'Bateragarriak' ekimenak agerian utzi du adinekoek eta gazteek elkarrekin konekta dezaketela interes eta zaletasun komunak dituztenean

2023ko azaroaren 20an argitaratua

Gizarte Politiken Sailak adinkeriaren aurka sentsibilizatzeko ekintzak sustatzen jarraituko du.

Aurtengo ekainean jarri zuten abian “Bateragarriak” izeneko esperimentu soziala. Ekimena Gizarte Politiken Sailak jarri zuen abian adinekoek eta gazteek, interes, zaletasun eta gustu berberak dituztenean, elkarrekin konekta dezaketela erakusteko. Gaurkoan, antzekoak diren bikote batzuen arteko lehen topaketan sortu ziren bat-bateko erreakzioak islatzen dituen bideoa aurkeztu dute. Saileko zinegotziak, Raimundo Ruiz de Escuderok, aipatu duenez, Gasteizko Udalak adinkeriaren, adina dela eta adinekoek jasaten duten diskriminazioaren, aurka sentsibilizatzeko ekimenak bultzatzen jarraituko du (orain hogei urte baino gehiagotik egiten aritu izan den moduan).

BIZANek “Bateragarriak” egitasmoa jarri zuen martxan interes komunak dituzten adin guztietako pertsonak konektatzeko“Horren helburua zen haien adina, kultura eta jatorria edozein izanda ere, bateragarriak diren pertsonen arteko topaketa bultzatzea eta elkarrizketa izateko, iritziak trukatzeko eta aisialdiko denbora elkarrekin partekatzeko aukera izatea. Beste era batera nekez sortuko liratekeen adiskidetasunak eratzeko aukera eman nahi zitzaien. Helburua zen parte-hartzaileen aniztasuna eta belaunaldi arteko topaketa lortzea”, adierazi du Ruiz de Escuderok.

Bestalde, Alex Beltrán de Lubianok, Bizaneko teknikariak, honako hau nabarmendu nahi izan du: “hau ez da ekimen soila; pertsonen arteko benetako konexioek belaunaldi mailako oztopoak gaindi ditzaketela erakusten duen adierazpen boteretsua da. Adinkeriaren aurkako borrokan bat egitera eta pertsona anitzen arteko topaketen bidez era guztietako estereotipoei aurre egitera bultzatzeko BIZANek gizarteari egindako gonbidapena da.

Ekintza berritzaile hau, gainera, Udalaren zurrumurruen aurkako estrategiari lotuta dago eta ekainean jarri zen abian 15 eta 100 urte arteko pertsonentzat. Bere garaian, ez zen xehetasun gehiegi eman eta erantzuna oso ona izan zen. Izan ere, 252 lagunek eman zuten izena. Uztailean, aurrez aurreko castinga egin zuten pertsona horietako hogei hobeto ezagutzeko asmoz. Bertan, bateragarritasuna ebaluatu eta informazio osagarria bildu zuten haien izaera kontuan hartuta bat zetozen bikoteak osatzeko. Urrian, aldiz, haietako zortzi pertsonen artean topaketa egin zuten elkar ezagutzeko aukera izan zezaten. Une hori filmatu egin zuten esperimentu sozialaren baitan eta gaur aurkeztu dute bideo hori. Filmaketak haien benetako erreakzioak, bat-batekoak eta pertsonen arteko kimikaren dosi handiak biltzen dituenak, jasotzen ditu.

Bideoa sare sozialetan eta hiriko beste plataforma batuetan egongo da ikusgai eta lagungarria da mezu hau hedatzeko: belaunaldi arteko aldeak ez dira oztopo lagunak egiteko.

Kanpainari amaiera bikaina emateko, ostegunean, azaroaren 23an, Lakua gizarte-etxeak antolatutako ekimena egingo da. Ekimenean izena eman zuten pertsonei bakarrik zuzenduta egongo da. Hala, adin, kultura eta jatorri ezberdina duten, baina aldi berean antzeko bizitza-esperientzia eta zaletasunak dituzten (baina egunerokotasunean kointziditzeko aukera gutxi dituztenak) pertsonei elkar ezagutzeko eta elkarrizketa lasaia izateko aukera ematea da horren helburua, agian horrek topaketa berriak izatea ahalbidetuko duelakoan. Era berean, azken jarduera honen bidez, adinarekin lotutako estereotipoak gainditzeko helburuaz gain, pertsonen kulturarekin eta jatorriarekin lotutako beste estereotipo batzuk ere gainditu nahi dira. Gainera, esperientzia berritzailean eta horren positiboa izan den emaitza lortu duenean parte hartzera animatu izanagatik eskerrak emateko ekitaldia ere izango da.

Esperimentu honen inguruko informazio guztia www.somoscompatibles.com webgunean eta BIZANek Facebooken eta Instagramen (erabiltzailea: “bizanvg”) dituen sare sozialetan dago ikusgai.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.