Bideo-zaintzaren aldeko apustua eta kaleetan eta auzoetan polizia gehiago jartzea dira Segurtasun Sailaren lehentasunak
2023ko irailaren 14an argitaratua
Iñaki Gurtubaik delituen prebentzioan, hurbiltasunean eta ikerketa aurreratuan oinarritutako eredua planteatzen du, baita suhiltzaileen flotarentzat eta instalazioentzat ere
Iñaki Gurtubai Segurtasunaren zinegotziak bere Sailerako legegintzaldi honetarako programan zehaztu du, hiru lehentasunetan oinarrituta: delituaren prebentzioan oinarritutako polizia-eredua sustatzea langile gehiagorekin eta baliabide hobeekin, herritarrengandik geroz eta hurbilago dagoen zerbitzua eskaintzea eta ikerketa-eredu aurreratua sustatzea. Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuari dagokionez, helburu nagusiak ibilgailuen flota berritzea, Agirrelandako instalazioak hobetzea eta langileen bitartekotasuna murriztea dira.
Delituen prebentzioan oinarritutako eredua
Gurtubaik Udaltzaingoaren lanean jauzi kualitatiboa egitearen aldeko apustua egin du, eta delituen prebentzioan oinarritutako zerbitzuaren eredua garatu nahi du (poliziaren lanaren hiru adarretako bat da, ikerketarekin eta neutralizazioarekin batera). Prebentzio-eredu honekin polizia gehiago egongo da kaleetan eta auzoetan, eta plantilla eraginkorra handituko da horretarako. Segurtasuneko zinegotziak Udaltzaingoen deialdi bateratuen sistemaren alde egin du datozen EPE-etarako, modu azkar eta arinean langileen beharretara gehien egokitzen den eredua baita.
Udaltzainek delituen prebentzioan jardun ahal izateko aukera emango duen beste baliabide bat mugikortasun-agente berriak izango dira, eta legegintzaldi honetan ezarriko dira.
Bideo-zaintza sustatzea
Datozen asteetan, bideo-zaintzarako 17 kamera instalatuko dituzte Gasteizko leku estrategikoetan. Gailu teknologiko aurreratuak dira, eta egun erabiltzen diren kamerek baino prestazio hobeak dituzte, bereizmen handiagoa dutelako edo irudiaren azterketa adimendun hobea egiten dutelako.
Gurtubairentzat lehen urratsa da hau bideo-zaintzarako irtenbideak ezartzeko garaian, delituen prebentziorako eta ikerketarako funtsezko tresna gisa funtzionatzeko. Horretarako, datozen urteetan hiri osoan ehun kamera inguru izateko apustua egin du, inguruko beste hiri batzuen eredua jarraituz (esaterako, Iruñearen kasuan, 300 kamera inguru daude).
Gailu oso lagungarriak izango dira gaizkileak identifikatzeko, eta datu pertsonalen erabileraren kasuan proportzionaltasunez jardungo da beti eta araudi aplikagarria errespetatuko da.
Ez da Udaltzaingoaren barruan egingo den hobekuntza material bakarra izango. Gurtubaik apustu ekonomiko handia planteatu du alde horretatik, eta komunikazio-sistemetan eta sistema informatikoetan jarri nahi izan du arreta.
Zerbitzu geroz eta hurbilagoa
Segurtasuna da Udalak eskaintzen duen funtsezko zerbitzuetako bat, eta Iñaki Gurtubaik geroz eta hurbilagoa bihurtu nahi du hainbat ekintzaren bidez. Alde horretatik nabarmentzekoa da datorren urtean polizia-etxe berria zabalduko dela Jose Erbina kalean. Instalazio horretan salaketak tramitatu ahal izango dira Agirrelandara joan beharrik gabe eta poliziak inguru horretan sortzen diren beharrei erantzuteko denbora hobetuko da, beste hobekuntza batzuen artean.
Halaber, hurbiltasun hori lortzeko aldizkako elkarrizketa-kanal berriak jarriko dira martxan Udaltzaingoaren eta eremu horretako eragile sozialen artean. Komunikazioarekin batera, delitu-jazoerei buruzko informazioaren gardentasuna sustatuko da.
Poliziaren hirugarren ekintza-ardatza ikerketa aurreratuarena izango da, eta protagonismo handiagoa emango zaie espezializatutako agenteei. Halaber, bitarteko teknologiko gehiago eskainiko dira. Eredu horren oinarrian, gainera, lankidetzan jardungo da beste polizia-gorputz batzuekin, Ertzaintzarekin bereziki.
Suhiltzaileen flota berritzea
Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuaren beharrei dagokienez, helburu nagusia da langile egonkor gehiago izatea eta bitarteko materialak hobetzea. Baliabide horien artean nabarmentzekoa da flota berritzeko beharra, 17 urte baititu batez beste. Urte honen amaieran bi auto-ponpa ibilgailu jasoko dira eta helburua da urtero ibilgailu bat edo bi berritzea. Horretarako, kontzeptu horretara bideratutako aurrekontua handituko da.
Ekipo eta instalazio hobeak
Materialen berrikuntza PSISZk erabiltzen duen ekipamendu osora zabalduko da, hala nola askatzeko sistemak, kea erauztekoak, sua itzaltzeko materiala edo ibilgailu guztietan ezarri nahi diten GPS sistemak, larrialdi bat non dagoen ahalik eta zehaztasun handienarekin lokalizatzeko.
Halaber, hobekuntzak egingo dira Agirrelandako instalazioetan norbera babesteko ekipamenduak biltzeko laneko arriskuen araudira egokitutako espazio berriak sortuz. Epe luzeagora begira, parkeko dependentzien berritzea suhiltzaileen egoitza nagusira zabalduko da.
Langileak egonkortzeko neurriak
Iñaki Gurtubaik PSISZen daude plaza huts guztiak EPE baten bidez betetzeko apustua egin nahi du, langileak egonkortzeko eta bitartekotasun-tasa murrizteko, egun % 30ekoa baita. Era berean, Sailaren berezko baliabideekin prestakuntza pertsonala sustatzearen garrantzia nabarmendu du.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.