Udal laborategia zure egunerokoan

Udal laborategiaren lanak eragina du Gasteizko biztanleen eguneroko bizitzan: kontsumitzen dugun uraren kalitatea bermatzeaz arduratzen da, jaten ditugun elikagaiak aztertzen ditu eta bainatzen garen igerilekuetako ura kontrolatzen du. Horretaz gain, prebentzio-neurriak hartzen ditu igerileku, ureztapen-sistema eta iturrietan, eta zabortegian sartzen diren hondakinak ere kontrolatzen ditu.

Laborategiak hainbat alorretan egiten du lan:

Halaber, interesa duen edonork laginak entrega ditzake analisiak egiteko. Kontsulta itzazu udal laborategian analisiak egitea eskatzeko baldintzak:

Analisiak egiteko eskabideari buruzko informazioa

Kontsumoko uraren kontrol sanitarioa

Udal laborategiak kontsumitzen dugun uraren kontrol sanitarioak egiten ditu. Ur horrek irizpide sanitario jakin batzuk bete behar ditu kalitateari dagokionez; beraz, udalerriek parametro horiek kontrolatu behar dituzte kontsumitzaileari entrega-puntuan hornitutako ura kontsumitzeko egokia dela bermatzeko.

Kontsumitzailearentzako entrega-puntuak eraikinetako harguneak dira, hau da, banaketa-sare publikoa etxebizitzetako sare pribatura sartzen deneko puntua. Hargunetik hasita, hau da, eraikineko ur-kontagailu orokorretik, etxeko txorrotaraino, uraren kalitatearen gaineko erantzukizuna jabeena edo jabe-komunitatearena da, eraikineko eta etxebizitzetako barneko sarea egoera onean mantendu behar baitute.

Gasteizko Udal Urak - AMVISA udal enpresa publikoa edateko ura hornitzeaz eta uraren kalitatearen autokontrola egiteaz arduratzen da, bai Gasteizen, bai Zaintza eta Kontrolerako Unitate gisa jarduten duen udalerriko herrietan. Udalerriko herri batzuetan, aldiz, beste entitate batzuek kudeatzen dute ura eta haiek arduratzen dira autokontrola egiteaz.

Uraren kalitatearen irizpide sanitarioak 3/2023 Errege Dekretuan(Beste leiho batean irekiko da) jasota daude.

Hiri osoko laginak

Udal laborategiak kontsumoko uraren zaintza sanitarioa egiten du udalerri osoan eta AMVISAk eta beste kudeatzaile batzuek egindako kontrol-jarduera gainbegiratzeaz arduratzen da.

Horretarako, programatutako kontrolak egiten ditu urte osoan zehar: laginak hartzen dituzte, eta legeak ezarritako parametro mikrobiologikoak eta fisiko-kimikoak aztertzen.

Laginak hartzeko puntuak hiriko auzo guztietan zehar sakabanatuta daude; izan ere, eraikin publikoetako txorrotak dira nagusiki, Gasteizko edateko uraren banaketa-sarearen puntu adierazgarritzat hartzen baitira.

Era berean, laborategiak udalerriko herrietako uraren kalitate-kontrol programatuak egiten ditu.

Emaitzen arabera, aztertutako uraren laginak kontsumitzeko egokitzat edo ez-egokitzat joko dira.

Egindako analisien emaitzak Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumoko Uren Informazio Sisteman(Beste leiho batean irekiko da) kontsulta daitezke.

Igerilekuetako instalazioen kontrol sanitarioa

Udal laborategiak hiriko igerilekuetako instalazioak gainbegiratzen eta zaintzen ditu, udalarenak izan zein pribatuak, haien autokontrol-plana eta instalazioen baldintza higieniko-sanitarioak ikuskatuta.

Urtean zehar, aldian-aldian igerilekuetako uraren laginak hartzen dituzte eta analisi fisiko-kimikoak eta mikrobiologikoak egiten.

Emaitzen arabera, ura bainatzeko egokitzat edo ez-egokitzat joko da. Igerilekuek baldintzak betetzen ez badituzte, instalazioek neurri zuzentzaileak ezarri beharko dituzte.

Igerilekuen irizpide tekniko-sanitarioak 742/2013 Errege Dekretuan(Beste leiho batean irekiko da) jasota daude. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren 32/2003 Dekretuak(Beste leiho batean irekiko da) erabilera kolektiboko igerilekuen erregelamendu sanitarioa ezartzen du.

