosketa esperientzia bereizgarriak, eta, horrela, marka garrantzitsu gisa posizionatuko gara haien buruan, eta negozioaren inpaktu ekonomikotik haratago, gizarte eta ingurumen inpaktu positiboak ere sortuko ditugu.
Testuinguru horretan, kontsumitzailearen portaera ikertzeak garrantzi handia du. Informazio iturri berriak (Big Data) eta ikerketa teknikak (neuromarketina) erabiltzeko aukerak ateak irekitzen dizkigu, kontsumo ereduak sakonago eta zehatzago ezagutzeko, eta, horrela, marketin estrategiak egituratu ahal izateko, erosketa prozesua esperientzia bihurtu dadin, eta etekina jomuga bat izan dadin.
Mónica Gómez Enpresa Zientzietan doktorea da (Doktoregoko Sari Berezia, 1997). Doktorego ikasketa batzuk Erasmus Universitëit-en (Rotterdam) egin zituen. Ikertzaile bisitaria izan da ospe handiko hamar unibertsitate amerikar eta europarretan baino gehiagotan, hala nola, New York University (NYU), City University of New York (CUNY), University of California at Berkeley, Washington State University, University of Edinburgh, edo Dublin City University, besteak beste.
TECHNOCONS “Kontsumitzailea eta Teknologia” ikerketa taldearen koordinatzailea da. Ehun eta hogei artikulu, liburu, liburuetako kapitulu eta ponentzia baino gehiago argitaratu ditu retail, marketin, enpresa kudeaketa edo ekonomiari buruz. Ikertzaile nagusi edo kide izan da hogeita hamar proiektutan baino gehiagotan, akademikoak izan, transferentziakoak izan, eta honako erakunde hauetarako egindako azterlanak nabarmentzen dira: Coca Cola Europacific Partners, Unilever, Madrilgo Udala, Banco Santander, Fuerza Comercial, AGEDI edo PROMARCA, besteak beste.
Salmenta puntuko soluzio teknologiko berriek, bai backen, bai front-officen, bezeroaren esperientzia hobetzen dute eta haren kontsumo ereduak aldarazten dituzte. Pandemiak erosketa ohiturak aldarazi ditu eta digitalizazioan trebatu gaitu, baina, hala ere, eszeptizismo handia dago oraindik. Gainera, txikizkako banatzaileek ez dute oso argi zein diren irtenbiderik onenak bezeroen esperientzia hobetzeko, eta, aldi berean, kostuak optimizatzeko. Bestalde, horrelako teknologiak enpresa handien esku bakarrik daudela pentsatzen da, baina hori ez da horrela. Hala ere, teknologia hornitzaileak tresna eta software “entsalada” bat eskaintzen ari dira, eta horrek ez die askorik laguntzen retailer-ei, batez ere txikienei, zaila egiten baitzaie bezeroak fidelizatzeko eta erosle berriak erakartzeko teknologiarik onena zein den bereiztea.
Aurkezpenean, gure ikerketa taldeak UAMen (TECHNOCONS) proposatutako tipologia bat aurkeztuko dizuegu. Sailkapen hori sektoreko zuzendariei eta retail teknologian adituei egindako azterketa kualitatiboetan eta kuantitatiboetan oinarrituta egin da. Lehenik eta behin, bezeroaren esperientzia hobetzeko teknologia egokienak identifikatu ditugu, eta, ondoren, egokienak aukeratu, hiru estrategia hauetan posizionatzeko: KONFIANTZA marka-bereizgarrian, erosketa ERRAZA, eta esperientzia DIBERTIGARRIA. Laburbilduz, teknologien eta estrategien mapa bat sartu dugu, irtenbide egokienak identifikatzeko, establezimenduak bezeroengana jotzeko aukeratzen duen politikaren arabera.
Massimo Cermelli Ekonomia eta Merkataritzan lizentziaduna da Università degli Studi di Palermo unibertsitatean, eta Ekonomia eta Enpresa Zuzendaritzan doktorea Deustuko Unibertsitatean. Ekonomia eta Etikako irakasle titularra da Deusto Business Schoolen. Halaber, nazioarteko hainbat unibertsitatetan irakasle bisitaria ere bada. Estatuko eta nazioarteko hainbat elkarte eta erakundek finantzatutako ikerketa proiektu ugaritan parte hartu du.
Era berean, artikulu ugari idatzi ditu nazioko zein nazioarteko aldizkari espezializatuetan, eta liburu eta liburuetako kapitulu ugari ere idatzi ditu; azkena Ekonomia Zibilaren Eskuliburua argitaratu du, horixe baita bere ikerketa ildo nagusietako bat, ETEen nazioartekotzea, berrikuntza eta business ethics arloekin batera. Nazioko eta nazioarteko kongresu askotan ere parte hartu du. Ohiko kolaboratzaile da estatuko eta nazioarteko hainbat egunkaritan eta irratiko nahiz telebistako saioetan.
Igone Castillo merkataritza sektoreko enpresetarako aholkularia da retail marketinean eta diseinuan, eta Doctora Retail aholkularitza sortu du. Merkatariei aldaketa edo berrikuntza proiektuetan laguntzen die, beren negozio ereduarekin, eraldaketa digitalarekin, omnikanalitatearekin edo harremanen marketinarekin lotuta.
