Gasteizek hobekuntzak izango ditu garbiketa-zerbitzuan

2023ko irailaren 13an argitaratua

Ingurumen Kudeaketaren zinegotziak, Pascual Borjak, ordutegi malguagoak, bilketa-ibilbideen berrikusketa, betetze-sentsoreak edo gaikako paperontziak iragarri ditu.

Gasteizko Udaleko Ingurumen Kudeaketaren zinegotziaren, Pascual Borjaren, arabera, garbiketako baliabideen eta zerbitzuen kudeaketa egokia eta jasangarria da legealdi honetan bere udal-sailak aurre egin beharreko erronka nagusietako bat. Sail horretako arduradun gorenak, Borja Rodríguez Ingurumenekoarekin batera, hasi ditu gaur goizean Etxebarriaren kabineteko zinegotziek aste honetan eta hurrengoan zehar egingo dituzten agerraldiak. Zinegotziek hurrengo lau urteotarako haien programak zerrendatuko dituzte.

2012an Gasteiz European Green Capital izendatu izana aurreko hamarkadetan jasangarritasunarekin lotuta egindako ahaleginak aitortzeko modua izan zen. Hiriburua izendapen hori lortzera eraman zuten erronkek indarrean jarraitzen dute eta gero eta garrantzi handiagoa dute. “Bikaintasunarekiko konpromisoa amaierarik gabeko bidea da”, azpimarratu du Borjak.

Hala, Pascual Borjaren hitzetan, honako hauek dira landu eta arakatu beharreko erronkak: “hondakinen kudeaketa gero eta egokiagoa, birziklapen-ehunekoa handitzea eta hondakinak kudeatzeko azpiegiturak modernizatzea”.

Aipatutako helburu horri aurre egin ahal izateko garaian, hondakinen bilketako eta garbiketako zerbitzua hobetzeko estrategia funtsezko bi alditan egituratuko da. “Lehenengoa 2025 arte bitartekoa izango da eta zerbitzua eskaintzen duten enpresekin indarrean dagoen kontratuan kokatu behar da: PreZero eta Onaindia”, gogorarazi du Borjak.

Hobekuntzak eta optimizazioak

Zerbitzua emateaz arduratzen diren enpresekin indarrean dagoen kontratuaren baitan, Pascual Borjak hobekuntza eta optimizazio batzuk planteatu ditu. Horiek guztiek “pauso esanguratsuak ekarriko dituzte noranzko egokian eta eskuragarri dugun horrekin gehiago egitea ahalbidetuko digute”.

Borjaren arabera, hurrengo bi urteotan aplikatu beharreko hobekuntza horiek “berehalako gorabeherei erantzuna ematearekin eta, aldi berean, Gasteizerako etorkizun jasangarriagoa eta hiriko garbitasuna hobetzeko egin beharreko inbertsioarekin” lotuta daude.

  • Bilketa-ibilbideak berrikustea: bilketa-ibilbideak are gehiago doitzea aurrez ikusi dute distantzia eta denbora minimizatzeko eta, hala, erregaiaren eraginkortasuna hobetzeko eta CO2 isurpenak gutxitzeko.
  • Ordutegi malguak: zirkulazio gutxieneko aldietan, isurpenak gutxitu ahal izateko, zaborra biltzeko ordutegi malguagoa martxan jar daitekeen kasuak berrikustea.
  • Lanetan zarata gutxitzea: zaborra biltzeko eta kaleak garbitzeko garaian sortutako zarata gutxitzea funtsezkoa da hiriguneetan bizi-kalitatea hobetzeko. “Ekorketaren eraginkortasuna arriskuan jarri gabe zarata minimizatuko duten abiaduratan erabiltzea makina, makinak egoera onean mantentzea higatutako piezak direla eta zarata osagarriak ekiditeko edo kale-garbiketa ordutegi egokiagoetan programatzea” izan dira Pascual Borjak zehaztutako ekintzetako batzuk.
  • Kontratuko baldintzak betetzen direla kontrolatzea. “Udaleko zerbitzu teknikoek ikuskapena indartuko dute zerbitzuak baldintza-pleguak zehaztutako moduan betetzen direla egiaztatzeko. Hala, telemetriako zerbitzu berriak eta operazioen erregistrokoak gehituko dira zerbitzuak kontrolatzeko”, zehaztu du Ingurumen Kudeaketaren arduradunak.
  • Hobekuntzak edukiontzien kontrolean eta edukiontzietan sentsoreak jartzea beteta noiz dauden jakiteko. Hala, sistema eragingarriagoa lor daiteke, eta ez da beharrezkoa ez den lanik egingo.
  • Zirkulazio handiko eremuetan edo ekitaldi berezietan, zonalde gehiagoko birziklapen-puntu osagarriak gehituko dira.
  • Gaikako paperontziak ezarriko dira. “Horixe da herritarren artean birziklapena sustatzeko estrategia eraginkorrenetako bat eta eredu egokiena zein den jakiteko azterketa egingo da”, adierazi du Pascual Borjak.
  • Birziklapenaren eta hondakinak behar bezala uztearen garrantziari buruzko sentsibilizazio-kanpainak. “Herritarrei zuzendutako gertutasuneko kanpaina egitea planteatu dugu. Horren arabera, ingurumen arloko hezitzaileek bisita egingo lukete etxebizitza partikularretara beira birziklatzeak duen garrantzia azaltzeko eta 2030. urtera begira Europar Batasunak finkatzen dituen tasetara iristeko bidean kokatzeko”, adierazi du zinegotziak.
  • Konposta egiteko poltsak banatzea. “Gasteizko Udalak doako poltsak banatuko dizkie herritarrei lan hori errazteko”, adierazi du Borjak.
  • Zehapen-kanpainak: Herritarren Segurtasun Sailarekin elkarlanean, urte-sasoi jakin batzuetan “zaintzarako kanpaina bereziak” egiteko aukera planteatuko dute “hondakinak edukiontzietan behar bezala uzteari eta kudeatzeari oraindik ere uko egiten dioten herritarrak zelatatzeko”, zehaztu du Pascual Borjak. Egokia ez den portaeraren bat ikusiz gero, zaintza berezi horrek udal-ordenantzetan aurrez ikusitako zigorrak ezarriko lituzke.

