Gasteizek bat egin du Hiri Zirkularren Europako Adierazpenarekin

2024ko irailaren 19an argitaratua

Maider Etxebarriak dokumentua sinatu du 2030eko Estrategia eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Ekintza Plana aurkezteko ekitaldian.

  • Tokiko eta eskualdeko gobernuek funtsezko zeregina dugu trantsizio hori eta ekonomia linealetik zirkularrerako aldaketa sistemikoa lortzeko”, azpimarratu du alkateak

Maider Etxebarria alkateak sinatu du Vitoria-Gasteiz Hiri Zirkularren Europako Adierazpenean sartzeko ituna, Goiuri jauregiko Martin de Salinas aretoan 2030eko Estrategia eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Ekintza Plana aurkezteko egindako ekitaldian. Atxikimendu horrekin, hiriak berretsi egin du ekonomia lineal batetik zirkular baterako trantsizioa funtsezkoa dela hazkunde ekonomikoa baliabideen erabileratik deslotzeko eta klimari dagokionez neutroa, bidezkoa eta oparoa den gizartea lortzeko.
Adierazpena sinatzeko ekitaldian Simon ClementJasangarritasunerako Tokiko Gobernuen Sareko (ICLEI) Ekonomia Zirkularreko zuzendaria, ere izan da. Hain zuzen ere, erakunde horretako Europako Eskualde mailako Batzorde Exekutiboko kidea da Gasteizko alkatea.

Hiri Zirkularren Europa Adierazpena Eskualdeen Europako Batzordeak, Europako Inbertsio Bankuak, Nazio Batuen Ingurumen Programak eta Ellen MacArthur Fundazioak bultzatzen dute beste erakunde batzuen artean, eta Europan ekonomia zirkular baterako trantsizioa bizkortzeko hiriek duten beharra eta rola aitortzen ditu. Tokiko eta eskualdeko gobernuek funtsezko zeregina dugu beharrezko aldaketa sistemiko eta eraldatzailea lortzeko. Gasteizi buruzko ikuspegi komun eta partekatua ematea lagungarria izan daiteke guztiok trantsiziorako bidean noranzko berean aurrera egingo dugula bermatzeko”.
Gasteizek adierazpen hori aurretik sinatu duten Estatuko beste hiri batzuekin egin du bat: Valladolid edo Sevilla, adibidez. Zerrenda horretan daude, gainera, hiri hauek ere (besteak beste): Kopenhage, Rotterdam, Florentzia, Oslo, Budapest, Helsinki eta Praga.

2030eko Estrategiaren eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Ekintza Planaren aurkezpenak eta adierazpenari atxikitzeko ekitaldiak erakunde mailako ordezkari eta espezialista ugari bildu ditu Goiuri jauregian.
Parte-hartzaileei ongietorria emateko hitzaldian, Maider Etxebarriak Gasteizko estrategia eta ekintza-plana balioetsi nahi izan ditu, azken hamarkadan egindako lana aintzatesten duen eta 2030era arteko norabidea finkatzen duen tresna gisa. Horren “helburua da ekonomia deskarbonizatu eta erresilienterantz aurrera egiten jarraitzea pauso irmoak emanez”.

Martin de Salinas aretoan bildutakoen aurrean, trantsizio horrek hiriei dakarkien erronka eta aukera” azpimarratu du. Izan ere, klima-aldaketa, materialen kontsumoa eta hondakinen sorrerarekin lotutako gaietarako lagungarria izango da, baina, aldi berean, “berrikuntza eta eraldaketa sozioekonomikoko nitxoak izango dira, kontratazio publikoaren bidez produktu zirkularren eskaria bultza dezaketen funtsezko sektoreak kudeatuz”.

2030eko Estrategia aurkezteko egindako ekitaldi publikoan, bestalde, Sandra Pinak inspirazio-hitzaldia eman du.

Gasteizek adierazpenarekin bat egiteko agiria sinatu aurretik, Ekonomia Zirkularraren aldeko apustuari buruzko mahai-ingurua egin dute. Bertan parte hartu du Maider Etxebarriak, Javier Aguirre Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitate eta Ekonomia Zirkularreko zuzendariarekin eta Julio Lumbreras Cities2030 sareko (Klimatikoki Neutroak diren Hirien Europako Misioa garatzeko Estatu mailako Sarea) zuzendariarekin batera.

Dokumentua sinatu ondoren, aurkezpen-ekitaldia mahai-inguru batekin amaitu da. Bertan, datozen hiru urteotarako Ekintza Planaren hainbat alderdi jorratu dituzte eta partaideetako batzuk izan dira Ekonomia Sustapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismo Saileko, Hiri Ereduaren, Hirigintzaren, Etxebizitzaren, Garbitasunaren eta Ingurumenaren Saileko eta Ingurumen Gaietarako Ikastegiko (IGI) teknikariak.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.