Ondarearen salerosketa eta jabari publikoaren emakidei buruzko ohiko galderak

Zer ondasunek osatzen dute administrazio publikoen ondarea, eta, zer EZ da jotzen administrazio publikoen ondaretzat?
Administrazio publikoen ondarea haien ondasun eta eskubide guztiek osatzen dute.
Ez dira administrazioaren ondaretzat jotzen dirua, baloreak, kredituak eta haren ogasunaren gainerako finantza-baliabideak, ez eta, enpresa-entitate publikoen eta autonomia-erkidegoen edo toki-korporazioen mendeko antzeko erakundeen kasuan, haien diruzaintza osatzen duten baliabideak ere.
Zein da Udalaren ondarea osatzen duten ondasunen xedea/erabilera/helburua?
Udalaren ondarea osatzen duten ondasunek askotariko helburuak bete ohi dituzte, zerbitzu publikoak hartzen baitituzte, hala nola gizarte-etxeak, haur-eskolak, kiroldegiak, parkeak, alokairu sozialetarako etxebizitzak, ospitaleetarako lursailak...
Askotan, helburu horiek legez zehaztuta daude, eta, horiek zein diren kontuan hartuta, ondasunak kalifikatu eta ezaugarri bereziak emango dizkiete.
Zer ondasun-mota daude?
Udal ondarea osatzen duten ondasunak honelakoak izan daitezke:
  • Jabari publikokoak: erabilera baterako (parkeak, kaleak, berdeguneak) edo zerbitzu publiko baterako (haur-eskolak, udal bulegoak, gizarte-etxeak) erabiltzen diren ondasunak dira.
  • Ondarezkoak: hasiera batean helburu publikorik zehaztu ez arren, jabari publikoko ondasun bihur daitezkeen beste ondasun batzuk, azkenean arlo publikora bideratzen badira.
Bada udal ondareko ondasunak erosterik?
Udalak ezin ditu jabari publikoko ondasunak saldu, printzipioz erabilera baterako baitira. Bakarrik saldu ahalko dira xede publikoetarako balio izateari uzten badiote eta ondare-ondasun bihurtzen direla egiaztatzen bada dagokion dosierra izapidetuz (kalifikazio juridikoa aldatzea).
Ondare-ondasunak publizitatea eta lehia bermatzen duten prozeduren bidez (besterentzea) sal daitezke, eta, salbuespenezko kasuetan, zuzenean trukatu edo saldu ahalko zaizkie irabazi-asmorik gabeko entitate edo erakunde publiko edo pribatuei, udalerriko biztanleen onura ekarriko duten helburuak lortzearren.
Edonork erabil ditzake udal ondareko ondasunak?
Jabari publikoko ondasunak guztiek erabil ditzakete, mugarik gabe.
Batzuetan, interes publikoko arrazoiengatik edo eman nahi zaion erabileraren intentsitateagatik, intentsitate handiagoz edo modu baztertzailean erabiltzeko baimena lortu beharra dago. Hori gertatzen da pasabide-lizentziekin, kalean kioskoak instalatzeko emakidekin edo udal ekipamenduetan aretoak modu pribatuan erabiltzeko emakidekin, adibidez.
Baimen edo emakida horiek zuzenean eman ahal izango dira (erabilera-mugarik ez dagoenean), edo publizitatea eta lehia bermatzen duten prozeduren bidez.
Ondare-ondasunak, publikoarentzat ez direnez, jabetza partikularreko ondasunak balira bezala kudeatzen dira, eta Udalak errentamenduak ezar ditzake horien gainean, edo saldu, publizitatea eta lehia ziurtatzen dituzten prozeduren bidez.
Zer da jabari publikoaren emakida bat?
Jabari publikoaren emakida da udal jabari publikoaren erabilera pribatiborako edo aprobetxamendu berezirako gaitzen duen titulua.
Nork eska dezake jabari publikoaren emakida?
Pertsona fisikoek, juridikoek, administrazio publikoek, elkarteek eta/edo irabazi-asmorik gabeko erakundeek, baldin eta ez badute administrazio publikoen kontratu- edo ondare-legerian emakidaren titular izateko aurreikusitako debekurik.
Zein da jabari publikoaren emakidarako prozedura?
Emakidak arau erregulatzaileen arabera egindako lizitazio baten bidez emango dira, salbu eta legeak zuzeneko esleipena egin beharko dela aurreikusten duen kasuetan.
Emakida orotan, emakida emateko klausulak finkatuko dituzten baldintza-agiriak argitaratuko dira.
Aurkezteko epea bukatutakoan, baldintza-agirian aurreikusitako balorazio-batzordea eratuko da, zeinak gaitasun-betekizunak betetzen diren egiaztatuko baitu, ustiatze-proiektuei dagozkien gutun-azalak irekiko, txosten teknikoa egitearren, eta lizitatzaileen proposamen ekonomikoak jasotzen dituzten gutun-azalak jendaurrean agerian jartzeko eguna eta ordua zehaztuko; hori udalaren webgunean argitaratuko da.