Horiek izango dira 2025era arteko ekintza nagusiak. Ondoren, baldintza-plegua prestatuko da 2025-2029 aldian Gasteizeko garbiketa-zerbitzu berria kontratatzeko. “Horixe izango da hondakinen garbiketarako eta kudeaketarako baldintza-plegua berrikusteko eta eguneratzeko unea”. Horrekin lotuta, zinegotziak honako hau azaldu du: “plegu horren lanketa aparteko aukera da herritarren politikak eta ekintzak jasangarritasunarekin lotutako etorkizuneko eta gaur egungo erronkekin lerrokatzeko”.

CEA: helburu estrategiko berriak

Horrez guztiaz gain, saio horretan Borja Rodríguez zinegotziak legealdirako bere programa aurkeztu du jasangarritasunarekin, klimarekin eta energiarekin lotuta. Hala, “gero eta garbiagoak diren” energiak kontsumitu ahal izateko herritarren inplikazioa behar-beharrezkoa dela azpimarratu nahi izan du. Horrez gain, bere hitzetan, “beharrezkoa da kontsumo hori ahalik eta modu eraginkorrenera bideratzea”.

Rodríguezek gogorarazi du Gasteizek Europako misioetan parte hartu duela 100 hiri adimentsu eta karbonoan neutroetako bat izateko eta klima-aldaketara egokitzeko lanean.

Hiri jasangarriagoa eta erresilienteagoa lortzeko bidean, Rodrígezek Ingurumen Gaietarako Ikastegia (CEA) nabarmendu nahi izan du. Horrez gain, haren jarduerak “klima-ekintzaren inguruko erronka horrekin eta karbonoan neutroa den Gasteizekin derrigor lotuta egon behar duela” azpimarratu du. Horrekin lotuta, “udal-eraikinetan eta -instalazioetan energia berriztagarriak hedatzen eta horien eraginkortasun energetikoa eta jasangarritasuna hobetzen jarraitu”  beharra dagoela azpimarratu du.

Rodríguezek gogorarazi du Gasteizek Europako bi misiotan parte hartu izanak duen garrantzia: Hiri adimentsuen eta karbonoan neutroak diren 100 hirien Misioa (2030) eta Klima Aldaketara Egokitzeko Misioa.

Hori dela eta, bost helburu estrategiko landu beharko dira. Horiek CEAren lan-ildoak markatuko dituzte gai hauen inguruan: “Mugikortasuna, azpiegitura berdea eta lurraldea, herritarren aktibazioa, nekazaritzako elikagaien sistemak eta materialen zirkulartasuna”.

Azken horri dagokionez, Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 2030eko udal-estrategiaren esparruan CEAk egindako lana azpimarratu nahi izan du, “materialen balioa ekonomian ahalik eta denbora luzeenean atxikitzeko eta, hondakinak gero produkzio-sisteman berriro sartzeko asmoz hondakinen kudeaketan berrikuntza sustatzeko”, amaitu du Borja Rodríguezek.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.