Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdea

Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdea

Kudeaketa

Hasiera | Informazio praktikoa | Historia | Egokitzea | Kudeaketa | Toki interesgarriak | Hezkuntza | Bisita birtuala

Eraztun Berdeko espazioak eta ekipamenduak diseinatu, egokitu, kudeatu eta mantentzeko printzipio eta irizpideen funtsak dira biodibertsitatea kontserbatzea eta hobetzea, baliabideak eraginkortasunez erabiltzea, paisaia egokitzea, erabilera publikorako funtzionala izatea, etab. Horrek guztien xedea da ingurumen eta gizarte onurak lortzea, eta baita ekonomikoak ere.

Biodibertsitatearen kontserbazioari zuzendutako kudeaketa

Eraztun Berdeko parkeak biodibertsitatearen kontserbazioari zuzendutako kudeaketa bereizia dute. Soropilak eta larreak beste modu batean, modu naturalagoan, mantentzen dira, eta habiak egiteko tokiak eta babes artifizialak instalatzen dira.

Larren kudeaketa berezitua eta lehen segaldiaren atzerapenari esker, orkideen espezie berriak agertu dira Armentian eta Zabalganan; sega kopurua murrizteak intsektu belarjaleen aberastasuna eta ugaritasuna handitu du, eta horrela, haiek harrapatzen dituzten animaliena ere bai; sarritan, kudeaketa eza da tresna, belarren komunitateak landare segiden prozesuan maila aurreratuagoetara igaro daitezen. Beste neurri batzuk: hildako egurraren pilaketa intsektu xilofagoen bizitza errazteko, sasoi kritikoak errespetatzea zenbait espezieren ugalketa (adibidez, bisoi europarrarena) babesteko, etab.

Leheneratze eta hobekuntza ekologiko eta paisajistikoko proiektuetan lehendik dagoen landaredia kontuan hartzen da etorkizunean egingo diren landaketen arrakasta aukeren adierazle gisa. Landaredi naturalaren hondarrak babestoki ona dira espezieen erreserborio gisa (bai landareena zein animaliena edo onddoena), espezie horiek geroago leheneratutako espazio osoa koloniza dezaten. Hortaz, kontserbazio eta zaintza irizpideak aplikatuz, komunitateak maila klimatikoetara irits daitezen bultzatzen da, eta aldi berean, ale bakan edo isolatuak errespetatzen dira eta espezie belarkara naturalek bere kabuz espazio irekiak koloniza ditzaten errazten da.

Ikerketa zientifikoak

Ikerketa zientifikoak oinarrizko zutabe dira Eraztun Berdeko parkeen segimendu eta kudeaketarako. Urteetan zehar aztertu diren gaien esparrua oso zabala da.

Azterlan eta segimendu horiek lagunduta, aurrera egin da parkeetako biodibertsiatearen ezagutzan, eta natur balioen kontserbazioarekiko begirunea duten kudeaketa eta mantenimendu moduak ezarri dira. Horrez gain, ingurumen balio berezia duten enklabeak babesteko argudioak eman dituzte azterlan horiek.

Azpiegiturak eta ekipamenduak: "beste" planteamendu bat

Eraztun Berdeko parkeen ezaugarriak bereziak dira: ia ez dute argiztapen artifizialik, bideetako zoruak lurrezkoak dira nagusiki, eta hondakinak jasotzeko puntuak, aparkelekuak, informazio puntuak eta iturriak parkeetako sarreretan eta hiriarekin kontaktuan dauden guneetan soilik daude. Azken finean, hiri izaera duen parkearen itxura saihestu da, erabiltzaileek naturarekiko errespetu jarrera har dezan, mendian egongo balitz bezala.

Altzariak eta ekipamenduak sortzeko oinarrizko materialak harria, altzairua eta zura dira. Diseinu irizpideak honakoak dira: materialaren adierazpenaren zintzotasuna, baliabideen ekonomia, iraunkortasuna eta mantenimenduaren erraztasuna, eta ingurumenaren babeserako eta eraginkortasun energetikorako dauden arauekiko egokitzea.

