‘Oporrak bakean’ programak Arabako 40 familiaren elkartasuna lortu nahi du datorren udan adingabe sahararrak etxean hartzeko

2025eko abenduaren 17an argitaratua

‘Oporrak bakean’ programak Arabako familiak mobilizatu nahi ditu, datorren udan Tindufeko (Aljeria) sahararren kanpamentuetatik datozen haurrak etxean har ditzaten. Programak 40 adingaberi arnasaldi eman nahi die uztailean eta abuztuan.

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Araban saharar haurrei familietan harrera emateko elkarteak (Afanis) eta Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkaritzak gaur goizean Arabako familiei dei egin diete datorren udan haur kopuru hori etxean hartu ahal izateko.

Aurten, familia berriak behar dira truke horretaz gozatzeko prest. Oraingoz, Arabako 21 familia harreragilek esperientzia errepikatuko dute, eta elkartasuna adierazi nahi duten beste 19ren bila ari da aldi baterako errefuxiatu sahararren kanpamentuetatik etorritako haur bat hartzeko.

Parte hartu(Beste leiho batean irekiko da)

Aurkezpenean, aurten ’50 urte gure ateak zabalik eta haien esperantza bizirik’ leloa duen kanpainari buruzko datuak eman dira. Oraingo honetan, familiak erakartzeko kanpaina bi hilabete aurreratu da, Espainiako Gobernuak ‘Oporrak bakean’ programaren baitan adingabe sahararren presentzia baimentzeko onetsitako prozedura dela-eta.

Arnasaldia eskaini

1975. urteaz geroztik gabezia handiko egoeran eta erbesteraturik bizitzera beharturik, haur horiek saharar iheslarien kanpamentuetan bizi dira urte osoan Saharako basamortuko Aljeriako Hamada deritzon aldean, bizitzeko lekurik babesgabeetako batean. Programaren helburua da arnasaldi bat ematea, Saharako basamortutik atera ahal izan daitezen udako hilabeteetan, 55 gradu arteko tenperaturak jasan behar izaten baitituzte orduan. Gure lurraldean igarotzen dituzten bi hilabete horiek funtsezkoak dira gero etxera osasun hobearekin eta indarberriturik itzultzeko eta urtearen gainerako aldiari indar handiagoarekin aurre egin ahal izateko.

Duela 20 urte baino gehiago hasi zenetik, programak aukera ematen die haur sahararrei bestelako uda batez gozatzeko, bai eta Arabako gizartean kultura trukea eta Saharako herriaren egoerari buruzko sentsibilizazioa sustatzeko ere. Gainera, egonaldian jarduera ludikoetan, heziketakoetan eta kirolekoetan parte hartzen dute. Horrez gain, arreta medikoa eta hortzetakoa jasotzen dute, funtsezkoa baita haien osasunerako eta ongizaterako, bai eta patologia medikoak prebenitzeko ere.

Era berean, Arabako gizarteak aukera du Saharako kanpamentuen errealitatea eta Saharako herriak pairatzen duen abandonu egoera ezagutzeko, eta horrek milaka familiak bertan bizi dituzten baldintza gogorrekin solidario izatea ahalbidetzen du.

Alde baterako harrera egiteko programan parte hartu nahi dutenek telefono hauetara dei dezakete: 650 134 011 eta 665 711 947; edo Afanis(Beste leiho batean irekiko da) elkartearen web orrian kontsultatu.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.