Trebatzaile ere bada, eta foro espezializatuetako hizlaria izan da, hala nola Retail Trends (Katalunia), Murcia Shops Forum edo Ferma Innova (Aragoi) foroetan. Irakaslea da Malagako Unibertsitateko Retail Marketing Masterrean. Blogaria eta edukien sortzailea da, eta horietako batzuk Emprendedores, CMD Sport edo Retail Actual aldizkarietan argitaratu dituzte.
Alicia Chavero diseinu estrategikoko eta berrikuntzako The Crew aholkularitzaren bazkide sortzailea da. Halaber, ISDIko Kontseilu Akademikoko kidea eta INGko Berrikuntza Batzordeko kidea da. Gainera, irakasle gonbidatua da La Sabana Unibertsitatean (Bogota, Kolonbia), IE Business Schoolen eta EOI Industria Antolaketako Eskolan, eta Linkedin Learningeko irakaslea da.
Honako bezero hauentzat lan egin du: Telefónica I+D, SAGE, Enagás, Microsoft, AXA Seguros, Correos, Sage, SeflBank, Telepizza, Vodafone, Orange Bank, Grupo Día, Bankinter, Mapfre, Team Heretics, Grupo Catalana Occidente, COFM, Bankia, BMW…
Alec MacGillis ProPublica ikerketa albisteen irabazi asmorik gabeko erakunde nazionaleko berriemailea da. Aurretik The New Republic aldizkarirako eta The Washington Post, Baltimore Sun eta beste egunkari batzuetarako lan egin izan du. Besteak beste, New Yorker, Atlantic, New York, Harper's eta New York Times Magazine aldizkarietan argitaratu du. 2016an, Erreportaje Politikoaren Bikaintasunaren Robin Toner Saria jaso zuen, eta 2017an, Informazio Nazionaleko Polk Saria eta Elijah Parish Lovejoy Saria.
MacGillisek The Cynic (2014) idatzi zuen, Mitch McConnell senatariaren biografia, bai eta Fulfillment: America in the Shadow of Amazon (2021) ere, Farrar, Straus and Giroux argitaletxeak kaleratu zuena eta dozena erditik gora hizkuntzatara itzuli dutena. 2018an, Daytoneko (Ohio) eskualde desberdintasunei buruzko Left Behind America dokumentaleko (PBS Frontline) korrespontsala eta narratzailea izan zen.
2021eko udazkenean, Berlingo Amerikar Akademiako bekaduna izan zen seihileko batez, eta Alemaniak ikatza atzean uzteko egindako lana ikertu zuen. Aurretik, 2010-2011 ikasturtean, Knight-Wallace kazetaritza beka jaso zuen Michigango Unibertsitatean.
Alec MacGillis Pittsfielden (Massachusetts) jaio zen, eta Yaleko Unibertsitatean graduatu 1996an. Gaur egun, Baltimoren (Maryland) bizi da.
The United States of Amazon (ingelesez Fulfillment bezala argitaratua) Estatu Batuetako eskualdeen arteko desberdintasunen areagotzeari buruzko historia da, Amazonen begiradatik ikusita. Liburuan aztertzen denez, gero eta arrakala handiagoa dago bi hiri motaren artean: batetik, dena-berenganatzen-duten hiri irabazleak, hala nola, Seattle, Washington DC, New York eta Boston, eta bestetik, inoiz ez bezala borrokan ari diren hiri eta herri alde-batera-utzien talde askoz handiago bat.
Herrialdeko oparotasunaren parte handi bat lehenengo taldeko hiri horietan kontzentratzen den arren, eskualdeen arteko desberdintasun hori ez da osasungarria inorentzat. Izan ere, alde batetik, dena-berenganatzen-duten hiri irabazleak eskuraezin bihurtu dira eta kongestionatuta daude, eta bestetik, hiri eta herri alde-batera-utziak borrokan ari dira hondamenaren eta etsipenaren aurka. Liburuak erakusten du eskualdeen arteko desberdintasun hori, neurri batean, Amazon bezalako erraldoi teknologikoek bultzatzen dutela. Besteak beste komunikabideen eta txikizkako merkataritzaren (retail) sektoreak enpresa talde txiki baten mende geratzen ari diren heinean, bere garaian herrialde osoan zehar banatzen ziren merkataritza eta aberastasuna gero eta gehiago kontzentratzen dira enpresa horien egoitzak dauden tokietan.
Liburuak ibilbide bat egiten du Amazonen Amerikako desberdintasunaren paisaian barrena, goitik behera: Washingtonen Bezos gobernuko elitearekin hizketan ageri den festa batetik hasita, Ohion Amazonerako kartoizko kutxak egiten dituen gizon bateraino, bere familiarekin etxegabeentzako babesleku batean bizi den bitartean. Hiri Merkataritzako Biltzarrera bertaratuentzat bereziki interesgarria izan liteke liburuko kapitulu bat, Amazonen mehatxuari aurre egin behar dioten enpresari txikiei buruzkoa; bertan, Amazonen domeinuaren aurka El Pason (Texas) bulegoko hornidurak egiten dituzten zenbait familia enpresa dira protagonista.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.