Ingurugiro Gaietarako Ikastegia - Vitoria-Gasteizko Nekazaritzako Elikagaien Estrategia
Adierazpena | Aldez aurreko diagnostikoa | Parte hartzeko prozesua | Ekintza planak | Eskola‑jantokiak | Elikaduraren Gizarte Topaketa | Lotura interesgarriak
Gasteizko Nekazaritzako Elikagaien Estrategia eguneratzea
2024an, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Gasteizko Nekazaritzako Elikagaien Estrategia eguneratzeko prozesuari ekin dio, 2030erako Nekazaritzako Elikagaien Sistema Lurralderatuaren Ekintza Plana egiteko. Helburua da Arabako Lautadan elikagaien ekoizpen eta kontsumoko zirkuitu laburrak sustatzea eta eskalatzea, eta lurzorua hobetzen duten eta karbono-bahiketa areagotzen duten ekoizpen-ereduak sustatzea. CROPS4LIFE proiektua esperientzia pilotutzat hartuta, estrategiaren eguneratzeak elkarrizketa-leihoak ireki nahi ditu tokiko nekazaritzako elikagaien sistemako eragile guztiekin, nekazaritza-ekologiaren trantsizioa errazteko.
IGIren datuen arabera, txikizkako salmentatik aurrera, Arabako jatorrizko udalerrian kontsumitutako produktu freskoen proportzioa % 1 ingurukoa dela egiaztatu zen. Kopuru horrek erakusten du Gasteiz erabat integratuta dagoela nekazaritzako elikagaien sistema globalizatuan, non ekoizpen- eta kontsumo-zirkuitu laburrak marjinalak diren. Elikaduraren, jendartearen, ekonomiaren eta klimaren alorretan ditugun helburuak kontuan hartuta, premiazkoa da kopuru hori handitzea, tokiko jatorriko eta ingurumen-inpaktu txikiko elikagaien ekoizpena eta kontsumoa bultzatuz.
Prozesuaren lehen fasea 2024ko irailera arte luzatuko da. Gasteizko nekazaritzako elikagaien sistemako funtsezko eragileekin elkarrizketak egitean datza, sektore horrek gaur egun bizi duen egoerari eta etorkizuneko garapenari buruz dituzten kezkak eta iritziak ezagutzeko. Fase honetan parte hartu nahi baduzu, Ingurumen Gaietarako Ikastegiarekin harremanetan jar zaitezke zure ekarpenak helarazteko edo elkarrizketa bat hitzartzeko (945162696/cea@vitoria-gasteiz.org).
2012-2014 Adierazpena
Vitoria-Gasteiz, nekazaritzako elikagaien sistema jasangarriaren alde
2012 eta 2014 artean elkarte eta herritar gasteiztarrez osatutako talde batek hiriaren etorkizun jasangarriari buruzko hausnarketa-prozesu bat garatu zuen nekazaritzako elikagaien sistema hobetzeko asmoz, lortu nahi den etorkizun horretarako bidean ekin beharreko erronketako bat baita.
Ibilbide kolektibo horrek "Vitoria-Gasteiz, nekazaritzako elikagai-sistema jasangarriaren alde" adierazpenaren idazkuntza ekarri zuen, eta, abiapuntuko egoeraren azterketa oinarritzat hartuz, hainbat ildo estrategiko posible planteatzen ditu elikadura-kate jasangarriagoa definitzeko, produkzio-fasetik hasi eta elikagaien kontsumo- eta bazterketa-faseraino, eraldaketa- eta banaketa-prozesuetatik pasa ondoren.
Sustapen-taldearen ondorioetako bat izan zen udal-mailan parte hartzeko prozesu bat egiteak zuen garrantzia azpimarratzea, prozesuak gasteiztar guztiak inplikatuz ekintza zehatz erabilgarrien definizioan, esparru horretan kontzientziazio-maila areagotzeko eta, pixkanaka, jasangarria eta lurraldeko ezaugarri eta tradizioekin bateragarria izango den nekazaritzako elikagaien sistema bat inplementatzeko.
2015 Aurrediagnostikoa
Vitoria-Gasteizerako nekazaritzako elikagaien estrategia jasangarri baten bidean interes publikoko gaien kudeaketa partekatua eta partaidetuaren alde egin duen apustuaren ildotik, 2014ko martxoan Vitoria-Gasteizko udalaren osoko bilkurak aho batez erabaki zuen Nekazaritzako Elikagaien Udal Plan bat egitea. Horrela, herritarren eskaera bat erakunde-helburu bihurtzen da.
