Gasteizko Udalak aspalditik izan du faltsutzeak eta elikadura-iruzurrak kontrolatzeko eta osasun publikoa babesteko kezka, elikagaiei osasunerako kaltegarriak diren produktuak gehitu diezaieten eragoztearren. Kezka horren lehen erreferentzia historikoa 1856. urtekoa da: urte hartan sortu zen aholkulari kimikoaren lanpostua, zeina Isidoro Fernández de Arellano farmazialariak bete baitzuen, abenduaren 20an, Juan de Ayala alkate eta Mateo de Moraza idazkari zirela. Analisi lanak bere farmazia-bulegoan egiten zituen.
Hala, hiriko hainbat farmazia-bulegotan kontratatutako baliabideak erabiltzen jarraitu zuten 1885era arte. Urte hartan, Hernández zinegotziak udal laborategi kimiko baterako proiektua eta aurrekontua aurkezteko eskatu zuen Ongintza Batzordean. Garai hartako udal aholkulari kimikoak, Melchor de Alava jaunak, laborategirako tresnen aurrekontua aurkeztu zuen, Parisko G. Fontaine etxearena, 1.500 pezetan. Onartu egin zen, eta eskaera uztailaren 27an egin zen. 1886ko abuztuaren 18an, berriz, Udal Laborategi Kimikoaren Zerbitzurako Araudia eta tarifen proiektua onartu ziren.
1887ko urtarrilaren 3an, elikagaiak ikuskatzeari buruzko Errege Agindua eman zen, zeinean elikagaien analisirako udal laborategi kimikoak ezartzea gomendatzen baitzitzaien udalei. Hain zuzen ere, gure hirikoak aurrea hartu zion horri.
1889an, azkenik, aldatu egin zen Laborategiaren Araudia, eta buruaren plaza sortu zen. Urte hartako ekainaren 12an deitu zen lanpostua betetzeko lehiaketa. Germán Baraibar y Zumarraga jauna izendatu zuten, 26 urtekoa, Federico Baraibarren anaia eta Zientzia Fisiko-kimikoetan lizentziatua Zaragozako Unibertsitatean, ikasketak Bartzelonako Unibertsitatean hasi bazituen ere; uztailaren 13an jabetu zen karguaz, urteko 2.000 pezetako soldatarekin.
Nabarmendu behar da laborategi hark desinfekzio-lanak ere egiten zituela eta ikuskaritza-lanak esleituta zituela Alondegian, edari-establezimenduetan eta abarretan. Laborategia Bake kalean jarri zuten, Posta kalearen amaieran, probintziako kartzelaren eraikinaren ondoan.
1895ean laborategi bakteriologikoaren atala sortu zen. Osasunaren Instrukzio Orokorreko 1904ko urtarrilaren 12ko Errege Dekretuan xedatu zen 15.000 biztanletik gorako udalerrietan udal laborategiak sortzeko betebeharra. 1908, 1910 eta 1925eko ondoz ondoko araudietan ere azpimarratu zen horien beharra; Espainiako udalerriek baliabide tekniko gutxi zituztelako eman ziren xedapen horiek, baina ez zen gure hiriaren kasua, lehendik ere bai baitzuen laborategia.
1925ean hasi zen ingurumen-arloa lantzen: udal epaileak jakin nahi izan zuen ea laborategiak baliabiderik zuen Azukreolak isurtzen zituen urek arrantzarako hondakin kaltegarririk ba ote zuten erabakitzeko.
Udal laborategiak 1944ra arte jarraitu zuen bere bidean, gerra zibilaren parentesiarekin. Urte hartan, udal laborategiak integratzea eta osasun institutu probintzialekin bat egitea bultzatu zuen Osasun Nazionalaren Oinarrien Legeak, espiritu zentralista baitzuen. Hala ere, laborategiak bere funtzioa betetzen jarraitu zuen, era mugatuagoan; Azoka plazan zegoen kokatuta, eta batez ere albaitaritza-arlora bideratu zen (trikinosiaren kontrola, esneak...).
1983an, Krispiñan hondakin-uren araztegi bat instalatzekotan zen, Zadorra ibaira isuri aurretik hiriko urak arazteko. Horrez gain, elikadura-iruzur masiboek gizartean eta osasunean izan zuten eragina kontuan hartuta (koltza-olioarena, esaterako), Udalak erakunde baten beharra planteatu zuen, jatorri antropogenikoko jarduerek ingurumenean eta osasunean dituzten eraginak kontrolatzeko.
Kezka horren ondorioz sortu zen Osasun eta Kontsumoko Udal Institutua (IMSAC), 1984an, Ingurumen Sailaren barruan. Gerora, 1989an, sail propioa sortu zen, Osasun eta Kontsumo Saila (DEMSAC edo OKUS), eta horren barruan sartu ziren hainbat arlotako jarduerak: elikagaien higienea, ingurumen-osasuna, animalien osasuna, kontsumitzaile eta erabiltzaileen babes eta defentsa eta udal laborategia, eta, geroago, osasun publikoarekin eta osasunerako sustapen eta hezkuntzarekin lotutako zereginak.
2011z geroztik, Laborategi Atala udal sail desberdinetan integratu da, eta, gaur egun, Kirol eta Osasun Saileko Osasun Publikoaren Zerbitzuan dago sartuta.
"Reglamento para el Servicio del Laboratorio Químico Municipal de Vitoria" (1888) (gaztelaniaz).
"Reglamento del Instituto Municipal de Higiene de Vitoria" (1932) (gaztelaniaz).
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.