Gasteizek eta Arabak kirol arloko 70 meritu baino gehiago aitortuko dituzte 'Gure Kirola Sariak' festan

2022ko maiatzaren 12an argitaratua

Ekitaldia maiatzaren 17an izango da Europan eta ekitaldia zabalik dago, aldez aurretik izena emanda.

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak ‘Gure Kirola Sariak’ festaren lehen edizioa antolatu dute. Aitorpeneko eta oroitzapenezko ekitaldi horretan, Gasteizko eta Arabako kirol arloan merezimendu handiak lortu dituzten pertsonak eta elkarteak aitortuko dituzte. Europa Jauregiko Maria de Maeztu aretoan maiatzaren 17an egingo den ekitaldian 70 kirolari eta erakundek baino gehiagok jasoko dute saria.

Gasteiz eta Araba harro egon daitezke bere kirolariez; izan ere, kirola DNAn txertatuta duen lurraldea da eta festa honek gure kirol-komunitatearen topaketarako eta ospakizunerako une bihurtzeko helburua du. Gainera, ez zegoen tokiko kirolari egindako gizarte eta erakunde mailako aitorpenik eta ekitaldi honen helburua da, hain zuzen ere, hori egitea”, aipatu du Livia Lópezek, Gasteizko Udaleko Kirol eta Osasuneko zinegotziak.

Bestalde, Ana del Valek, Foru Aldundiko Kultura eta Kirol arloko diputatuak, honako hau gehitu du: “gure lurraldea aitzindaria da kirola sustatzen, eredugarria da kirol-ekipamenduetan eta kirol-jardueraren plangintzaren eta programazioaren diseinuan, eta erreferentzia bihurtu da denentzako kirolaren filosofia ulertzeko eta abian jartzeko moduari dagokionez. Oinarriaren alde egin dugun apustu horren ondorioz, bizitza osoan zehar gure lurraldean egiten den kirol maila handia da; horrek guztiak, noski, aitortu eta bistaratu nahi ditugun kirol-arrakastak ekartzen ditu berekin”.

Kategoriak

Aitortuko dituzten kategoriei dagokienez, honako hauek dira:

  • Olinpiadak eta paraolinpiadak
  • Nazioarteko arrakastak
  • Estatu mailako lorpenak eta beste meritu batzuk
  • Sari bereziak
  • In memoriam

Hiritarrek ere izango dute ekitaldira joateko aukera; izan ere, tokiak bete arte doan sartuko dira bertaratutakoak. Izen-emateak Gasteizko Udalaren edo Arabako Foru Aldundiaren webgune bidez egin daitezke.

Ekitaldi horren ondoren, erakunde mailako harrera batzuk egingo dituzte urte osoan zehar lortutako kirol-merezimendu esanguratsuenak aitortzeko asmoz. Dagoeneko hasi dira haietako lehenengoaren inguruan lanean. Lehenengo hori, seguru asko, uda honetan egingo da, eta helburua da urrian eta urtarrilean beste bana egitea. Dena den, aurreraxeago baieztatuko dituzte datak, lortutako kirol-merezimenduen mende egongo baitira.

Gure Kirola Sariak ekitaldiko saridunen zerrenda.

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.