Udal Ogasuna - Bahitutako ondasunen enkanteak eta esleipen zuzenak
Enkante kontzeptua
Prozedura betearazle batean bahitutako ondasun bat eskaintza onena egiten duenari esleitzen zaio enkantean.
Zor bat ordaindu ez denean zordunari ondasun bat bahitzen zaio, eta hurrengo izapidea bahitutako ondasun hori besterentzea da, enkante, lehiaketa edo esleipen zuzenaren bidez, kasuaren arabera.
Ondasuna prozedura horren bidez besterendu ondoren lortzen den zenbatekoa zorra ordaintzeko erabiltzen da.
Nork har dezake parte enkante batean?
Jarduteko gaitasuna duten pertsona fisiko edo juridikoek hartu ahalko dute parte enkantean lehiatzaile gisa, behar bezala identifikatuta.
Esleipen-prozesuan parte hartzeko, berme gordailua jarri behar da; enkante erabakian zehazten da zenbatekoa, baina oro har enkante-tipoaren % 20 izaten da gutxienez.
Gordailua dirutan ezarri beharko da, edo Udalaren aldeko txeke adostuaren bidez.
Enkante-tipoa
Eskaintzak egiten hasteko gutxieneko zenbatekoa da. Ondasunaren erosketa prezioaren arabera zehaztuko da, Udalaren eskubidearen aurretik dauden eta lehentasuna duten kargak kenduta -halakorik bada eta dagokion erregistro publikoan behar bezala jasota badaude-.
Esleipen zuzena
Lehiaketa batean zorra estali ez bada, eta esleitu gabeko ondasunik geratzen bada, Mahaiak zuzenean esleitzeko izapidea abiarazten dela iragarriko du; une horretatik aurrera sei hilabeteko epean egin beharko da.
Eskaintzak gutun-azal itxian aurkezteko behar diren agiriak
- Eskaintzak gutun-azal itxian aurkezteko eredua.
- NAN, AIZ, IFZ edo pasaportea.
- Ordezkatze ahalmena jasotzen duen agiria, halakorik bada.
- Gordailua: Gasteizko Udalaren aldeko txeke adostua.
Araudia
- Arabako Zergei buruzko 6/2005 Foru Arau Orokorra.
- Araba Lurralde Historikoko Diru-bilketa Araudi Orokorra ezartzen duen 48/1994 Foru Dekretua.
- Toki Ogasunak arautzen dituen 41/1989 Foru Araua.
- Gasteizko Udalaren Zergen eta Zuzenbide Publikoko Bestelako Diru-sarrera Lokalen Gestio, Bilketa eta Ikuskaritzari buruzko Ordenantza Orokorra.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.