Lopida - Gasteizko menpeko toki-erakundea.

Lopidako hirigunea Zadorra ibaiaren eskuinaldean dago, Gasteiz hiriaren erdigunetik ipar-mendebalderantz jota 6,5km-ra eta, hortaz, Gasteizko ipar-mendebaldeko nekazaritza-eremuaren zati da. Edonola ere, Gasteizko hirigunetik gertu dago gaur egun, Ibaiondo auzoa eta Ali-Gobeo industrialdearekiko hurbiltasuna dela eta.

'Adobero' izengoitia hartzen dute Lopidako bizilagunek.

Lopida

Historia

Herriari buruzko lehenengo erreferentzia idatzia 1025ekoa da, Donemiliaga Kukulako kartularioan ageri baita aipatua, 'Lopeggana' idatzita. Gerora, Erdi Aroko beste agiri batzuetan, 'Lopidana' eta 'Lupidana' formak ikusten dira.

Erdi Aroan Badaiako ermandadekoa izan zen, eta 1975era arte Forondako udalerriaren partetzat hartzen zen; urte horretatik aurrera Gasteiko udalerrian sartuta dago.

Monumentuak

Herriko eraikin nagusia Garbikundearen Ama Birjinaren eliza da, XIII. mendeko tenplu erromanikoa. Kanpoaldean eraikin soila da eta dorre karratu landugabea du. Arkitekturaren ikuspuntutik leihateak eta portada erromanikoa dira elementu interesgarrienak.

Behin izan ziren herrian errementaldegi bat eta San Antonio Paduakoari eskainitako ermita bat: elizari itsatsita zegoen eta kapera gisa erabiltzen zen. Herritarrek itsasontziak egiteko ustiatzen zuten harizti bat ere bazegoen, baina gaur egun ia osorik galdu da. Basoa saltzetik atera zen diruarekin Gobeoko eskolaren zati bat ordaindu zen.

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.