Uraren Mundu Eguna

2022ko martxoaren 22an argitaratua

Ura Nazio Batuak aitortutako giza eskubidea dela gogorarazi du AMVISAk.

Martxoaren 22an, Uraren Mundu Eguna ospatzen da, oinarrizko ondasun horren garrantzia gogoratzeko. Munduan dagoen ur-krisiaz kontzientziatzeko eguna da, baita 2030a baino lehen giza eskubide hori bermatuko duten neurriak bilatzeko beharraz kontzientziatzeko ere, garapen iraunkorreko 6. helburua lor dadin: pertsona guztiek ura eta saneamendua izatea. Nazio Batuek azpimarratu dutenez, jarduera sozial eta ekonomiko guztiak neurri handi batean ur gezaren horniduraren eta kalitatearen mende dauden arren, 2.200 milioi pertsona bizi dira oraindik edateko urik gabe.

Aurten, Uraren Mundu Egunak lurpeko uretan jarri du arreta, horiek gabe ez bailegoke bizitzarik, ezinbestekoak baitira ekosistemek, hezeguneek eta ibaiek funtzionamendu egokia izan dezaten. Hori dela eta, bi arazo garrantzitsutik babestu behar direla azpimarratzen dute Nazio Batuen Erakundeak: gehiegizko ustiaketa –euria eta elurra tarteko hartzen duten ur kopurua baino gehiago ateratzea– eta kutsadura, izan ere horiek baliabidea agortzea, tratamendua eta berroneratzea garestitzea eta erabilera geldiaraztea eragin baitezakete.

Gasteizko udalaren laguntza

Udalak lagundu egiten du giza-eskubide hori berma dadin, eta horretarako, garapen bidean dauden lurraldeetan ur- eta saneamendu arloko 8 proiekturako laguntza eman zuten AMVISAk eta Udalak iaz.

1. Tabla: Ur eta Saneamendu proiektuak
Entitate kudeatzailea Proiektuaren izena
Nazioarteko Elkartasuna–Solidaridad Internacional / Haaly Pular Ur eta saneamendua izateko giza eskubidea Hericon (Ginea)
Alboan Fundazioa. Ura bakerako, Cauca bailarako hiru landa komunitatetan (Kolonbia)
Serso Euskalherria Edateko ura, Jutiapako 4 landa komunitatetan (Honduras).
Arabako Medicus Mundi H2O-Chiara: Ura eta saneamendua, Ayachucoko mendizerrako  3 landa-eremutan (Peru)
IC-LI Saneamendurako giza eskubidea, Kajchiri komunitatean (Bolivia)
Euskal Fondoa Edateko ur-sistema jartzea, San Francisco Menéndezen (El Salvador)
Euskal Fondoa Edateko ura eta saneamendua hornitzea, Jocoaitiquen (El Salvador)
Euskal Fondoa AKUAL programa (El Salvador eta Erdialdeko Amerika)

Kontsumoa jaitsi egin da

Uraren Mundu Eguna ospatzea aukera ona da Gasteizen uraren kudeaketarekin lotuta dauden eta herritarrek erantzun aktiboa ematerik duten arazoez eta errealitateez sentsibilizatzeko.

Kontsumoari dagokionez, AMVISAk eta Gasteizko udalak eraginkortasunaren aldeko apustuari eusten diote. Udalaren instalazioetan, “Ezinbestekoa kontsumitu, etorkizuna eraiki” mezua zabaltzen hasi da uraren erabilera egokia sustatzeko.

Ildo horretan, 2021eko datuen arabera, banaketa-sarean sartutako edateko uraren guztizko bolumena 18,457 milioi m3 da, 2020ko bolumena baino % 0,6 gutxiago. Etxeko kontsumoa, kontsumo totalaren % 59a denak, 108 litro baino apur bat gehiagokoa izan zen biztanle eta eguneko. Pandemiaren ostean pixkanaka normaltasunera itzultzen ari garela islatzen du datu horrek, izan ere, 2020an 113 litro kontsumitzen baitziren biztanle eta eguneko.

Saneamenduari dagokionez, etxeko isurketa kutsatzaileen inpaktuaz kontzientziatzea dugu erronka, gure estolderia-sareetara joaten baitira, gu horretaz kontziente izan gabe. “Kutsatzaile izendatu berria” deiturikoa da, maiz hustubideetatik edo komunetik botatzen diren kosmetiko, garbikari, botika eta olioetan dauden substantziek sortutakoa. Araztegiek ezin dute kutsadura mota hori araztu, eta ondorioz ibai eta akuiferoak kutsatzen ditu.

AMVISA arazo horren gaineko sentsibilizazio-lantegiak egiten ari da ikastetxeetan eta EHUn, eta 2021-2022 ikasturtean 407 ikaslek hartuko dute parte horietan. Era berean, herritarrei ere arduraz jokatzeko eskatzen zaie, komuna ez dezatela zabor-ontzi bihurtu, eta substanzia horiek bilketa- eta birziklatze-guneetan utzi ditzatela.

Txorrotako ura

Kontsumo eraginkorrari eta jardunbide egokiei beste jardunbide egoki bat gehitu behar zaie: txorrotako uraren kontsumoa. Gasteizko biztanleen % 90ak txorrotako ura edaten duela adierazten badu ere, plastikoak ingurumenean duen eragina dela eta, herritarrak txorrotako ura edatera animatzen jarraitu behar du AMVISAk – ohitura osasungarri, merke eta ingurunearekiko errespetuzkoa den hori hartzera–, sareko uraren kalitateari balioa eman eta hondakinen sorrera murrizten baitu.

Azkenik, badira uraren kudeaketa jasangarrirako funtsezkoak diren beste erronka batzuk ere, eta AMVISA horretan ari da lanean: sareak berritu eta optimizatzea, egungo etekinak % 90etik gorakoak izan daitezen; fakturazio elektronikoa bultzatzea; klima-aldaketara egokitu beharra; edo uraren zikloari lotutako energia-kontsumoak murrizteko neurriak hartzea, besteak beste.

Akual

Uraren Mundu Eguna dela eta, Akual programa aurkeztuko da arratsaldean, Goiuri jauregian.  Uraren eta saneamenduaren arloko garapenerako  lankidetza- programa da, eta AMVISAk eta Garapenean Laguntzeko udal Zerbitzuak hartzen dute parte, beste euskal erakunde publiko batzuekin eta El Salvador, Costa Rica eta Euskadiko ur arloko eragileekin batera.

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.