Hortik aurrera, Ingurugiro Gaietarako Ikastegia arduratu zen planaren garapenarekin aurrera jarraitzeaz, eta, parte hartzeko prozesu baten diseinuaren aldez aurreko urrats gisa eta adierazpenaren emaitzak abiapuntutzat hartuz, bidezkotzat jo zuen udalerrian zeuden baldintzen aldez aurreko azterketa bat egitea. Azterketa hori toki-mailako elikagaien estrategia baten garapen-prozesu baten lehen etapa zen, eta adierazpenaren ondorioen bideragarritasuna ebaluatzeko tresnatzat jo zen.
Horren emaitza aurrediagnostikoko (es) dokumentu bat da, etorkizuneko nekazaritzako elikagaien estrategia jasangarria bideragarri eta tokiko errealitatearekin bateragarri egiteko helburuarekin egingo den parte-hartzeko diagnostikorako oinarrizko materiala biltzen duena. Dokumentu hau 2016an egindako partaidetza-prozesuan eztabaidatu zen, eta parte-hartzaileek adostu zuten oinarrizko tresna izango zela elikadura-eredu berria eraikitzeko, alderdi batzuetan datuak falta direla eta sakonago aztertu behar direla jakin arren.
Aldez aurreko diagnostikoarekin batera, laburpen-dokumentu bat egin da, irakurtzeko errazagoa izateko eta herritar guztientzat eskurago egoteko.
Beste dokumentu interesgarri batzuk
> El espacio agrícola entre la ciudad y el campo
2016 Nekazaritzako elikagaien estrategian parte hartzeko prozesua
> Prozesu parte-hartzailearen laburpena (es)
Manifiestuaren sustatzaileen lekukoa hartuta, 2016an partaidetza-prozesu bat jarri zen abian, Gasteizko herritarrekin batera tokiko testuinguruari egokitutako nekazaritzako elikagaien estrategia iraunkorra definitze aldera.
Proposatutako partaidetza-prozesuaren helburua zen 2015ean egindako aurretiazko diagnostikoa balioztatzea eta helburu estrategiko eta espezifikoak zein jarduera jarraibideak zehaztea tokiko eskalan. Prozesuak bost hilabete iraun zuen, 2016ko otsailetik ekainera arte; herritar orori irekitako parte hartzeko 6 saio egin ziren, ingurune birtual batez lagunduta, denek beren iritziak eta ideiak azaltzeko aukera izan zezaten. Azaroan beste lantegi bat egin zen, hausnarketa teorikotik ekintzara igarotzeko urratsak definitzearren.
- T1: Aurrediagnostikoa alderatu eta balioztatzeko tailerra
2016ko otsailaren 23-24
1. tailerraren laburpena - T2: Helbururen tailerra
2016ko martxoaren 15-16
2. tailerraren laburpena / 2. inkestaren emaitzak - M1: Produkzioari buruzko mahai sektoriala
2016ko apirilaren 12
1. mahaiaren emaitzen dokumentua - M2: Kontsumoa eta metabolismoari buruzko mahai sektoriala
2016ko maiatzaren 3
2. mahaiaren emaitzen dokumentua - M3: Banaketa eta merkaturatzeari buruzko mahai sektoriala
2016ko maiatzaren 24
3. mahaiaren emaitzen dokumentua / 3. inkestaren emaitzak - T3: Ekintza-planaren gidalerroei buruzko tailerra
2016ko ekainaren 14
3. tailerraren laburpena - T4: Tailerra: ekintzara bideratutako hurrengo urratsak
2016ko azaroaren 15
4. tailerraren laburpena
Ekintza planak
Partaidetza-prozesuari jarraipena eman behar zaio, eta aurrerapausoak egin hartan lehenetsitako helburuetarantz. Sareko lanean oinarritu behar du horrek, prozesuan sortu den komunikaziorako eta iritzi trukerako espazioa baliatuz, eta haren esentzia eta emaitzak ez ahazten saiatuz une oro. Gasteizerako nekazaritzako elikagaien estrategia iraunkorra eraikitzeko oinarriak deritzon dokumentuak laburtzen du proiektuaren hasieratik gertatutakoa, eta partaidetza-prozesuan sortutako agiriak eta gogoetak biltzen ditu.