Batzordeak bilkura guztien akta jasoko du, eta esleipen-proposamena egingo, Tokiko Gobernu Batzarrak onets dezan.
Esleipendunak baldintza-agirian eskatutako bermea jarri beharko du, 15 egun balioduneko epean adjudikazioaren jakinarazpena jasotzen duen egunaren biharamunetik kontatuta.
Zenbat irauten du jabari publikoaren emakidak?
Inola ere ezingo da eman mugarik gabeko emakida edo lizentziarik. Emakiden gehieneko iraupena 75 urtekoa izango da; nolanahi ere, emakida bakoitzaren baldintza-agiriek ezarriko dute kasuan kasuko erabilera-epea, eta epe hori luzaezina izango da.
Nola saltzen ditu Gasteizko Udalak bere udal ondarea osatzen duten ondasunak?
Gasteizko Udalak ondasunak besterentzeko prozedura baten bidez sal ditzake bere jabetzako ondasunak. Administrazio publikoen ondareari aplikagarri zaizkion arau erkideen mende dauden dosierrak dira. Bi modu daude:
- Lizitazio-prozedura
- Zuzeneko esleipena, legez bidezkoa den kasuetan
Zein prozedurari jarraitzen dio salmentak?
Besterentzeak lizitazio baten bidez egingo dira, araudi erregulatzailearen arabera.
Lizitazio orotan baldintza-agiriak argitaratuko dira, eta horietan finkatuko dira besterentzea egitean jarraitu beharreko klausulak.
Aurkezteko epea bukatutakoan, baldintza-agirian aurreikusitako balorazio-batzordea eratuko da, zeinak gaitasun-betekizunak betetzen diren egiaztatuko baitu, ustiatze-proiektuei dagozkien gutun-azalak irekiko, txosten teknikoa egitearren, eta lizitatzaileen proposamen ekonomikoak jasotzen dituzten gutun-azalak jendaurrean agerian jartzeko eguna eta ordua zehaztuko; hori udalaren webgunean argitaratuko da.
Batzordeak bilkura guztien akta jasoko du, eta esleipen-proposamena egingo, Tokiko Gobernu Batzarrak onets dezan.
Esleipendunak baldintza-agirian eskatutako bermea jarri beharko du, 15 egun balioduneko epean adjudikazioaren jakinarazpena jasotzen duen egunaren biharamunetik kontatuta.
Zer gastu hartzen dituzte beren gain lizitatzaileek/esleipendunek emakida- edo besterentze-prozeduretan?
Esleipendunak baldintza-agirietan ezarritako bermea eratu beharko du, ezarritako epean, esleipenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita; jabari publikoko emakiden kasuan, okupatutako jabari publikoaren balioaren % 3 da, eta besterentzeen kasuan, lizitazio-tasaren % 5.
Emakida kontraprestazioarekin eman bada edo jabari publikoko ondasunen erabilera pribatiboari edo aprobetxamendu bereziari dagokion tasa eskatzen bada, kasu bakoitzean adierazitakoa bete beharko da, eta esleipendunak dagokion kanona edo tasa ordaindu beharko du.
Formalizatzeak berekin dakartzan gastu eta zerga guztiak esleipendunaren kontura izango dira: lizitazio-iragarkia ALHAOn argitaratzearen gastuak, notario-gastuak, erregistro-gastuak, zergak eta gainerakoak.
Nola jakin daiteke Gasteizko Udalak ondasunak saltzeko prozedurarik edo jabari publikoaren emakidarik abian duen?
Udalaren webguneko Ondarearen salerosketa eta jabari publikoaren emakidak arloan Prozedura irekiak atala(Beste leiho batean irekiko da) kontsultatuz, edo Ogasun Saileko Idazkaritza Teknikoaren Zerbitzura joz: helbidea: Teodoro Doublang Margolariaren kalea 25; telefonoa: 945.161616 (4005 eta 4009 luzapenak); helbide elektronikoa: gestionpatrimonial@vitoria-gasteiz.org.
Non aurkeztu behar dira eskaintzak?
Gasteizko Udalaren Erregistro Nagusian —Teodoro Dublang Margolariaren kalea 25-behea; 01008 Vitoria-Gasteiz— aurkeztu beharko dira proposamenak, 08:30etik 13:00etara, astelehenetik ostiralera, edo postaz, urriaren 12ko 1098/2001 LEDaren 80.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, prozedura bakoitzean ezarritako epean.
Postaz igorriz gero, bidalketa zein egunetan egin den justifikatu beharko du lizitatzaileak, eta bidalketaren egunean bertan eskaintza egin izana jakinarazi deialdia egin duen organoari, posta elektronikoz (ofertasconcursos@vitoria-gasteiz.org).

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.