Jabetze Femistarako Eskolari buruzko galderak

Zer da Jabetze Feministarako Eskola?

Eskolan, prestakuntza-jardueren multzo zabala eskaintzen da (hitzaldiak, ikastaroak, lantegiak eta irakurle-klubak), eta emakumeak gizonei dagokienez egiturazko menderakuntza-egoeran daudela ikusaraztea eta horren gaineko kontzientzia zabaltzea da xedea. Batzuen eta besteen artean dauden desberdinkeriak zalantzan jartzetik abiatzen da, eta egiturazko bestelako diskriminazio-iturriei ere begiratzen die; hala nola, aniztasun funtzionala, etnia, gizarte-maila, sexu-joera eta genero-identitatea direla-eta ezartzen diren diskriminazioak kontuan hartzen dira. Halaber, Eskolak haurrei eta nerabeei zuzenduriko jarduerak eskaintzen ditu #Feminismoan Itzel(Beste leiho batean irekiko da) programazioaren barruan.
Non lor dezaket Eskolaren programazioa?
Bada, vitoria-gasteiz.org/eskolafeminista atarian, ikasturte bakoitzerako antolatzen diren jarduerei buruzko informazio xehea aurkituko duzu (hitzaldiak, antzerkia eta dokumentalak; zineforumak; ikastaroak eta lantegiak; eta irakurle-klubak). Era berean, bertan eman ahalko duzu izena aurretik inskribatzea eskatzen duten ikastaro eta lantegietan, edo lekurik dagoen ikusi.
Nola prestatzen da programazioa?
Urtero, maiatzaren eta ekainaren artean, Berdintasunerako Zerbitzuak bilera estrategikoa egiten du Eskolarekin aritu ohi diren elkarteekin, zeinek haien proposamenak egiten dituzten, aurreko ikasturteko ebaluazioaren eta landu nahi edo behar dituzten gaien arabera. Era berean, elkarte eta prestatzaile zehatzekin elkartzen da, egindako jarduera baloratu eta, hori oinarri hartuta, hurrengo ikasturterako proposamena egiteko xedez. Azkenik, ikasturtean zehar jasotako bat-bateko proposamenekin elikatzen da Eskola, bai eta Berdintasunerako Zerbitzuak berak, sustatzen dituen politiken alderdi estrategikoak aintzat harturik, zuzenean egindakoekin ere.
Non egiten dira Eskolaren jarduerak?
Etxanobe Jauregia-Emakumeen Etxean (Santa Maria kalea 11). Hala ere, jende gehiago biltzen duten jarduerak (hala nola, kontzertuak edo antzerkiak) gizarte-zerbitzuetako areto nagusietan edo antzokietan egiten dira. Eta zineforumak Florida zinema-aretoetan egiten dira, baldintza teknikoak eta erosotasunak direla-eta.
Eta hitzaldiren bat galtzen badut?
Grabaketa guztiak daude jasota, Espainiako zeinu-hizkuntzan eta gorrei egokitutako azpitituluekin, edo vitoria-gasteiz.org/berdintasuna atarian (Bideoteka menuan), edo, zuzenean, hemen: http://v-g.eus/2icCqSD
Zein ildo estrategikok gidatzen dute Eskolaren programazioaren diseinua?
Honako hauek:

- Feminismoa
- Genero-ikuspegia
- Indarkeria matxistaren prebentzioa
- Sexu-joera eta genero-identitatea
- Kulturartekotasuna eta elkartasuna
- Kultura berriro definitzea
- Identitatea, subjektibotasuna eta balio-aldaketa
- Komunikazioa eta trebetasunak
Nola eman dezaket izena Eskolaren ikastaroetan eta lantegietan?
Hiru modu dauzkazu:
- 010era deituta (edo 945 161 100 telefono-zenbakira deituta, Gasteiztik kanpo bazaude)
- Gizarte-etxeetan eta kirol-instalazioetan
- vitoria-gasteiz.org/eskolafeminista webaren bidez

Ikastaro eta lantegi guztietan ez da izena eman behar, baina bai gehienetan, toki-kopuru mugatua edukitzen baitute (normalean, 25), xedeak bermatu ahal izateko eta bertaratzen direnek parte hartzea errazteko.