Prozesuko parte-hartzaileek baliozkotutako dokumentuak izan behar du abiapuntua, berari dagokiola uste duen pertsona, talde edo erakunde orok han jasotako ikuspegia berresteko aukera izan dezan, eta helburu komuna lortzeko bere ekintza plan propioa eraikitzen hasterik izan dezan. Gasteizko Udala dagoeneko atxiki zaio agiriari, 2017ko urtarrilaren 30ean osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, eta Udalaren Ekintza Plana 2017-2025 landu du, prozesuaren barruan identifikatu diren alderdietatik udal-eskumenen barruan geratzen direnak garatzeko.
Udalbatzak, orobat, Gasteiz Hiriko Elikadura Politikari buruzko Milango Itunari atxikitzea erabaki zuen. Bost kontinenteetako hiriek sinatutako ituna da, zeinek "elikagai sistema iraunkor, inklusibo, indartsu, seguru eta dibertsifikatuak" garatzeko konpromisoa hartu baitute bere gain.
Eskola-jantokiak
Gertuko produktuen eta produktu ekologikoen eskaria areagotzea da udal jardun-eremuetako bat. Bi tresnaren bitartez ari gara lantzen ekintza-ildo hori: sentsibilizazioa eta erosketa publikoa; biak ere ikastetxeetako jantokietan zentratuta.
2018-19 ikasturtean zehar eskola-jantokiek elikadura arduratsua bideratzeko ematen duten aukeraren inguruan hausnarketa egiteko zenbait mintegi egin dira. Eskola-jantokiak elikadura-sistema iraunkor eta arduratsua bultzatzeko lekuak bihur daitezela ahalbidetzea da helburua, bi alderdi aintzat hartzen direlarik: batetik, jantokiek eskola-komunitatearen elikaduran eta osasunean jokatzen duten papera; Bestetik, berriz, elikadura-ohituren ikaskuntzan eta elikadura-sistemaren eta ingurunearen arteko loturaren irakaskuntzan duen funtzio pedagogikoa. Laburpen-agirian ikusi daitekeen bezala, guztira 11 mintegi egin dira zortzi ikastetxetako hezkuntza-komunitatearekin, eta 160 pertsonek hartu izan dute parte.
Bestalde, eskoletako jantokietako janari-erosketak tokiko nekazaritza eta abeltzaintza suspertzeko aukera bat irekitzen du. Horrenbestez, Hezkuntza Zerbitzuaren menpe deuden haur-eskolatako jantokietan elikadura ekologikoa eta gertukoa sustatzea da Udalaren ekintza-planean jasotako ekintzetako bat. Jantokiko erabiltzaile diren haurrei elikadura osasungarria emateaz gain, horien senideen artean ere elikadura ekologiko eta gertukoa sustatu nahi da. Ildo horretan aurrera egiteko asmoz, Menjadors Ecològics elkarteak lagundu egin digu eskoletako menuak aldatzeko eta egokitzeko, batetik sasoiko produktuetara, eta bestetik dieta osasungarrira. Menu horiek osatzeko elikagaien lizitazio publikoak aintzat hartzen ditu zenbait ingurumen-irizpide, bai eta produktu ekologikoen hornidura ere.
Elikaduraren Gizarte Topaketa
2007az geroztik urtero egiten da ekitaldia, Zadorra Fundazioak —dagoeneko desagertua— eta Slow Food Arabak antolaturik eta Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren babesarekin. Gure hirian tokiko elikadura iraunkorragoa eta kontsumo kontzienteagoa eta arduratsuagoa sustatzeko helburua du. Urte hauetan, publiko mota ezberdinetarako hainbat jarduera antolatu dira, herritarrak janarien jatorrira hurbiltzeko eta tokiko ekoizleen lana nabarmentzeko asmoz.
Azken edizioak:
- Elikaduraren XI. Gizarte Topaketa, 2017 - 2017 balantzea
- Elikaduraren XII. Gizarte Topaketa, 2018 - 2018 balantzea
- Elikaduraren XIII. Gizarte Topaketa, 2019 - 2019 balantzea
- Elikaduraren XIV. Gizarte Topaketa, 2020 - 2020 balantzea
Lotura interesgarriak
- Janari xahuketaren kontrako europar plataforma
- Ikastetxeetan janari xahuketa murrizteko gida praktikoa
- Janari xahuketa murrizteko gida praktikoa kontsumitzaileentzat
- Janari xahuketari buruzko ekimen nazional eta nazioartekoen katalogoa
- A good food plan for Bristol
- London food strategy
- Food Cardiff
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.