Artxiboaren historia

1181ean, Nafarroako Antso VI.ak (Antso Jakituna) hiri gutuna eman zion Gasteiz herrixkari.

Agiri hori zaindu beharrak ekarri zuen artxiboa sortzea, eta gerora beste agiri asko gehituko ziren. Izan ere, hasiera batean ohikoena agiriak elizetan gordetzea zen, bertan biltzen baitziren kontzejuak (gaur eguneko udalak).

Gasteizen, artxiboa San Migel parrokian gordetzen zen, gaurko tenplu gotikoaren aurretik zegoenen elizan. Tenplu berria eraikitzen hasi zenean, agiriak Adatseko Andre Mariaren ospitalera eraman zituzten (gaur egun postetxea dagoen lekuan zegoen, Posta kalean). Sute baten ondoren, agiriak banatu egin ziren: zaharrenak Santa Maria katedralean gorde ziren, eta berrienak, desagertutako San Frantzisko komentuan(Beste leiho batean irekiko da).

Justo Antonio de Olaguibelek udaletxea proiektatu zuenean, XVIII. mendearen bukaeran, artxiborako gunea ere aurreikusi zuen, eta han egon zen 1972ra arte, orduan Alaba Jeneralaren kalean behin-behineko bulego batzuetara aldatu baitzuten. Behin-behineko egoera horrek 18 urte iraun zuen.

Azkenik, 1990az geroztik, garai bateko Flandesko kuarteletan du egoitza; Sixto Mario Sotok eraiki zituen, 1902an, eta José Erbina, Iñaki Aspiazu eta Javier Botellak birgaitu eta artxiborako egokitu zituzten, 1988an. Gutxi gorabehera 3.000 m2 dira, espazio publiko eta pribatutan banatuta. Bertako gordailuetan -egoki prestatukoak- 4.000 metro lineal baino gehiago dokumentazio dago.

2007ko urtarrilaren 17az geroztik, Pilar Aróstegui(Beste leiho batean irekiko da) deritzo Udal Artxiboari, 30 urtez zuzendari izandakoaren omenez, aurreko urtean zendu baitzen.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.