21 Zabalgunea - Gazteentzako alokairuko etxebizitzen programa, 2019-2022

Gasteizko Udalaren 21 Zabalgunea hirigintza sozietateak gazteentzako alokairuko etxebizitza sustatzeko programa bat jarri du abian. Lehen programa horrek hiru urte iraungo du, 2022ko abenduaren 31ra arte, eta etxebizitza duin baterako eskubidea bete ahal izateko higiezinen merkatuan sartzerik ez duten 36 urtetik beherako pertsonei aukera bat ematea du helburutzat.

Hasteko, 10 etxebizitza bideratuko dira gazteentzako etxebizitza-programara. Gerora etxebizitza gehiago gehitu ahalko zaizkio kopuru horri, Sozietateak eskuartean higiezin birgaitu edo eraberritu gehiago izan ahala.

Helburuak

Hauek dira gazteentzako alokairuko etxebizitzen programaren helburuak:

  1. Udalaren jabegokoak diren etxebizitzen funtzio soziala berreskuratzea eta alokairuan eskainiz erabilera ematea.
  2. Gazteek etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko duten eskubideari alokatzeko etxebizitzen esleipenaren bidez erantzutea, etxebizitza eskuratzeko modu hori egokiena eta bidezkoena dela iritzita.
  3. Programa honen hartzaile diren gazteei beren diru-sarreren mailarako egokia den alokairu-errenta ezartzea.
  4. Eskainitako etxebizitzak dauden auzoetan biztanleria gaztetzea.
Programaren arauak
  1. Adinez nagusiak izanik 36 urte baino gutxiago duten pertsonek hartu ahalko dute parte programa honetan. Bakarrik edo bizikidetza-unitateka eman ahalko da izena —gehienez 5 kideko bizikidetza-unitateak onartuko dira—, eta Etxebiden alokairuko etxebizitzaren eskatzaile gisa izena emanda egon beharko dute.
  2. Etxebizitzak okupatzeko legezko erregimena alokairua izango da, programaren deialdia erregulatzen duten arauei jarraituz.
  3.  Kontratuaren iraupena zazpi urtekoa izango da, baina urteka luzatu ahalko da, adinez nagusia den eskatzaileak 36 urteak gainditzen ez dituen artean.
  4. Behin programa onartzen denean, Eusko Jaurlaritzako erakunde eskudunei kolaboratzeko eskatuko zaie, 21 Zabalgunea SA sozietateari alokairuko etxebizitzen eskatzaile diren eta programa honetako betekizunak betetzen dituzten pertsonen zerrenda barematua eman diezaioten.
  5. Okupazio egokiari dagokionean, indarrean dagoen araudia aplikatuko du Sozietateak (Etxebizitzari buruzko 3/2015 Legearen 62.2. artikulua).
  6. Logela kopurua eta bizikidetza-unitateko kide kopurua bat ez etortzeagatik etxebizitzak esleitu gabe geratzen badira, kide gutxiagoko bizikidetza-unitateei esleitu ahalko zaizkie etxebizitza horiek.
  7. Alokairuen hileroko errenta ezartzeko bizikidetza-unitateen diru-sarrera haztatuak hartuko dira kontuan. Gutxienez, 150 € ordaindu beharko dute hilean, eta, gehienez, beren urteko diru-sarrera gordinen % 25. Errentariek etxebizitzarako laguntza publikoak jasotzen badituzte, laguntza horren zenbatekoa izango da hileroko errenta.
  8. Programaren xedea gazteek etxebizitza alokatzeko aukera izan dezaten sustatzea denez, honakoa exijituko zaie programan sartu nahi dutenei: urtean 3.000 euroko diru-sarrera haztatuak izatea, gutxienez —Etxebideko erregistroan ageri diren sabuespenak izan ezik—, eta, gehienez, lanbide arteko gutxieneko soldata halako hiru adinakoak.
  9. Etxebideko erregistroan titularrak diren eskatzaileen artean bat behintzat Gasteizen gutxienez 3 urtez erroldatuta egon izana eskatuko da.

Deialdiaren oinarriak (pdf)

Zerrendak Etxebideko etxebizitza-eskatzaileen erregistroan ageri diren datuekin egingo dira; horrenbestez, 21 Zabalgunearen bulegoetan ez da programa horri loturiko inolako izapiderik egin beharko.

Programaren oinarriak 21 Zabalgunearen Administrazio Kontseiluak 2019ko martxoaren 26an egindako bilkuran onetsi ziren, eta 2020ko urriaren 30eko bilkuran aldatu.

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.