Udalak Olarizuko Lorategi Botanikoaren Gida Plana idazteari ekin dio eta proiektuarentzako laguntzaileak bilatzen hasi da

2024ko azaroaren 29an argitaratua

Lorategiak 17 urte daramatza Gasteizko landareen biodibertsitatea zaintzen, ingurumen heziketa eskaintzen eta ondare naturalaz gozatzeko aukera ematen.

Olarizuko Lorategi Botanikoaren sarrera

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren (CEA) Zuzendaritza Kontseiluak adostu du Biodiversity Node enpresaren laguntza teknikoa kontratatzea, Olarizuko Lorategi Botanikoaren Gida Plana 2026-2030 egiteko.

Gida Plan horrekin, Gasteizko Udalak Olarizuko Lorategi Botanikoaren bilakaera sustatu eta garatu nahi du eta izaera juridiko propioa ematea, proiektua beste erakunde batzuetan txertatzea eta baliabide gehiago eta egitura sendoagoa ematea aztertzen ari da.

Landare bizidunen hiru bilduma

2007an lehen landaketak egiten hasi zirenetik, Olarizuko Lorategi Botanikoak bilakaera izan du eta Gasteizko erreferentea bihurtu da ingurumeneko hezkuntzan, landareen biodibertsitatearen kontserbazioan eta botanikako ikerketaren sustapenean.

Egun, Lorategi Botanikoak landare bizidunen hiru bilduma desberdin ditu. Alde batetik, ‘Europako basoen arboretoa’ dago eta kontinenteko hainbat eskualdetako baso eta sastraken landare-komunitate propioak jasotzen ditu. Bestalde, ‘Europako latitude desberdinetako uretako landareen bilduma’ eta ‘Arabako muinoetako eta harkaitzetako landareen bilduma’ daude.

Gainera, arduradunak landare erabilgarrien bilduma batean ari dira lanean, Jauregilanda kaleko baserri zaharraren hondakinen eta baratzen inguruan.

Bestalde, Olarizuko Lorategi Botanikoaren laborategiak landare basatien hazi-bilduma handia du bere germoplasma-bankuan eta baita herbario eta espermoteka bat ere.

Gainera, ikasleei zein publiko guztiari zuzendutako hezkuntzako eskaintza zabala du, herritarrak landareen biodibertsitatearen zaintzan sentsibilizatzeko, formatzeko eta aktibatzeko, eta klima-aldaketara egokitzeko neurriak ezartzeko, naturan oinarritutako soluzioen bidez.

Azken urtean urrats handia egin da Lorategiko sarbideak egokitzeko eta bildumen interpretazio-seinaleak berritzeko. Horrez gain, landare-labirinto bat amaitzen ari dira, lorategi klasikoetan pieza horiek erabiltzeko egon den tradizioarekin jarraitzeko.

Gasteizko Eraztun Berdearen barruan sortu zenetik, Olarizuko Lorategi Botanikoa Gasteizko Udalak sustatutako funtsezko proiektua izan da eta hainbat elkarte eta sareren parte da, besteak beste, Lorategi Botanikoen Iberiako-Makaronesiako Elkartea (AIMJB), Landareen Kontserbaziorako Biologiako Espainiako Elkartea (SEBICOP) eta Germoplasmaren Bankuen Espainiako Sarea (REDBAG). Gainera, ikerketa- eta kontserbazio-proiektuetan hartu du parte.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.