Eraztun Berdea oso aberatsa da naturaren eta paisaiaren aldetik, eta hiritik oso gertu dago. Hala bada, eremu paregabea da, batetik, herritarren aisialdirako, eta bestetik, naturak dituen arazoei buruz sentikortzea sustatzeko. Jatorritik beretik, Eraztun Berdearen proiektuak bere lehentasunen artean izan du gizarte alderdiari arreta berezia eskaintzea, eta herritarrentzako eremua sortzea, han mota guztietako erabilerak eta jarduerak bultzatuz, aisiari, kirolari, hezkuntzari, prestakuntzari eta abarri lotutakoak.

Erabilera publikoa

Jendea Eraztun Berdeko parkeetara hurbil dadin sustatzeko seinale egokiak jarri dira, ibilbide sare zabala prestatu da, eta atsedenak eta egonaldiak egiteko guneak egokitu dira. Halaber, parke horiek guztiak ingurumen ekipamenduz hornitu dira; batetik, bisitariei harrera egiteko eta argibideak emateko, eta bestetik, Eraztun Berdearen hezkuntza eta prestakuntza eskaintza osatzen duten jarduera guztiak gauzatzen laguntzeko.

Erabilera publikoaren kudeaketa

Erabilera publikoa

Eraztun Berdeari modu egokienean egokitzen zaion kudeaketa estrategia zehazterakoan, kontuan hartu behar da hiriaren ingurumariek harreman bikoitza dutela bisitariekin. Hala bada, gune kalteberek jende askoren joan-etorria izan dezaten saihestu behar da, baina, aldi berean, bisitariak berak dira inguruneari erasotzen dioten erabilerekin (adibidez, zaborrak legez kanpo isurtzea) bukatzeko bermerik onena. Horren harira, Eraztun Berdea diseinatzerakoan erabilera publikoa sustatzeko azpiegiturak jarri dira, baina aldi berean, kalteberak diren tokiak erabiltzea mugatu egin da.

Erabilera publikoa

Zentzu horretan, aipagarriak dira bide sareak egokitzeko egin diren lanak. Bide horietatik ezin dira motordun ibilgailuak ibili, berariaz baimendutakoak salbu. Halaber, paseatzeko bideak eta egonaldiak egiteko guneak zehazteko orduan, hauskorrak diren guneetatik ahalik eta urrunen jarri dira. Bisitariek debekatuta dute Salburuko parkean dagoen Arkautiko urmaelaren 70 hektareako zati batera sartzea. Hori erabakitzeko arrazoia izan da bisitak eta gune horretako balio naturalen zaintzea ez direla bateragarriak.

Eraztun Berdea zenbat lagunek bisitatzen eta erabiltzen duten kontrolatzeko zaintza zerbitzua ere badago. Halaber, zerbitzu horrek gune guztien eboluzioa -bai ingurumenaren arlokoa, bai paisaiaren arlokoa- ikuskatzen du. Zeregin horrek berebiziko garrantzia du Eraztun Berdearen kudeaketa teknikoan.

Zaintza zerbitzuaz gain, Eraztun Berdeari buruzko informazio publikoa zabaltzeko hainbat bide dago: hedabideak, Internet, argitalpenak eta parkeetan bertan dauden ekipamenduak.

Eraztun Berdeak natura eta paisaia aberastasun handia du, eta hiriaren atarian bertan egonik, espazio bikaina da herritarren aisialdirako eta aldi berean herritarrok sentsibilizatzeko naturak dituen arazo handien aurrean. Horregatik, hasieratik bertatik, Eraztun Berdearen proiektuak lehentasun gisa izan zuen arreta berezia jartzea gizarte alderdian eta herritarrei zuzendutako espazio bat egokitzean, herritarrok askotariko jarduerak egin zitzan bertan: aisialdikoak, kiroletakoak, hezkuntzakoak, prestakuntzakoak, etab.

Eraztun Berdearen erabilera publikoa errazteko lanak ere egin dira. Seinale egokiak instalatu dira parkeetan, ibilbideen sare luzea prestatu da, egoteko eta atsedenerako guneak egokitu dira, eta ingurumen ekipamenduen sare zabala sortu da herritarrak hartzeko eta informatzeko eta hezkuntzako eta prestakuntzako eskaintza zabala emateko.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.