Espazio Publikoaren Sailak hobekuntzak sartu ditu Olarizuko labirintoan auzokideek egindako eskaerei erantzuna emateko

2024ko maiatzaren 13an argitaratua

Zelaian egindako lanak hasi dituzte jada eta lanek sei hilabete iraungo dute.

  • Azalera gutxitu eta auzotik izango dituen sarbideak ugaritu dituzte

Beatriz Artolazabal alkateorde eta zinegotziak zuzentzen duen Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak hobekuntza batzuk sartu ditu Olarizuko landare-labirintoaren proiektuan auzoko bizilagunekin horretarako harremanak izan ostean. Gertuen dauden etxebizitzetatik aldentzeko asmoz kokapenean egingo den eta aurrez iragarri zuten aldaketari beste bat gehituko dio orain Udalak: ipar-mendebaldera proiektatutako “muturra” kendu eta Etxaldera sartzeko bidetik ikusgarritasuna hobetuko du. Erabaki hori dela eta, gutxitu egin da labirintoa eta haren banda perimetrala kokatuta egongo diren azalera eta, azkenean, 3.900 m2-koa izango da.

Zelaietan lanak hasi dituzten egunean eman du zinegotziak aladaketa horien berri. Komunikabideen aurrean azaldu duenez, aldaketa horiek “bizilagunek egindako proposamenak dira, proposamen positiboak eta inguruan bizi diren pertsonen gustuen araberakoagoak, partaidetza handiagokoak eta hobeak diren proiektua izatea ahalbidetzen digute”. Aldaketa horien artean, Artolazabalek azpimarratu du auzotik izango dituen sarbideak ugaritu egingo direla, eta bat izatetik hiru izatera igaroko direla. “Hasierako proiektuan, sarrera bakarra zegoen. Orain, ordea, zuhaitzez inguratutako plaza txiki bat sortu dugu sarreraren ondoan. Horri esker, hiru sarbide izango ditu. Konektagarritasuna hobetu eta joan-etorri sakabanatuagoa erraztuko dugu. Zuhaitz gehiago izango ditu plazak, labirinto inguruan banatuta egongo diren 12 zuhaitz berrirekin (gehienak plaza txiki berriaren bi aldeetan)”.

Era berean, labirintoaren ipar-ekialdera, bide berri bat egingo da auzoaren urbanizazioa ekialderako noranzkoan parkean lehendik dagoen bidearekin lotu ahal izateko. “Bizilagunek konektagarritasun hori eskatzen ziguten Lorategi Botanikora arteko bidean aurrera egiteko”, azaldu du. Gehitu duenez, bide guztiak harea granitikoarekin proiektatu dira, iragazkortasuna hobetzeko.

Zinegotziak, Saileko Proiektu Estrategikoen zuzendariarekin, Jorge Ozcarizekin, batera, gaur goizean bisitatu ditu zelaiak. Hain zuzen ere, gaur hasi dituzte sei hilabete iraungo duten lanak.

Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean jasota dago proiektua eta Next Generation EU funtsetatik iritsitako Europako finantzaketa jaso du. Aurrekontua 474.742 eurokoa izango da.

Beste behin, Artolazabalek balioa eman nahi izan dio aisialdiko baliabide berri honi. Bere hitzetan, “ labirintoak gure hiri berdea, jasangarria eta natura oinarri duena islatuko du eta, gainera, Lorategi Botaniko handia hobeto ezagutzeko erakargarritasun ere bihurtuko da”.

Planoa (pdf)

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.