Legionellosiaren prebentzioa

Udal laborategiak legionella kontrolatzeko programa bat martxan jartzen du urtero. Programa horren baitan, instalazioak ikuskatzen dira, eta laginak hartzen eta aztertzen. Emaitzen arabera, neurri zuzentzaileak ezartzea eska daiteke, baita instalazioa itxi ere.

Besteak beste, honako instalazio hauek bete behar dituzte irizpide higieniko-sanitarioak:

  • Merkataritza-zentroetan eta beste eraikin batzuetan dauden hozte-dorreak.
  • Igerileku eta kirol instalazioak, udalarenak zein pribatuak.
  • Adinekoentzako egoitzak.
  • Etengabe mugitzen den ur klimatizatuko sistemak.
  • Iturri apaingarriak.
  • Ibilgailuak garbitzeko lekuak.
  • Aspertsiozko ureztapen-sistemak.
  • Bideak garbitzeko ibilgailuak.

Legionellosia prebenitu eta kontrolatzeko irizpide higieniko-sanitarioak 487/2022 Errege Dekretuan(Beste leiho batean irekiko da) j(Beste leiho batean irekiko da)asota daude.

Elikadura-segurtasuna

Udal laborategiak elikagaien kontrol kimiko eta mikrobiologikorako analisiak egiten ditu, arauak betetzen dituztela eta kontsumitzaileen elikadura-segurtasuna bermatzen dela egiaztatzeko. Honako analisi hauek egiten dira, besteak beste:

  • Elikagaien nutrizio-osagaien analisia, elikagaien balio energetikoa eta mantenugai nagusiak zehaztuta, etiketatzeari buruzko arau orokorra eta Elikagaien nutrizio-adierazpenei eta propietate osasungarrien adierazpenei buruzko 1924/2006 Erregelamendua(Beste leiho batean irekiko da) (pdf) betetzeko.
  • Substantzia alergenoen eta intolerantzien analisia. 1169/2011 Erregelamenduaren(Beste leiho batean irekiko da) (pdf) arabera nahitaez aitortu beharrekoak dira, eta gaur egun erronka garrantzitsu bat dira elikadura-segurtasunerako, kontsumitzaile askoren osasunerako arriskutsuak baitira.
  • Elikagai-gehigarrien analisi kimikoak, esaterako, elikagai-industriak elikagaien elaborazioa, kontserbazioa eta ezaugarri organoleptikoak hobetzeko erabiltzen dituen kontserbagarriak. Horien erabilera 1333/2008 Erregelamenduan(Beste leiho batean irekiko da) (pdf) araututa dago.
  • Elikagaien analisi mikrobiologikoak, elikagaien higienea kontrolatzen dela eta 2073/2005 Erregelamenduan(Beste leiho batean irekiko da) ezarritako irizpide mikrobiologikoak betetzen direla bermatzeko, Horretaz gain, hirian gertatzen diren elikagai bidezko toxiinfekzioak aztertzen dira.
  • Elikagaien kalitate-adierazleen analisia, bizitza baliagarria, narriadura edo kontserbazio desegokia zehazteko.

Osasungarritasun eta Kontsumo Atalarekin lankidetzan, udal laborategiak analisien programazio bat egiten du urtero, honako hauek barne hartzen dituena: mikroorganismo patogenoen kontrola elikagai eta gainazaletan, haur-eskoletako eta egoitzetako jantokien kontrola, feria-eremuetako elikagaien kontrola, alergenoen kontrola ostalaritzan, ogiaren gatz-kopuruaren kontrola edo arrantza-produktuen sulfitoen kontrola.

Horretaz gain, udal laborategiak San Prudentzio ALZIko sukalde nagusiko elikagaien kontrola egiten du: higieniko-sanitarioa, nutrizionala, gehigarriena eta alergenoena.

Ingurumenaren eta hondakinen kontrola Gardelegiko zabortegian

Hondakinen kontrola

Udal laborategiak hondakinen kudeaketari buruzko galderei erantzuten die eta hondakinak Gardelegiko zabortegian onartzeko izapideak egiteaz arduratzen da. Hondakinak uzteko baimena emanda, aldian-aldian ikuskapenak egiten ditu, baita laginak hartu eta aztertu ere, eta horrela gainbegiratu egiten du zabortegian sartzen diren hondakinek ezarritako onargarritasun-baldintzak betetzen dituzten eta emandako baimenarekin bat datozen.

