Emisio Gutxiko Eremua: trafiko gutxiago, bizimodu hobea
EGE ezartzeak aldaketa sakona ekarriko du Gasteizko mugikortasun-ereduan. Trafiko pribatua murrizteak oinezkoentzako, bizikletentzako eta garraio publikoarentzako espazio publikoa berreskuratzea ahalbidetuko du. Horren bidez, aldi berean, hiri-ingurunearen kalitatea hobetu eta mugikortasun-eredu eraginkorragoa eta jasangarriagoa sustatuko da. Gasteizek jasangarritasunarekiko eta bizi-kalitatearekiko duen konpromisoa berretsi du, hiri garbiagoa, bizitzeko atseginagoa eta etorkizunerako hobeto prestatuta dagoena lortzeko asmoz.
Emisio Gutxiko Eremua (EGE) sortzeari ekin dio Gasteizko Udalak, Next Generation EU - Vitoria-Gasteiz Green Mobility Next proiektuaren barruan.
1. EGE Informazio Bulegoa
Pintore kalea 45 (21 Zabalgunearen bulegoa)
- Tel: 945 16 18 88
- Posta elektronikoa: zbe@vitoria-gasteiz.city
- Ordutegia: astelehenetik ostiralera 16:00etatik 19:00etara. Irailaren 30era arte zabalik egongo da.
2. Indarrean jartzeko data
EGE araudia 2025eko irailaren 15ean jarriko da indarrean, eta (A) ingurumen-etiketarik gabeko ibilgailuetarako sarbidea mugatuko du (2006. urtea baino lehenagoko diesela eta 2000. urtea baino lehenagoko gasolina). Beraz, B, C, ECO edo Zero etiketa duten ibilgailuek emisio baxuko eremutik zirkulatu ahal izango dute.
2030eko urtarrilaren 1etik aurrera, muga B etiketa duten ibilgailuetara ere zabalduko da.
Emisio gutxiko eremua ezartzeko, hainbat neurri hartu dira:
- Lehenengo fasea 2025ean jarri da abian, neurri hauek ezarrita: matrikulak irakurtzeko kamerak jartzea, iragaitzazko zirkulazioa kentzea, sarbide puntualerako baimenak ezartzea eta gehien kutsatzen duten ibilgailuentzat ingurumen-etiketa bidezko murrizketak aktibatzea. Murrizketa horien salbuespenak egongo dira zenbait talderentzat eta/edo ibilgailu-motarentzat.
- Bigarren fasean, 2027an, murrizketa-perimetroa zabaldu eta ingurumen-arloko TAO delakoa aktibatuko da.
- 2030etik aurrera, ibilgailuak sartzeko murrizketa gehiago aurreikusten dira, kutsatzeko duten ahalmenaren araberakoak, baita ingurumeneko TAO eremua gehiago zabaltzea ere.
3. Eremuak
Emisio Gutxiko Eremua bi fasetan ezarriko da Gasteizen.
Sarbide- eta amaiera-puntuetan mugatuta egongo da, eta seinaleztapen egokiak adieraziko du gehien kutsatzen duten ibilgailuetara sartzea debekatuta dagoela.
Fase honek 2025eko irailaren 15ean hasiko da eta Erdi Aroko Hirigunea eta Zabalgunearen parte bat hartzen ditu. Eremu honen ingurua kale hauek definitzen dute: San Ignazio Loiolakoa, Frantzia, Bake kalea, Ramón Ortiz de Zarate, Dato, Florida, Santiago Ramon y Cajal, Louis Heintz, Magdalena, Vicente Goikoetxea, Zerkabarren, Jesusen Zerbitzarien Fundatzailea eta Arriagako Atea. Kale horiek ez daude EGEren barruan. Eragindako azalera 0,64 km2-koa da.
Hasierako fase honetan, B, C, ECO edo Zero etiketa duten ibilgailuek bakarrik zirkulatu ahal izango dute eremu horretatik, eta ingurumen-bereizgarririk gabeko ibilgailuak, berriz, ezin izango dira sartu. Gaur egun murrizketak dituzten kaleek muga horiek mantenduko dituzte, ibilgailuaren ingurumen-etiketa edozein dela ere.
Mapa hau definitu da:
Mapa handitzea (pdf)
Bigarren fasean, 2027ko irailearen 15ean hasiko dena, eremuaren mapa zertxobait handituko da, 0,82 km²-ra arte.
Eremu honen ingurua San Ignazio Loiolakoa, Frantzia, Bake kalea, Ramon Ortiz de Zarate, Florida, Santiago Ramon y Cajal, Louis Heintz, Ramiro Maeztu, Domingo Beltrán eta Andre Maria Zuriaren Koroatzea kaleek definituko dute. Kale horiek ez daude EGEren barruan.
Etiketa derrigorrezkoa izango da barnealdeko kaleetan, hala nola Vicente Goikoetxea, Zerkabarren, Aldabe, Magdalena edo Landazuri kaleetan.
Hona hemen definitutako mapa:
Mapa handitzea (pdf)
4. Bereizgarria ibilgailuan
Ez da beharrezkoa eranskailua edo bereizgarria zure ibilgailuan jartzea. Izan ere, 30 kamera baino gehiagok automatikoki irakurriko dituzte matrikulak, eta Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) datu-baseekin kontrastatuta egiaztatuko dute ibilgailua eremu mugatura sar daitekeen ala ez.
Hala ere, Emisio Gutxiko Eremuetan sar zaitezkeen jakiteko, zure ibilgailua DGTko zein kategoriatan dagoen jakin behar duzu.
