UNE arau bat argitaratu da botatzeko toallatxoetarako

2020ko urtarrilaren 22an

Toallatxoak komunetik behera botatzeko ohitura kezkagarria da

Hiriko ur zerbitzuen operadoreak aspaldi ari dira kezka adierazten toallatxoak komunetik behera botatzea ohitura orokortua delako. Ingurumenean duen inpaktu handiaz gain, buxadura handiak sortzen dituzte estolda sarean, eta urtean milaka milioi euroko gastua eragiten dute mundu osoan, hoditeria eta hodi biltzaileak mantentzeko. Komunetik behera zer bota daiteke eta zer ez? Galdera horri argi erantzutea funtsezkoa da horrelako arazoak ekiditeko.

Arrazoi hori tarteko, Ur Hornidura eta Saneamenduko Espainiako Elkarteak (AES) gidatutako Batzorde Tekniko batek UNE 149002 estandarra aurkeztu zuen, apirilean: “Komunetik behera bota daitezkeen produktuak onartzeko irizpideak”. Uraren eta paperaren Espainiako sektoreek sustatutako arau bat da, zeinean adierazten baita toallatxo hezeak eta komunetik behera bota daitezkeen bestelako produktu batzuek hainbat baldintza bete behar dituztela, euren osagaiei eta sedimentatu, sakabanatu, desintegratu eta biodegradatzeari dagokionez. Halaber, arauak zehaztu egiten du nola etiketatu behar diren eta zer mezu helaraz daitezkeen komunean erabili ohi diren horrelako produktuak komertzializatzean, helburua izanik inplizituki edo esplizituki botatzeko moduko produktutzat aurkezten diren horiek komunean amaitu ez dezaten, ez dituztelako eskatutako baldintzak betetzen eta, ondorioz, ez dutelako Ingurumena errespetatzen.

AMVISAk hiri uraren sektoreak bultzatzen duen sentsibilizazio kanpainari atxikitzeko adierazpena sinatu du, “Ez elikatu estoldetako munstroa”, komunetik botatzeko egokiak ez diren produktuei buruz.

Ondorioz, toallatxoen eta komuneko papera ez bezalako beste produktu batzuen erabilera dela eta, herritarrei eskatzen diegu egiaztatu dezatela horiek egiazki botatzeko modukoak direla, etiketetako informazioari erreparatuta, eta onartutako araua betetzen duela egiaztatzen ez duen produktu oro ez dezatela komunetik behera bota. Zalantzarik egonez gero, aukerarik onena beti da zakarrontzira botatzea.

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.