Halaber, hondakinen oinarrizko karakterizazioaren analisiak egiten ditu, baita hondakina zabortegian onartzeko adostasun probak. Laborategiaren beste egiteko bat da hondakinen suntsitze-ziurtagiria egitea ezbeharrek eragindako enpresek hala eskatuta, trafiko-istripuen ondorioz, Administrazioak partidak kentzen dituelako eta abar.

Estatuaren barruan hondakinak lekualdatzea eta hondakinak zabortegietan biltegiratuta ezabatzea 553/2020 Errege Dekretuak(Beste leiho batean irekiko da) eta 646/2020 Errege Dekretuak(Beste leiho batean irekiko da) arautzen dute, hurrenez hurren. Bi dekretuek eta Zabortegiaren Ingurumen Baimen Integratuak(Beste leiho batean irekiko da) hondakinak zabortegian onartzeko baldintzak ezartzen dituzte, eta hondakinek ezarritako onarpen-irizpideak betetzen dituztela egiaztatzeko egin behar dituzten kontrolak eta analisiak adierazten.

Ingurumen-kontrola

Gardelegiko zabortegiaren Ingurumen Baimen Integratuak(Beste leiho batean irekiko da) (pdf), Eusko Jaurlaritzak emana, instalazioari eska dakizkiokeen ingurumen-alderdi guztiak barne hartzen ditu. Baimen horri eusteko derrigorrezkoa da erreketako uren, lurpeko uren eta zabortegian sortutako lixibiatuen kalitate-kontrola egitea.

Udal laborategiak ikuskapenak egiten ditu, baita laginak hartu eta aztertu ere, zabortegiak ingurumenean izan dezakeen eragina kontrolatzeko.

Bestelako analisiak

  • Industriako hondakin-urak.
  • Zadorra ibaiko ura.
  • Drogak.
  • Saharako errefuxiatuen kanpamenduekin lankidetza.

Industriako hondakin-uren analisia

Udal laborategiak estolda-sarera egindako etxeetakoez kanpoko isurketen analisiak egiten ditu, hau da, industria-jardueretatik datozen isurketena. Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailak analisi horien emaitzak erabiltzen ditu etxeetakoez kanpoko isurketei buruzko ordenantza betetzen den egiaztatzeko eta isurketen kanona kalkulatzeko.

Etxeetakoez kanpoko isurketei buruzko udal ordenantzak (pdf) arautzen du Gasteizko udalerrian burutzen diren industria jardueretatik datozen etxeetakoez kanpoko hondakin urak estolda-sarera isurtzeagatik ordaindu beharreko kanona.

Zadorra ibaiko uren analisia

Udal laborategiak kutsatzaileen karakterizazio- eta kontrol-analisiak egiten ditu Zadorra ibaiko uretan, Krispiñako araztegiaren aurretik eta ondoren.

Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailak analisi horien emaitzak erabiltzen ditu Zadorra ibaiko uraren kalitatearen jarraipena eta kontrola egiteko, ibaiak udalerrian egiten duen ibilbidean.

817/2015 Errege Dekretuak(Beste leiho batean irekiko da) ezartzen ditu gainazaleko uren egoeraren jarraipena eta ebaluazioa egiteko irizpideak, baita ingurumen-kalitatearen arauak ere.

Bide publikoan konfiskatutako drogen analisia

Udal laborategiak hiriko bide publikoan konfiskatutako drogen analisia egiten du Herritarren Segurtasunaren Sailarentzat.

Saharako errefuxiatuen kanpamenduekin lankidetza

Gasteizko Udal Laborategiak bi proiektutan parte hartzen du sahararren kanpamenduetako bizitza hobetzen laguntzeko. Alde batetik, moringa-hautsa aztertzen du, bularreko emakumeak berreskuratzeko erabiltzen den elikadura-gehigarria; bestetik, analisiak egiten ditu ur-iturriak bilatzeko eta horiek aprobetxatzeko modurik onena ezartzeko. Informazio gehiago.


Bestalde, laborategia ekipoak kalibratzeaz ere arduratzen da.

Analisien zorro osoa

Udal laborategiak egiten dituen analisi guztiak ikusi nahi izanez gero, jo analisien zorrora. Arloka dago antolatuta eta bilaketak egiteko iragazkiak ditu.

Udal laborategiaren analizien zorroa


Udal laborategiari buruzko informazio gehiago, hemen.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.