5. Izan litezkeen zigorrak
Araudi berri horretara egokitzeko prozesua errazteko, Udalak hiru hilabeteko abisu-epea ezarriko du ordenantza indarrean jartzen denetik. Epe horretan, murrizketak betetzen ez dituzten pertsonek jakinarazpen informatiboa baino ez dute jasoko.
2025eko abenduaren 15etik aurrera, zigorrak aplikatzen hasiko dira. Zigorrak 200 eurokoak izango dira (100 eurokoak, aurretiaz ordaintzen badira).
6. Salbuespenak
Ordenantzak 12 salbuespen iraunkor aurreikusten ditu. Salbuespen horien artean daude mugikortasun murriztua edo gaixotasun larriak dituzten pertsonen ibilgailuak, larrialdi-zerbitzuetako ibilgailuak, garabiak, zisternak eta funtsezko beste zerbitzu publiko batzuk, bai eta diru-sarrera txikiak dituzten edo erretirotik gertu dauden pertsonen ibilgailuak ere.
Salbuespen gisa 2026ko irailarera arte, EGE barruan dauden saltokiek eta zerbitzuek, aparkalekuetara doazenek (Dendaraba, esaterako) eta inguruan jarduten duten profesionalek eta banatzaileek ingurumen-etiketarik gabe zirkulatu ahal izango dute.
Egoiliarren kasuan, egokitzeko epea luzeagoa izango da; izan ere, EGEn bizi diren pertsonek ingurumen-etiketarik gabe zirkulatu ahal izango dute 2027ko irailera arte, eta une horretan gainerako ibilgailuen irizpide berberak bete beharko dituzte.
Salbuespenak eskatzea
Ekainaren 15etik aurrera salbuespen-baldintzak betetzen dituzten pertsonek aurrez aurre eskatu ahal izango dute Herritarrei laguntzeko Bulegoetan edo udalaren webgunean:
7. Araudia
Gasteizko Udalaren Osoko Bilkurak, 2024ko azaroaren 15eko ohiko bilkuran, hasierako onespena eman zion Gasteizen Emisio Gutxiko Eremua (EGE) sortzeari buruzko ordenantzari (2024ko azaroaren 27ko ALHAOn (135.zk.).
2025eko martxoaren 11n, ordenantza onartu zen Tokiko Gobernu Batzarrean, alegazio-prozesutik eratorritako aldaketak sartu ondoren.
Udalbatzak 2025eko martxoaren 21ean onartu du eta 2025eko maiatzaren 2ko ALHAOn (48 zk) argitaratu da.
2025eko irailaren 15ean sartuko da indarrean.
Dokumentuak
8. Gaurkotasuna
Proiektuari buruzko informazioaren jarraipena egin ezazu, prentsa-oharren bidez
9. Emisio Gutxiko Eremuari buruzko informazio gehiago
Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko 7/2021 Legeak, Europakoak, 50.000 biztanletik gorako udalerriak —ondorioz, Gasteiz— neurriak hartzera behartzen ditu mugikortasunak eragindako emisioak murrizteko.
Zer dira Emisio Gutxiko Eremuak?
Emisio Gutxiko Eremuak hiri-eremu mugatuak dira, eta zenbait muga ezartzen zaizkie ibilgailuei bertara sartzeko, zirkulatzeko eta aparkatzeko. Emisio Gutxiko Eremuak (EGE) ezartzeak hainbat abantaila ditu hirietako bizimoduan, hala nola airearen kalitatea hobetzea, kutsatzaile atmosferikoen emisioak eta ibilgailuen zarata murriztea, klima-aldaketa arintzen laguntzea, mugikortasun aktiboa sustatzea eta espazio publikoa berreskuratzea, baita garraiobideen erabileran eraginkortasun energetikoa bultzatzea ere.
Nola mugatzen da Emisio Gutxiko Eremua?
Eremuaren sarbideetan mugatuko da, eta dagokion seinaleen bidez adieraziko da debekatuta dagoela ibilgailu oso kutsakorrak sartzea.
Nola funtzionatzen du Emisio Gutxiko Eremuak?
Emisio Gutxiko Eremuan sartu aurretik, mugak jakinarazten dituzten seinaleak aurkituko dituzu, baimenik ez baduzu eremuan sar ez zaitezen.
Gainera, Emisio Gutxiko Eremuko sarbideetan matrikulak automatikoki irakurtzeko kamerak egongo dira; hala, matrikulak Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) datu-baseekin alderatuko dira, ibilgailua eremu mugatura sar daitekeen ala ez egiaztatzeko.
Eremura baimenik gabe sartzen bazara, dagokizun zehapena izapidetuko da araudia ez betetzeagatik.
Lehenagoko jarduketak
Gasteizko Udala ez da hutsetik abiatu hiriaren garapen jasangarria bultzatzeko konpromisoari dagokionean; izan ere, 2007an Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana egin zuen. Esparru horretan, Udalak jarduera-ildo garrantzitsuak garatu ditu ibilgailu pribatuen erabilera mugatzeko eta mugikortasun jasangarriko aukeren kalitatea hobetzeko, hala nola bizikleta, oinezkoen mugikortasuna eta garraio publikoko sarearena. Horien artean, honako hauek nabarmendu daitezke:
- Superetxadien sistema garatzea.
- TAO eremua handitzea.
- BEI sistema ezartzea.
- Tranbiaren ibilbidea luzatzea.
- TUVISAko autobus-flota elektrifikatzea.
- 170 km bizikleta-bide sortzea.
- Bizikletentzako aparkaleku seguruak jartzea.
- Bizikleta-sarearen konektibitatea sustatzea.
- Kaleak eraberritzea oinezkoen espazioa handitzeko.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.