Inskribatu ondoren, bi eguneko epea daukazu ordainketa egiteko. Txartelaren bidez egin dezakezu, edozein gizarte-etxetan edo kirol-instalaziotan, udalaren webean edo banku-kontuan dirua sartuz. Izena ematen duzunetik bi egun igarotzen badira ordainketa egin gabe, gordetako tokia galduko duzu.

Nola esleitzen dira Eskolaren jardueretako tokiak?
Iritsiera-ordenan, zozketarik egin gabe. Tokiak agortzen badira, ez da itxarote-zerrendarik sortzen. Bestalde, har ezazu kontuan jarduera bakoitzean ezartzen diren betekizunak bete behar dituzula (adina, sexua/generoa edo elkarte zehatz batekoa izatea).
Zenbat balio du izen-emateak?
Udal-zentroetan berdintasunerako jarduerak eta ikastaroak egiteko ordenantza fiskalek ezartzen dute Eskolaren ikastaroen eta lantegien prezioa (orduko). Informazioa jardueretan aurkituko duzu.

Langabezian bazaude, dagokion prezioa % 15 murrizteko aukera duzu. Nahikoa da Lanbideren «izen-emate aldiko ziurtagiria» aurkeztea, jardueran izena eman aurreko zazpi egunetan jaulkitakoa.

Gizarte-babesgabetasuneko egoeran bazaude, jarduerak doan izatea eska dezakezu, gizarte-zerbitzuen ziurtagiria aurkeztuta.

Zergatik ordaindu behar dira ikastaro eta lantegi batzuk eta ez beste batzuk?
Eskolan, Gasteizko elkarteek eta kolektibo sozialek berariaz proposatutako jarduerak ere egiten dira. Lankidetza horrekin, prestakuntza-arloko interesen eta premien zati bat estaltzeaz gain, hiriko ahalduntze kolektiboari eta elkartze-ehundurari lagundu nahi zaie. Hori dela-eta, Berdintasunerako Zerbitzuak nahiago du jarduera horiek doan eskaini, zeinak, batzuetan, jarduerak proposatzen dituzten antolakundeetakoak eta taldeetakoak ez diren pertsonei ere irekita egoten diren.
Izen-emateen kopurua nahikoa ez izateagatik jarduera egin ezin bada, ordainketaren zenbatekoa itzuliko didate?
Gutxieneko inskripzio-kopurura iristen ez diren jarduerak bertan behera utzi ahalko dira. Hori gertatuz gero, abisatu egingo dizugu, eta abonatutako kuota itzultzea eskatzeko zer egin behar duzun azalduko dizugu: gizarte-etxe batera edo kirol-instalazio batera joan beharko duzu, eta fitxa bat bete, Udalak itzulketa egiteko kontuaren zenbakia jarrita. Horrelakoetan jarduera ofizioz ezezten denez, ordaindutako zenbatekoaren % 100 jasotzen da.
Azkenik jarduerara joan ezin banaiz, inskripzioaren ordainketa itzuliko didate?
Jardueran izena eman baduzu baina azkenean joan ezin bazara, jarduera hasi aurretik jakinarazi beharko duzu. Hala egin ezean, abonatutako kuota galduko duzu. Ikastaroa hasi aurretik jakinarazten baduzu bertaratuko ez zarela, ordaindutako zenbatekoa itzuliko dizugu, % 15 kudeaketa-gastu gisa kenduta. Mesedez, joango ez bazara, ahalik eta lasterren esan, lekua libra dadin eta beste pertsona batek har dezan.

Eta informazio gehiago edukitzeko?
Parte-hartzaileen, prestatzaileen eta Eskolarekin lankidetzan aritzen diren elkarteen balorazioekin elikatzen diren memoriak kontsultatu ditzakezu . Bestela, 945 161 345 telefono-zenbakira deitu diezagukezu, edo igualdad.adm@vitoria-gasteiz.orgposta elektronikora idatzi.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.